NAIZ

Azazetan fusilatutako 16 herritarrak gogora ekarri dituzte, 84. urteurrenean

Bi ekitaldi ezberdinetan, Arabako erakunde eta alderdi politikoek 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 1era Azazetako portuan fusilatu zituzten 16 preso politikoak ekarri dituzte gogora.

1937ko martxoaren 31tik apirilaren 1era Azazetako portuan fusilatu zituzten 16 preso politikoak ekarri dituzte gogora. (Endika PORTILLO / FOKU)
1937ko martxoaren 31tik apirilaren 1era Azazetako portuan fusilatu zituzten 16 preso politikoak ekarri dituzte gogora. (Endika PORTILLO / FOKU)

Arabako erakunde eta alderdi politikoek frankismoaren biktimak gogoratu dituzte asteazken honetan, bereziki 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 1era Azazetako portuan fusilatu zituzten 16 preso politikoak, tartean Gasteizko alkate izandako Teodoro Gonzalez de Zarate errepublikanoa.

Bi omenaldi antolatu dira. Bata ‘Isiltasunean oihuka’ eskulturaren ondoan egin da. Ekitaldi horren buru izan dira Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Ana Agirre Lakuako Justizia sailburuordea eta udal talde guztietako ordezkariekin batera.

Urtaranen hitzetan, Gasteiz «oso konprometitua» dago giza eskubideekin, «biktima guztien errekonozimendua» aldarrikatu du.

Bestetik, handik metro gutxira, Santa Barbara Plazan, EH Bilduk, Ahal Dugu-Podemosek, Ezker Anitzak eta Equo-Berdeakek beste ekitaldi bat egin dute.

Hauek izan ziren fusilatuak: Teodoro Gonzalez de Zarate, Gasteizko alkatea 1931 eta 1936 artean, Izquierda Republicana alderdiko afiliatua; Francisco Diaz de Arcaya, PSOEko zinegotzia; Jose Luis Abaitua, EAJko buruzagia; Victor Alejandre, Alderdi Errepublikano Erradikal Sozialistako militantea; Eduardo Covo, Telegrafoseko langilea; Jaime Conca, Gasteizko oliogilea eta Jose Domingo Elorza, PSOEko afiliatua, Constantino Gonzalez langilea, Francisco Garrido, CNTn afiliatutako doitzailea; Prisco Hermua, CNTn afiliatutako jornaleroa; Antonio Garcia, mekanikaria; Jesus Estrada, mekanikaria eta PCEn afiliatua; Daniel Garcia de Albeniz, Maeztuko nekazaria, CNTn afiliatua; Manuel Jose Collel, Union Republicanan afiliatutako tren-langilea; Manuel Hernandez, trenbide-langilea eta Casimiro Cerrotecntecaria.

Guztiak Gasteizko espetxean zeuden atxilotuta, eta martxoaren 31ko gauean aske utzi zituzten, Ordena Publikoko ordezkariaren aginduz. Espetxearen kanpoaldean guardia zibilek, erreketeek eta falangistek atxilotu zituzten berriro, bi autotara igo eta Azazetako portura eraman zituzten. Han fusilatu eta hobi batean lurperatu zituzten.