NAIZ

Amikuzeko ustezko sexu erasotzailearen aurka salaketa bi daudela baieztatu du fiskalak

Arrueta-Sarrikotako laborari bat atxilotu zuten martxoaren 31n, adin txikikoei egindako bortxaketa eta sexu erasoen ustezko egilea izateagatik. Gaur Baionako prokuradoreak bi salaketa ezarriak izan direla jakitera eman du.

 

Ustezko erruduna espetxeratu egin dute momentuz, prebentzio neurri bezala. (GETTY IMAGES)
Ustezko erruduna espetxeratu egin dute momentuz, prebentzio neurri bezala. (GETTY IMAGES)

Pasa den martxoaren 31n, asteazkenean, 70 urteko laborari bat atxilotu zuten jendarmeek Arrueta-Sarrikotan, Amikuzen.

Nekazaritza biologikoan lan egiten duen gizonak sei urtez etxean artatzen zituen hainbat haur eta gazte bortxatu eta sexu erasoak egin zizkiela uste da, informazio judizialaren arabera.

Gaur Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak jakitera eman duenez gizonaren aurkako salaketa bi baieztatuak izan dira. Horretaz gain bertze bost adingabeko identifikatu dituztela nabarmendu du fiskalak.

Hiru seme-alabaren aita da atxilotutako gizona eta urte luzez hartu izan ditu etxean haurrak eta nerabeak. Harrera familia osatzen zuen, beraz, bere emaztearekin, hain justu berriki erretiratu zen udal langilearekin.

Ikerketa judizialaren lehen informazioen arabera, uste da akusatuak dozenaka gazte, haur eta neraberi egin zizkiela sexu abusuak.

Areago, ikerketa gertutik ezagutzen duen iturri baten arabera, 80 biktimaren kontra egin izango zuen, guztira, 70 urteko gizonak.

Egozten zaizkion eraso guztiak ukatu egin ditu atxilo dagoen ustezko egileak.

Lehen gertaerak 2015ekoak dira. Sexu abusuen eta bortxaketen ustezko egilearen etxean sartu zirenean, ikertzaileek 15 eta 16 urteko nerabeei egindako argazki konprometituak konfiskatu zituzten. Fiskaltzak instrukzioko epaile bat izendatu du eta gizona giltzaperatu egin dute momentuz, prebentzio neurri bezala.