Bi kamiseta, futbola bizitzeko era bakarra duen herrian

Munduko edozein puntatan topa daitezke Athleticen eta Realaren zaleak. Baita etxe berean ere. Asko dira Euskal Herrian zuri, gorri eta urdin koloreak batzen dituzten familia eta kuadrillak. Talde bien arteko lehia pasioz baina, batez ere, amorez eta umorez ulertzen dutenak.

German, Ander eta Rafa, Ermuko Karabixa tabernan. (Gorka RUBIO / FOKU)
German, Ander eta Rafa, Ermuko Karabixa tabernan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Hainbat eta hainbat euskal herritarrek bezala, Kopako finala pasioz biziko du Ander, German eta Rafa ermuarren kuadrillak. Baina batzuen emozioak pozarekin amaituko dira eta besteenak penarekin, lagun-talde honetan zuri, gorri eta urdin koloreak batzen baitira. Halako familia eta kuadrilla asko dago Euskal Herrian, talde bien arteko lehia amorez eta umorez ulertzen dutenak.

Hogei lagun inguru dira –erreportaje hau egiteko, covid-19aren ondoriozko murrizketak direla-eta, hirurekin besterik ez gara elkartu–, athleticzaleak eta realzaleak. «Eta pare bat Real Madrilgo eta Bartzelonakoak ere badaude; horiek lasaiago egongo dira larunbatean», azaldu du Germanek irribarrez. Bera eta Rafa zuri-gorri amorratuak dira. Bazkideak, San Mamesera bueltatzeko irrikitan daudenak, beraien taldeak jokatu dituen azken finaletara joandakoak... eta lagunen pozarekin pozteko prest daude. «Zergatik ez? Lehenik eta behin, lagunak gara. Irabazi nahi dugu, hau eta hurrengoa. Baina galtzen badugu, gure lagunak oso pozik egongo dira, guk ospatu nahiko genukeena ospatzen. Bada, eurengatik poztuko gara».

Guztiz ados dago Ander. «Egia da arraroa dirudiela, baina horrela da. Galduz gero, amorratuta egongo naiz, seguru asko Real Madrilen edo Bartzelonaren kontra galduko bagenu baino gehiago. Baina aldi berean, gu txapeldun ez bagara, nahiago dut Athletic izatea kanpoko talde bat baino, lagunengatik eta euskal talde bat delako». Azken finean, bizkaitarra da. «Baina betidanik izan naiz realzalea. Realak Ligak irabazi zituenean bost edo sei urte nituen; orduan hasi nintzen pixka bat futbolarekin eta seguruenik horregatik izango zen. Bueno, eta Donostian jaiotakoa naiz; agian horrek ere zerikusirik izango du, auskalo. Baina ez naiz bakarra. Hemen txuri-urdin asko daude; ermuarrak dira, bizkaitarrak, baina realzaleak. Leihoetan zintzilikatu diren banderak ikusi besterik ez duzu, zuri-gorriak gehiago dira, baina denetik dago. Eta batzuk badaude, talde batekoak zein bestekoak, ez dutenak ezer jakinnahi aurkariarekin, baina gehienok naturaltasunez hartzen dugu, gustura gainera».

Ermuar hauen ustez, euren kasua ez da bakarra eta hainbat familia eta talde «kolorebakarretan» lehia bizitzeko era antzekoa da, batzuetan ikus daitekeenaren kontra. «Agian, mugan bizi garelako, gipuzkoarrekin harreman handia daukagulako, hemen ere asko bizi direlako, guk ere Eibarren ikasi genuen... Errazagoa egiten zaigu naturaltasunez hartzea. “Pike sanoa” dago, saltsa, txantxak... baina marra gorriak pasatu barik. Eta nik pentsatu nahi dut gurea bezalako kuadrillak ez direla salbuespena», esan du Germanek. «Derbietan sortzen den giroa ikusi besterik ez dago», gaineratu du Rafak.

Izan ere, hori da lagun hauen pena handienetakoa, «ezin erakustea euskal herritarrok futbola nola bizi dugun», esan du Anderrek. «Guk hemen badakigu nola bizitzen ditugun derbiak, zer nolako giroa sortzen den... Baina hemendik kanpo jendeak ez du ikusi eta aukera ona izango litzateke nolakoak garen erakusteko».

«Sevillan ere penatuta egongo dira, ba –dio Rafak–. Athleticen aurreko hiru finaletan egonak gara eta kristorena izan zen. Valentzian ‘Athletic hiria’-n garagardoa eta guzti amaitu zen; hiri osoa zuri-gorriz tindatu genuen. Sekulako jaia eta giroa sortu izan dugu finalak izan diren hirietan. Eta iaz, Athletic eta Reala sailkatu zirenean, poza bikoitza izan zen. Edo hirukoitza. Alde batetik, gure taldeak berriro ere finala jokatu behar zuelako eta, bestetik, Realaren kontra zelako, eta horrek eskaintzen zigun aukeragatik esperientzia paregabe bat bizitzeko. Aurrekoak ikusita, zer ez litzateke izango horrelako final batek sor lezakeena». Lagun hauek, izan ere, talde biak finalerako sailkatu bezain laster egin zituzten euren planak. «Autokarabanak hartu genituen, lagun guztiak familiekin joateko. Atzeratu zutenean, badaezpada mantendu egin genituen planak. Egoera hobetuko zen itxaropena geneukan, baina azkenean dena bertan behera geratu da. Pena izugarria, egia esan. Ea datorren urteko finalerako ere biak sailkatzen diren, edo bi urte barru badaezpada, eta orduan, bai, ea behar den moduan disfrutatzeko aukera dugun».

Aurtengoak ez du aukera handirik eskaintzen, zentzu horretan. Are gutxiago, Ermuan, gune gorrian dagoenez murrizketak zorrotzagoak baitira. Rafak ez du larregi nabarituko, futbol zelaiek zaleentzat itxita jarraitzen duten bitartean «partidak beti etxean ikusten ditudalako. Oso oso urduri jartzen naiz eta nahiago dut etxean lasai ikusi». Gainontzekoek nahiago dute elkarrekin ikusi, «taberna batean, ahal zenean behintzat, edo etxean», baina final historiko honen emozioak senideekin besterik ezin izango dituzte partekatu. Solasaldia, ziriak eta zorionak «whatsapp taldera mugatu beharko dira». Eta ospakizunekin gauza bera gertatuko da. «Bi hilabete barru edo amesgaizto hau amaituko balitz, ospatuko genuke. Baina nola gauden ikusita... –onartu du Germanek–. Etxean oihukatu, lehendabizi urduritasuna askatzeko eta gero ospatzeko, eta kito». «Bueno, balkoi eta leihoetan gutxienez ospatuko dugu –gaineratu du Rafak–. Eta galtzen badugu, lagunak zoriondu. Baina nik uste dut eurek zoriondu beharko gaituztela, Athleticek irabaziko duelako». Hori da hiru lagun hauek ados jartzen ez diren puntu bakarra.