Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Amets Arzallus
Idazle, kazetari eta bertsolaria

«Ibrahimak lotsaz bizi du bere zauria jendearen eskuetan egotea»

Argitaratu zenetik, 2019. urtearen bukaeran, «Miñan» (Susa) liburu salduenen «top-ean» mantendu da. Itzulpenei esker nazioarteko merkaturako bidea hartzeko bidean dagoenean, migrazioaren kronika guztiz gomendagarri honen bi egileekin izan gara.

Amets Arzallus eta Ibrahima Balde. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Amets Arzallus eta Ibrahima Balde. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Soka luzatuz barkura igoarazi ninduten, eta estalki bat eta ura eman zizkidaten. Trago bat egin, eta negarrez hasi nintzen. Haur txiki batek bezala egin nuen negar. Gero zutik jarri, eta ingurura begiratu nuen, nondik nentorren ikusi nahian. Orain badakit, itsasoa ez da inor esertzeko lekua». Puntu zehatz horretan, Espainiako itsas salbamendukoek jendez gainezka doan zodiac ahula erreskatatu duten unean, bukatzen du Amets Arzallusek Ibrahima Balderen odisearen kontakizuna ‘Miñan’ liburuan. Baina oraindik bide luzea gelditzen zitzaion aurretik protagonistari: penintsula zeharkatu, Irunen muga pasatzeko ahaleginak egin, asilorako trabaz beteriko bidean indarrak xahutu, Madrilen paperik gabe bizi ikasten duen bitartean...

Euskarazko liburu salduenen artean egon da ‘Miñan’ azken urte honetan, eta ez da harritzekoa. Datozen bi hilabeteetan ingelesez eta italieraz kaleratuko da; ekainean, AEBetako merkatuan. Udazkenean gaztelaniaz eta katalanez aterako du Blackie Books argitaletxeak, eta alemanezko bertsioa ere martxan dago. Egileari berari ere zaila egiten zaio genero zehatz batean kokatzea; agian, kazetaritza erreportajetik saiakeratik baino gehiago edaten duela esango genuke. Ibrahimaren ahotsean kontatzen zaigun guztia egia baita, benetakoa, latza bere gordintasunean: Ginea Konakryko Thiankoi herrixkatik, anaia txikiaren bila, abiatu zenetik Europarako atera iritsi arte infernua igaro zuen Ibrahimak. Bidean, anaia galdu –Mediterraneoan ito den beste bizitza zenbatu gabeko bat–, esklabo hartu, basamortuak oinez zeharkatu... Afrikatik etengabe datorren migrazioaren ahotsa ekarri digu Arzallusek, Balderen poesia eta testigantzari esker. Gutun Zuria jaialdian Bilbon izan ziren elkarrekin; hori aprobetxatuz, “Miñan” liburuaren barne istorioa eta Ibrahima Balde kementsu eta poetikoari zodiac hartatik atera ondoren zer gertatu zitzaion jakin nahi dugu.

Euskal Herria migrazioaren korronte edo bide nagusi batean dago sartuta bete-betean, Mediterraneotik gora datorrena. Harrigarria dirudien arren, iruditzen zait ez garela horretaz jabetzen.
Ene ustez ere ez. Zentzu horretan, ariketa ere bada liburua ahots eta errealitate hori gure bistara ekartzeko. Ni hendaiarra izanda, banekien, seguru ez orain gertatzen den bezala edo 2018an izan zen proportzioan, baina jende hori bazetorrela eta migrazio fenomenoa bazegoela; baina ez nintzen hain kontziente. Gero 2018an oso bistakoa egin zen, nabarmen hazi zen Italiak mugak itxi zituelako. Begira, gaur ere Irunen oso konplikatua da muga pasatzea, gainera orain pandemiarekin izugarri zailtzen ari dira, eta horrek egiten duena da arriskutsuago bihurtu gehi garestitu. Azkenean, zailtzen badiete ere, arrisku batzuk hartzeko prest daude. Ez dut uste argazki edo erradiografia garbirik dagoenik, eta hor instituzioek ez ikusiarena egiten dute eta jendeak ere bai.

Zuk Irunen ezagutu zenuen Ibrahima. Komisarian haren asilo eskaera egiteko txostena osatzeko behar zuena izan, azkenean liburu bihurtu zen. Ez da erraza, eta esperientziagatik diot, pasatu duten infernua konta dezaten. Zaila izan al zen kontakizuna?
Bai, azkenean egun asko izan ziren eta egun guztiak ez dira berdinak. Gainera, hasieran Irunen zegoen, gero bere asiloaren bideak Oñatira eraman zuen Madrilera joan aurretik. Liburuaren zati handi bat kasik Oñatin egin genuen.

Elkarrizketak egin ondoren, nik puzzlea osatuta neukanean, kontrastatu egiten nuen, eta egunak ez ziren berdinak. Egun batzuetan airosoago, solteago gogoratzen dut, igual alegerago, egoera kontuan izanik esan baliteke. Baina beste batzuetan, lekua eta pasartearen arabera, memento gogorrak izan ziren, gelditu behar izan genuen… bere baitan zeraman zauriaren kargaren arabera, memento batzuk gogorrak izan ziren berarentzat kontatzeko.

Uste dut, kontatuaz batera, azkenean nik bezala berak ere entzuten zuela, eta hori, norberak entzutea, ez da erraza. Pertsona bat bere istorioaz, bere zauriaz, ari denean askotan hanka sartzen duzu galdera bat egiterakoan, eta ikasten duzu kontuz ibiltzen. Eta nik egin dut nire baldarkeria guztiekin, baina hau profesionalek egin beharreko lana da, nire ustez.

