NAIZ

Euskal Konfederazioak eta Euskalgintzaren Kontseiluak lanean jarraitzeko deia egin dute

Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzaren alorrean jarduten duten eragileen topagune den Euskal Konfederazioak historikotzat jo du frantziar Asanblea Nazionalak lurralde hizkuntzei buruz onartu duen legea. Euskalgintzaren Kontseiluak ere txalotu du Parisek emandako urratsa.

Euskal Konfederazioaren baitan jarduten duten hezkuntza sare ezberdinetako ordezkarien agerraldi bat, Baionan. (Bob EDME)
Euskal Konfederazioaren baitan jarduten duten hezkuntza sare ezberdinetako ordezkarien agerraldi bat, Baionan. (Bob EDME)

Ipar Euskal Herrian euskararen alde ari diren eragileak eta sare ezberdinean jarduten duten hezkuntza alorreko elkarteak (Seaska, Euskal Haziak eta Biga Bai) biltzen dituen Euskal Konfederazioak historikotzat jo du gaur Parisen eman den bozketa.

Paul Molac diputatuak aurkezturiko proposamena onartu izanaren garrantzia azpimarratzeko «1951. urtetik hona ez dela lurralde hizkuntzei buruzko lege bat onartu Parisen» oroitarazi du federazioak.

Ondarea, seinalizazioa edo estatu zibileko aktei buruzko atalak dagoeneko onartuak bazituen ere frantziar Legebiltzarrak gaur babestu dituen lege egitasmoaren bertze lau artikuluen garrantzia nabarmendu du Euskal Konfederazioak, «irakaskuntza mailan aitzinamendu handia ekarriko dutelako».

Murgiltze ereduaren garapenari emandako sostengua azpimagarria dela azaldu du elkarteak.

«Badira urteak murgiltze eredua plantan ezarria dela eskola publikoan eta irakaskuntza molde hori bereziki arrakastatsua da Ipar Euskal Herrian», adierazi du Euskal Konfederazioak.

Egun Iparraldeko 20 bat eskola publikoetan garatzen da murgiltze eredua, esperimentazio egitasmo baten baitan. Izan ere, behin legea onartuta murgiltze eredua martxan jarri ahalko da dispositibo hori baliatu gabe, hau da, prozedura arrunta segituz.

Era berean, murgiltze ereduaren finanziazioari buruz onarturiko egitasmoari garrantzia eman dio Euskal Konfederazioak: «Hemendik goiti herri bakoitzak diru-kopuru bat ordaindu beharko du herriko haur batek ondoko herrira joan behar badu euskarazko irakaskuntza segitzera bizi den herriak ez diolako aukera hori proposatzen». Orain arte borondatezko ekarpen zena legeak derrigorrezko ordainketa bilakatuko du.

Euskal Konfederazioaren ustez lege berriak oztopoak kentzen ditu oro har murgiltze eredua plantan emateko orduan. Elkarteak laburbildu duenez, «orain arte eskola publiko batean euskarazko klaseak idekitzeko prozedura aski zaila zen, zeren guraso kopuru esanguratsua bildu behar zen, proiektua muntatu, eskolako talde pedagogikoarekin adostu eta Hezkunde ministeritzako zerbitzuekin klase irekitzea negoziatu».

Prozedura hori dezente azkartu daiteke lege berriari esker. «Hemendik goiti, Korsikan indarrean den sistema segituz, Estatuaren eta tokiko kolektibitateen arteko hitzarmena izenpetu ondotik, eskola publiko guziek euskarazko irakaskuntza proposatu beharko dute», azaldu du Euskal Konfederazioak.

Orain arte gurasoek beraien nahikeria agertu behar zuten beraien seme-alabak euskaraz ikas zezaten. Hemendik aurrera, «eskaera logika batetik eskaintza logika batetara pasatuko gara», Euskal Konfederazioaren esanetan.

Paul Molac diputatuari, bere laguntzaileei, eta legearen alde bozkatu duten hautetsiei bere esker ona agertu die Euskal Konfederazioak.

Izan ere legearen onarpenarekin ez dela deus amaitzen oroitarazi du federazioak. «Lege horri esker aitzinamendu garrantzitsuak egiten ahalko baditugu ere, irakaskuntza arloan hainbat borroka eramaten segitu beharko dugu hemendik goiti ere», adierazi du Euskal Konfederazioak.

Ildo beretik mintzatu da Euskal Konfederazioaren kide den Seaskak. Urte luzetan eginiko lana gogoratuz badira 52 urte sortu zirela ikastolak gogora ekarri du oraindik ere aurrera begira dagoen lana aipatu aitzin.

Kontseiluak txalotu du erabakia

Gaur frantziar Asanblea Nazionalak onartu duen egitasmoaren alde egin duten ordezkariak txalotu du, bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Paul Bilbaok. Egoera gutxituan dauden hizkuntzen normalizazioan zutabe den hezkuntzari buruz lotutako neurriak izateari garrantzia eman dio Kontseiluko eledunak «hemendik aurrera ez direla urrats nekagarriak eman beharko eskoletan murgiltze-ereduak abian jartzeko, eta berme juridikoekin egin ahal izango dela» oroitaraziz.

Bilbaok gogora ekarri nahi izan du urrats garrantzitsua izan dela, baina bide luzea dagoela oraindik egiteko.

«Gaur garaipentzat hartu behar dugu Frantziako Asanblearen erabakia. Halere, Estatuak urrats berriak eta are eraginkorragoak egin behar ditu berezko hizkuntza-komunitateei eskubideak aitortzeko eta gure hizkuntzetan bizitzea berme guztiekin ahalbidetzeko», adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.