Haritz Larrañaga

Euskal Herrian da «kutxa bira» Argentinan bildutako amets eta aldarrikapenekin

Baionako Etxepare lizeoko ikasleek eman diote ongi etorria Argentinatik iritsi berri den kutxari. Apirilaren 8an egitekoa zen ekitaldia aurreratu behar izan dute Estatu frantsesean ezarri diren osasun neurri berrien aitzinean.

Rocio Basterra argentinarrak ekarri du Kutxa Bira Euskal Herrira. Bob EDME
Rocio Basterra argentinarrak ekarri du Kutxa Bira Euskal Herrira. Bob EDME

Iritsi da Euskal Herrira martxoaren 20an Argentinan hasi zen ‘Bizi gira...Kutxa Bira’ ekimen ibiltaria. Atzo iritsi zen Rocio Basterra argentinarraren eskutik, Amets Arzallus bertsolariak idatzitako mezu nagusia, zein Argentinako Patagonian bildutako hainbat amets eta aldarrikapen gordetzen dituen kutxa. Hasiera batean harrera apirilaren 8an egin behar zioten arren, Estatu frantsesean ezarriko den konfinamendu berri baten aitzinean ongi etorri ekitaldia apirilaren bian egitea erabaki zuten Bernat Etxepare lizeoko ikasleek. 

Segurtasun neurriak betetzeko ohartarazpenak egin ostean, «besterik gabe, Argentinatik datorren kutxari ongi etorria emango diogu», iragarri du aurkezpen lanak egin dituen Asier Arbelaitz ikasleak. Ostean, itzelezko txalo zaparrada jaso du Rocio Basterrak Baionako Bernat Etxepare lizeoko sarrera zurezko kutxarekin iragan duenean. Han zituen zain 400 ikasle eta irakasle inguru, eta aurreskua dantzatzeko prest ziren bi dantzari.

Erdigunean Euskal Herriko armarria zuen ikurrina batekin estalitako mahaitxo baten gainean utzi du Basterrak Argentinako Viedma herritik ekarritako kutxa eta segidan, «Baxoa euskaraz» leloa zuten  kamiseta berdeekin ziren bi ikaslek dantzatu dute aurreskua.

Argentinarrak bere ikasleek idatzitako bertsoa abestu du ahots ederrarekin. «Patagonian eta munduan euskaraz ikas dezagun» esaldiarekin amaitu du bertsoa eta entzuleek berekin batera errepikatu dute azken esaldia txaloekin erritmoa azkartuz. «Ez dut izan inoiz nire bihotza hainbeste taupadarekin», aitortu du Basterrak hunkituta.

Itzelezko ekitaldia

Urtean zehar prestatu dituzten dantza eta ikuskizunen txanda iritsi da jarraian. Itzelezko ikuskizuna eskaini dute Bernat Etxepare lizeoko ikasleek, dantza eta musika herrikoiak mugimendu eta doinu modernoekin partekatuz. Makil dantza, baso dantza, bastoiak airera botatzeko dantza bitxia, eta binakako zein taldekako dantzak. «Rap dantzariak» balira bezala aritu dira, baina euskal dantzak garai berrietara egokituz. Denetik egin dute ekitaldian parte hartu duten 40 bat dantzarik eta musikarik, eta gehienek kamiseta berdea zuten soinean, «itxaropenaren kolorea», azaldu du txantxetan ikusleen artean zen ikasle batek.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleek haien amets eta aldarrikapenak kutxan sartzeko unea iritsi denean baino ez dute arnas paur bat hartu denetariko instrumentuak jotzen zituzten musikariek. «Euskaraz bizi eta ikasi ahal izateko aldarrikapenak» zerrendatu ditu hizlari batek. «Seaska sortu zutenek bezala, eskuz-esku lan egitea ezinbestekoa da», ohartarazi du bigarren hizlariak. Eta hirugarrenak, atxilotu eta Ipar Euskal Herritik kanporatu zutenetik lizeora itzuli ezin izan duen Oier Oa hezitzailea ekarri du gogora. «Oier, gurekin behar zaitugu orain!», aldarrikatu dute ozen bere ikasleek.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleen amets eta aldarrikapenak kutxan gorde ostean amaitu da ekitaldia. Horrela, datozen egun eta asteetan Euskal Herriko 71 herritatik pasako da «kutxa bira» eta maiatzaren 30ean Seguran pausatuko da. Egun bat lehenago, ordea, Urruñatik pasako da, izan ere ekimen honen antolatzaile nagusiak urtero «Iparra-Hegoa» ekimena antolatzen duten Segura eta Urruñako herritarrak baitira.

Hurrengo geldialdia Reauko espetxean

Datozen lau asteetan ez dira gehiago itzuliko lizeora Bernat Etxepareko ikasleak, osasun neurri berrien arabera eskolak itxiko baitira Ipar Euskal Herrian, baina horrez gain, tartean oporrak ere izango dituzte. Edonola ere, Argentinatik iritsi den kutxak Euskal herrian lur hartu du eta harrera ekitaldia hasiera batean uste zena baino lehenago egin bada ere, egin ahal izan dutelako gustura agertu dira antolatzaileak.

Baionako ekitaldiaren ostean bigarren geldialdia apirilaren 10ean izango da, Euskal Herritik 800 kilometrora dagoen Pris hegoaldeko Reauko espetxean, bertan diren esukal presoek ere parte hartzeko izena eman baitzuten. Horren ostean, berriz ere Euskal Herrira itzuliko da amets eta aldarrikapenen kutxa, eta hirugarren geldialdia Itsasun (Lapurdi) egingo du. Horren ostean, herriz-herri, eskuz-esku mugitzen jarraituko du kutxak, esan bezala, Seguran namaitu arte.