Maider Iantzi Goienetxe
Elkarrizketa
Ana Urkiza Ibaibarriaga
‘Garen hori’ saiakeraren egilea eta Eusko Ikaskuntzako lehendakaria

«Euskal balioen trantsizio honetan, norantz goazen jakitea legokiguke»

Ana Urkiza Ibaibarriaga (Ondarroa, 1969) idazle eta itzultzailea da. Ipuina, poesia, haur literatura, aforismoak zein saiakera landu ditu. Azken genero honetakoa da bere lanik berriena, ‘Garen hori’ (Elkar). Eusko Ikaskuntzako presidentea ere bada Urkiza, joan den irailetik.

Ana Urkiza idazle eta itzultzailea. (Jon URBE / FOKU)
Ana Urkiza idazle eta itzultzailea. (Jon URBE / FOKU)

«Liburua oso zabala da, baina mezu bat eman nahi dut: trantsizioan gaude. Oinarritzat genituen balioak, euskal izaera balizko hura, aldatzen ari dela konturatu gara eta oinarri horiek mugitzen sumatzeak ziurgabetasuna dakar. Batzuk iraganean goxo baina ziur daude, besteak etorkizunera jauzi egin ezinik ainguraren pisua handiegia zaielako», adierazi zuen Ana Urkizak ‘Garen hori’ lanaren aurkezpenean.

Zortzi sortzaileri egindako elkarrizketak bildu ditu: Irati Jimenez idazlea, Carmelo Ortiz de Elguea pintorea, Jon Maya Sein dantzaria, Xabier Barrutieta arkitektoa, Dora Salazar eskultorea, Jon Garaño zinemagilea, Juan Carlos Perez musikaria eta Xabier Paya bertsolaria.

Horiei gehitzen zaizkie beste hainbat adituren gogoetak: Josu Bergara (publizitatea), Eduardo Apodaka (filosofia), Elixabete Garmendia (kazetaritza), Olatz Legarda (kirola), Ximun Fuchs (antzerkia), Iraia Oiartzabal (moda), Elena Arzak (sukaldaritza) eta Iñigo Ucin (enpresa).

Euskal balioak sortzaileekin lantzea dagokigula aldarrikatu zenuen aurkezpenean. Behar horretatik jaio zen lana?
Aldarrikapena liburua ondu ostean atera zitzaidan. Baina abiapuntua izan zen kulturak egiten gaituela ‘euskal’. Eta abiapuntu horretara markaren inguruko hiru galderak eraman ninduten: kanpokoek ezagutzen bagaituzte, nola ezagutzen gaituzte? Zer esaten dugu guri buruz? Balioez ez dela hainbeste hausnartu iruditzen zitzaidan. Liburuan ikusi dudana eta sentitzen nuena zen sortzaileak direla gure eguneroko bizitzarekin eta etorkizunarekin ere zubi lana egiten dutenak. Askotan gizartea bera baino aurrerago doaz etorkizuna gakotzen edo eskuratzen.

Bestetik, diziplinak ematen duen lengoaiaren bidez artea egiten dute eta lengoaia hori unibertsala da. Horrek pizten zidan interesa. Gero, euskara balio zentral gisa atera da, baina askotan kostatzen zaigu disoziatzea euskara hizkuntzaren eta balio eta izaeraren artean. Alegia, euskararen ordez solfeoa bagenu, zer izango litzateke euskal egiten gaituena?

Zergatik da interesgarria garena definitzeko ariketa?
Ariketa interesgarria da, gai honi sakon heltzeko aukera ematen duelako. Egiten ditugun galderak erantzuten joateko. Elkarrizketatu batek dio aurreko mendean argia izan zela identitate horren aldeko lanketa kolektiboa, gaur ez dagoena. Horrek ere hausnarketara eraman beharko gintuzke. Zer ari da aldatzen? Balioez gain, identitatearen gainean dugun pertzepzioa eta beharra.

Hausnarketarako gonbita da lana. Nori zuzendua dago? Zer bide egitea nahiko zenuke?
Orokorrean gizarteari zuzendutako liburua dela esango nuke. Eta bereziki sortzaile, hezitzaile, guraso zein irakasle, komunikabide eta komunikatzaileei, lanaren bidez komunikatzen dutenei: enpresariak, saltzaileak, gure herriaren inguruan erabakiak hartzen dituztenak. Liburuan jasotzen den hausnarketan sakontzen jarraitzea gustatuko litzaidake, batez ere gazteen ikuspegitik. 35 urtetik beherakoekin egingo nuke bereziki lan hori. Unibertsitateak sartuko nituzke, baita udalak ere, zeinetan herritarrek parte-hartze zabala izan dezaketen, lanketak oso zabala izan beharko lukeelako.

