40 erizain, erdiak goizez eta beste erdiak arratsaldez, ariko dira lanean Bilboko La Casillan muntatu duten «txertodromoan». Asteazken honetan ireki dute eta asmoa da egunero AstraZenecaren 3.500 dosi jartzea, jaiegunetan barne.
Bilbo eta Basurtuko ESI erakundeko Erizaintzako Zuzendaritzako kidea da Ascen Rodriguez. Bera arduratu da txertodromoa zabaltzeaz. Zehaztu duenez, goizeko zortzietatik gaueko hamarretara jarriko dituzte txertoak, egunero, baita aste santuan ere. Egindako aurreikuspenen arabera, egunean 3.500 dosi jarriko dituzte gutxi gorabehera.
Joan den asteartean proba pilotu bat egin zuten. «Oso ondo» funtzionatu zuen. Halere, 400 txerto jarri zituzten. Asteazken honetan, aldiz, 800 ematea dute xede. «Gehitzen joango gara eta larunbat, igande eta astelehenean %100ean lan egingo dugu eta 3.500 dosietara iritsiko gara».
Txertodromo honetan AstraZeneca txertoa jasotzen ari direnak erabakitako oinarrizko taldeetako kideak eta 65 urtetik gorako lagunak dira. «Osasun Zientzietako langileak, taxilariak, irakasleak eta oinarrizko talde ezberdinak txertatzen ari gara, duten adina dutela», azaldu du Rodriguezek.
Bikoiztu daiteke
Espazioari dagokionez, behar izanez gero bikoiztu egin daitekeela nabarmendu du, hala bi aldiz jende gehiago txertatzeko.
Erantsi duenez, «alternatiba guztiak» bilatuko dituzte txertatze beharrei erantzuteko, «txertoak baldin badaude betiere». «Txertoak egonez gero, Osakidetzaren eta ESIen aldetik ez da inongo arazorik egongo eta behar den bezala antolatuko dira», azpimarratu du.
La Casilla zenbat denboraz baliatuko duten ez dakite. Txertatze erritmoaren arabera izango da. Printzipioz, ekainerako edo uztailerako dena egina egotea espero dute, baina «ezin bada, Osakidetzaren eta ESIen aldetik, behar den denbora guztia egongo gara».
Txertaketa BECen
Halaber, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Barakaldoko BEC ere txertaketa gune izango dela iragarri du asteazken honetan. 5.000 dosi jartzeko gaitasuna izango du.
Osasun Batzordea osatzen duten legebiltzarkideen aurrean azaldu duenez, Ezkerraldea eta Uribealdeko 65 urtetik beherako bizilagunek jasoko dute txertoa.