Migrante bakoitzak edo askok, denek ez bada, seguru beharko lukete laguntza beren istorioa beren baitan nola daramaten barneratzeko, horrekin bizitzeko eta horrekin aurrera egin ahal izateko.

Pasatu duten infernuak sortutako zauriak ixteko gai izango dira noizbait?
Azkenean Afrikaren zeharkaldia ez dute denek berdina izan, baina hain gogorra beste batzuek ere izan dute, zoritxarrez. Beste batzuk iristen dira igual Gineatik Marokora hegazkinez, ezagutu ditugu; baina gero, Marokotik aurrera, denek kalbario hori pasatzen dute. Hori denek dakarte. Migranteek denek dakarte istorio bat erraza ez dena, eta bisak ematen ez bazaizkie eta zirkulazio librea uzten ez den bitartean pairamen horrek jarraituko du. 

Arrisku hori bizi eta horrekin nola egin aurrera, esan dizudan bezala, laguntza profesionalarekin eramango da. Ez da bakarrik arrasto fisikoa, hor arrasto psikologiko handiak gelditzen direlako eta nola egin horrekin aurrera? Iristen direnean eta hain isilik eta uzkur ikusten dituzunean, isiltasun horren atzean, askotan pentsatzen dut: zer ote dago isiltasun horren atzean?

Migrante bakoitzak edo askok, denek ez bada, seguru beharko lukete laguntza profesionala beren istorioarekin bizitzeko eta aurrera egin ahal izateko

Noizbait galdetu al diozu Ibrahimi, orain dakiena jakinda, bidea berriz egingo ote zukeen?
Geroztik ez, baina elkarrizketak egiten genituenean gai hauek ibiltzen genituen gure arteko hizketaldietan, eta gogoan dut berak esan zuela itsasora abiatu zela Nadorretik. Lehen bidaian Salvamento Maritimok erreskatatu zituen, baina jende asko ezagutu dut Irunen askotan saiatu dena, eta saiakera askoren ondoren, iritsi dela noizbait. Ibrahimak esaten zuen lehenengo aldi hura ondo edo modu hartan irten izan ez balitz, eta berriz itzuli izan balute hara, ez duela uste berriz abiatuko zenik. Gisa horretan kontatzen zuen: bera berriz itsasoan ez zela jarriko. Zaila da galdera hori ere, eta zaila da galdera horren aurrean berak erantzun ahal izatea, zeren han zaudenean, harrapatuta eta etsipen eta frustrazio mailak mugak jotzen duenean, arriskua hartzen duzu. Eta hori muturreko egoeran dagoen pertsona batek egiten du, zeren eta arriskuaren kontzientzia jakina badute abiatzerakoan.

Iristen direnean eta hain isilik eta uzkur ikusten dituzunean, askotan pentsatzen dut zer ote dagoen isiltasun horren atzean

Orain, Europan, aurretik eginikoa bezain bide gogorrean daude sartuta. Bidaia ez da bukatzen.
Bai, Europara iritsi eta gero odisea hori ez da bukatzen, hor trabaz jositako bidean abiatzen dira. Ibrahimak jarraitzen du trabaz jositako bide horretan aurrera egin nahi eta batzuetan aurrera egin ezinean. Adibidez, lan bat edo kontratu bat eduki nahiko luke, baina ezintasun horrekin egiten du topo: asiloa ukatu zioten, aterperik gabe gelditu zen… Orduan, noski, Europan trabaz jositako bideak gogor jarraitzen du.

Berari galdetuko bazenio –eta honetaz hitz egin izan dugu–, zera esango zizun: «Hona iritsi nintzenetik badakit gauza bat eta horretan diferentea da: ni hemen ez nau inork jotzen, ez naute iraintzen… ez naute gaizki tratatzen». Orduan Ibrahimak esango luke hemen bizitakoak diferentzia handi bat duela eta eskerrak! Baina horrek ez du esan nahi ez dela trabaz jositako bide bat, hori izaten segitzen baitu, agian zorionez, muturreko egoera batera iritsi ez arren, noski.

«Miñan» liburuak zuri, pertsonalki, zer ekarri dizu?
Liburua gure bizitzan planifikatu gabeko zerbait izan da. Asiloaren inguruko txostena osatu nahi genuen eta gero bilakaera bat izan zuen. Interesa ikusi genion eta beste forma bat hartu zuen.

Egia esan, nahiko harrituta eta pozik nago egiten ari den bideaz, izan duen zabalpenaz, jasotzen ari naizen erantzunaz. Eta alde batetik, kezka puntu batez ere bizi dut, zeren azkenean hurbiletik ezagutzen dudan pertsona bat da, eta pertsona hori, nahi ala ez, pertsonaia bihurtzen da. Horrek kezka ematen dit, zeren badakit berak pudorez eta lotsaz bizi duela. Pertsonaia bihurtze hori pixka bat beldurrez bizi dut neurri batean.

Bestalde, bai, liburuak berak, mundua begi aurrean zabaldu dit: nik imajinatzen nuen mundua, baina mutur horietaraino ez nuen imajinatzen eta begiak zabaldu dizkit. Oso diferentea da, esan dizudan bezala, zuk ondoan entzun munduan zer den edo irakurri urrutiko leiho batean.

Geroztik eman dizkit poztasun batzuk, egin den zabalpena eta jendearen erantzunagatik. Kritika onak eta horiek guztiak goxoak dira, baina goxotasun horren kontrastean, beti daukat berak pudorez eta lotsaz bizi duela bere zauria jende artean zabalik eta jendearen eskuetan egotea, nahiz eta berak beti aurrera egiteko indarra eduki kausa bati laguntzeko, duda gabe. Kontraesan horiekin guztiekin bizi dut liburuaren ondorengo ona.