Nola aukeratu zenituen hamasei elkarrizketatuak?
Ideia sortu zitzaidanean, bi elkarrizketatu-gai izan nituen berehala buruan: sortzaileak eta komunikatzaile edo adituak. Argi nuen batzuei galdetu nahi niela euren obraren bidez zer transmititzen duten, eta besteekin horren kontraste bat egin nahi nuela. Liburuaren lehenengo zatia elkarrizketak izango zirela argi nuen, sortzaileei protagonismoa eman nahi nielako eta euren izenek irakurlea erakartzea nahi nuelako. Diziplina gisa zazpi arte ederrak eta bertsolaritza aukeratu nituen. Eta gero, pertsonak hautatzeko argi nuen kontuan izan behar nituela generoa, adina (30 eta 80 urte bitartekoak dira) eta lurraldetasuna (Euskal Herriko lurralde guztietako partaideak daude). Elkarrizketa batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz egitea ere nahi nuen, euskaraz ez zekiten lagunek ere parte har zezaten, ikuspegi desberdina izan zezaketelako. Eta batez ere euren ibilbidean euskal kulturari zer ekarpen egin dioten begiratu nuen. Landu nahi nuen gaiaz zer esana izatea nahi nuen.

Eta nola osatu zenuen bigarren atala?
Kontraste egokiena egin zezaketen eremuak aukeratzen saiatu nintzen. Zortzi hautatu nituen, oso bereziak Euskal Herrian: kooperatibismoa, joskintza, kazetaritza, antzerkia, kirola… Eremu horietako adituekin lehen zatian jasotakoaren kontrastea egitea zen helburua. Ez zen baieztatzea edo ezeztatzea, baizik eta horren haritik beste hainbat galdera egitea. Erantzunekin joste lan bat egin dut.

Zer galdetu diezu, adibidez?
Galderak ezberdinak izan dira. Pertsona bakoitzarentzat gidoi bat egin dut. Egia da sortzaileen kasuan lau ardatz nituela. Adibidez, nitasunetik gurako iraganbidea, edo euren obran non dauden balioak. Bigarren zatian ez da egon ardatzik. Lehen zatian jasotako oinarria eta euren ibilbidea lotu ditut.

Elkarrizketa hauek guztiak eginda, gu zerk egiten gaituen erantzuteko moduan zara?
Nik ezin dut esan gu zerk egiten gaituen. Egin dudana da 16 pertsona hauengandik jasotako balioen baieztapena. Azterketa sakonagoa egitea eskatuko luke eta horretarako bidea izatea nahiko nuke liburu hau. Ez da zerrenda bat aterako, ‘hau ikasi behar dugu denok’ esateko. Baina hor ateratzen direnak balekoak dira oinarri bezala hartzeko, aktualak direlako.

Zortzi euskal balio agertzen dira liburuan: borondatea; euskara eta euskal kultura; auzolana eta kooperatibismoa; erronkazaletasuna, berrikuntza eta ekintzailetza; lanaren kalitatea eta konpromisoa; berdintasuna; gastronomia eta eta ahozkotasuna. Balio horiek aldatzen ari dira?
Justu oraindik baliotzat jotzen direnak dira, oraindik bizi ditugun horiek. Eta trantsizioan gauden horretan, norantz goazen jakitea legokiguke. Orain arte esaten genuen: «Balioak hauek dira, ez gara mugitzen». Baina hori gaur ezin da esan eta hori egiten dugu ziurgabezia dugulako. Jon Garañok, adibidez, esaten du euskal kultura guztia ez dela tradizioa. Horiek dira leundu behar ditugun koskak. Gaur ere bagara eta bihar ere izango gara, eta izango bagara, zer den bizi dugun tasun hori gero ere horrekin jarraitzeko.

