NAIZ

Lakuak covid-19aren transmisioa eteteko neurririk ez duela jarriko salatu du Zaldibiak

Zaldibiako Udalak Lakuako Gobernuak udalerriko egoera sanitarioaren aurrean izandako jarrera salatu du, Osasun Sailak ez baititu aintzat hartu covid-19ren transmisioa geldiarazteko eta udalerriko egoera hobetzeko egin zizkioten proposamenak.

Zaldibiako Udal Gobernuak neurriak eskatu ditu. (ZALDIBIAKO UDALA)
Zaldibiako Udal Gobernuak neurriak eskatu ditu. (ZALDIBIAKO UDALA)

Iragan asteartean, apirilaren 6an, Zaldibiako Udalak udalerriko egoera «larria» zela ohartarazi zuen eta covid-19aren transmisioa eteteko bitartekoak eskatu zizkion Lakuako Osasun Sailari ohar baten bitartez. Besteak beste, baheketa deialdi zabala egitea proposatu zion. Ostiral honetan jaso du Lakuaren erantzuna eta Udalak «etsigarria» izan dela adierazi du.

Dioenez, ez dago ez informazio eta ez ekintza plan zehatzik Zaldibiarako. «Guk egindako eskaera eta galdera zehatz bakar bati ere ez zaio erantzuten. Baheketaren inguruan, berriz, irizpide epidemiologikoengatik ez dela egin adierazten zaigu, bestelako zehaztasunik gabe. Ondoren, covid-19aren aurkako tresnak denok ezagutzen ditugula dio Lakuak bidalitako gutunak», adierazi du Zaldibiako Udalak.

Lakuaren jarrera gaitzetsi du Udalak: «Osasun Sailaren aldetik eta egoeraren larritasuna begi-bistan izanda, nabarmena izan da eskura dauden tresna guztiak ez direla jarri, ezta garaiz ibili ere».

Bestalde, udalerriaren egoeraren berri eman du. Dioenez, herriko olatu honetan lehen kaltetuak izan zirenak pixkanaka ateratzen hasiak dira eta, orain, haien etxeko eta ingurukoengan dago jarrita arreta, baina baita kasu erabat berrietan ere. Ospitaleratuei dagokienez, guztiak etxean daudela esan du Udalak.

Datozen egunetarako erronka kutsatze katea moztea dela nabarmendu du. Egoera gainditzeko, elkarlana eskatu diete Osasun Sailari eta herritarrei. «Alde guztiek ardura hartzea eta denon ahalegina da kate hau berehala mozteko modu bakarra», azpimarratu du Udalak.