Iritsi da eguna. Euskal finala hasteko gero eta gutxiago falta da eta erraz sumatu daiteke giro berezia. Bizkaiko herrietan zuri-gorria da nagusi, zaila da kolore txuri-urdinak ikustea. Hala ere, egon badaude eta askotan ikurrina batekin batera egoten dira. Hemen herri bat dagoela erakusteko balioko baitu ere Kopako finalak. Ildo horretan, deialdiak zabaldu dira sare sozialetan partida atarian txistu egiteko espainiar Estatuko ereserkiari eta bi taldeak ikurrinarekin zelairatzeko eskatuz.
Ziur zale askok urduri igaro dutela gaua. Lo egin ezin da, beraiek partida jokatu beharko balute bezala. Lagun batek esaterako kuadrilako watsap taldea uztea erabaki du finala amaitu arte. Ezinegona eta batez ere, ilusioa. Horrelako sentimendu bat pizten du Athleticek jarraitzaile askoren artean, Realarekin ere antzekoa gertatuko da. Eta Bizkaian zoramena eragiten du.
Goizean zehar, Mungia bezalako herri batean esaterako, jende andana ikusi ahal izan da tabernetan poteoan kamiseta zuri-gorriekin. Ume mordoa ere Athleticen arropekin atera da gaur kalera. Egun ezberdina dela igartzen da. Lehen orduetan Jata mendira igotzeko hautua egin duten famili asko ere partida jokatzeko prest agertu dira. Etxean geratu beharko da pandemiaren eraginez, baina zer nolako festa izango litzatekeen zaleek Sevillara joateko aukera izango balute.
Errepide bazterretan ere hainbat etxe, balkoi eta lantoki zuri-gorriz apainduta daude azken egunetan. Aurreko finaletan ere gertatu izan dira horrelakoak eta aurtengoan ere berdina edo agian handiagoa izan da sortutako mugimendua. Bilboko kaleak, Alde Zaharra edo Pozas inguruetan ere jende ugari elkartu da Athleticen elastikoarekin finalerako girotzeko. Arratsaldean istiluak izan dira, edukiontziak erre dituzte eta Ertzaintza agertu da.
Bestalde, hemen Athleticek berak eguerdian zabaldutako irudiak:
️ Horrela ari gara finala Bilbon bizitzen ⚪#BiziAmetsa #AthleticClub 女 pic.twitter.com/qkc7PBh1I2
— Athletic Club (@athletic_eus) April 3, 2021