Euskal izaera honako hitzekin lotu dute elkarrizketatuek: lanarekiko harrotasuna; eraldatzeko gaitasun mugagabea; erresilienteak gara, lotsatiak eta apalak. Izugarri kostatzen zaigu aldamenekoak gauzak ongi egiten dituela esatea eta esaten dugunean beranduegi da. Komunikatzaile txarrak gara, eta antisentimentalak.
Xabier Barrutietak aipatzen du diskretuak izatearena; ez dugu egin dugun lana lau haizetara komunikatzen eta aldamenekoak egindakoaz harrotasuna erakusten badu gehiegi iruditzen zaigu. Sortzaileen hitzak irakurtzen dituzunean batzuetan hunkitu egiten zara, beste batzuetan harritu, ernegatu ere bai.

Gure izaera aldatzen ari da?
Aldatzen doa apurka. Ezaugarri batzuk errekonozitzen ditugu, besteak berriak dira eta ez ditugu errekonozitzen. Batzuetan ez ditugu errekonozitu nahi. Askotan ikusten da berrikuntza hori gure eskuetatik kanpo dagoela iruditzen zaigunean gozoagoa dela lehenera edo kontrolatzen dugunera bueltatzea.

Badugu gure buruari irri egiteko gaitasunik?
Orain dela urte batzuk baino umoretsuagoak garela esango nuke. Sare sozialak, umore programak, liburuak… denetarik daukagu, baina hala ere, batez ere gai hauetaz hitz egiten dugunean, oso herri serioa gara. Orokorrean umore zantzu hori daukagu irabazteko.

Sortzaile bakoitzak egin duen ekarpenetik arreta eman dizun zer edo zer aipatuko zenuke?
Irakurleak berak antzeman behar ditu. Baina, adibidez, Jon Mayak kontatzen du dantza garaikidea egiten hasten direnean, jende bat urduri samar egoten dela ezpata-dantza pauso bat egiten duten arte, hori ikustean lasaitzen dela, ikusten ari dena ‘euskal’ dela konfirma dezakeelako. Gure herriak heldulekuak behar dituela esaten zuen, tradiziotik ateratzen ditugun elementuak. Dora Salazarrek, aldiz, sortzailearen egitekoa ez dela sortzea esaten du, berrinterpretatzea baizik. Eskemak puskatzen dizkizu. Xabier Barrutietak dio gutako bakoitza geruza bat dela eta gure ekarpena berrikuntza dela baina oso azalekoa, enbor baten aroa bezalaxe, jakinik ondoren beste norbaitek beste geruza bat jarriko diola. Oinarri bat dago geruza horiei zentzua ematen diena. Oso interesgarria da. Irati Jimenezek, bestalde, hizkuntzaren musikaltasuna defendatzen du. Literatura da garenaren berri ematen duena; ostera, tresnarekin, hizkuntzarekin, ensimismatuta, horrekin galtzen gara.

Liburuaz aparte, Eusko Ikaskuntzako (EI) lehendakari gisa ere galdera batzuk egin nahi dizkizut. «Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea» egitasmoan hainbat foro egin ziren. Hausnarketa burututa, zer jarraipen izaten ari da lan hori?
Oñatin burutu zen kongresuko leloa izan zen hori. Liburu Zurian jasota dago bertan aurkeztu zena. Bertan markatzen dira amestu dugun herri edo etorkizun horretarako zertzuk lan egin beharko genituzkeen. Ehun eta piku lan lerro dira. Orain, hurrengo lau urteetan horietatik zeintzuk landuko ditugun lehenetsi dugu. EIren lan programa zehaztu dugu eta ardatz estrategikoen artean dago agendaren lanketa. Lau gai nagusi ditu agendak: euskaltasuna; ongizatea; lurralde bezala zein garen eta nola kokatzea nahiko genukeen, eta gobernantza.

Zer erronka dituzue eta nola eragin dizue izurriteak?
Erronkak dira herri estrategien garapenerako erakunde erreferente bilakatzea eta gizarteak hala ikustea. Horretarako harreman sare aberatsa dugu, eta zabaltzea da xedea, aliantzak egituratzen jarraitzea, kalitatezko egitasmoak burutzea, metodologia aurreratuak erabiliz eta lurraldetasuna eta horrek ematen duen herri ikuspegia zainduz. Pandemiak eragina izan du eta ez du izan. Ez du eragin negatiborik izan EIk 2020rako aurreikusitako proiektuetan. Burutu dira eta urtea ondo itxi da. Egin ezin izan ditugunak ekimen presentzialak dira. Sari banaketa bakarra egin dugu, baina gehiago zeuden eta 2021erako gelditu dira.