Osakidetzak asteburuan espero du 80 urtetik gorako pertsonen txertaketa amaitzea

Lakuako Osasun sailak aurreikusi duenez, asteburu honetan amaituko du 80 urtetik gorakoen txertaketa, eta, erabilgarri geratzen diren txertoen arabera, 70 eta 79 urte bitartekoei ere hasiko zaie hitzordua ematen.

Txertoa jasotzeko ilarak Reale Arenan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Txertoa jasotzeko ilarak Reale Arenan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Osakidetzak aurreikusi du asteburu honetan amaitzea 80 urtetik gorakoen txertaketa. Egunotan Pfizer txertoaren 70.000 dosi baino gehiago jaso izanak aukera eman du hitzorduen prozesua bizkortzeko eta, hala, oraindik lehen dosia hartu ez duten kolektibo horretako pertsonek ostiral honetatik igandera bitartean hartuko dute txertoa, hurbilen duten txertaketa gunean.

Txertoa etxean hartu behar duten 80 urtetik gorako pertsona batzuk baino ez dira geratuko dosia hartzeko; kasu horietan, txertaketa datorren astean amaituko da, Lakuako Osasun sailak prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez.

80 urtetik gorako gainerakoek igandea baino lehen hartuko dute txertoa. Osakidetza telefonoz ari da haiekin banaka harremanetan jartzen, hitzordua emateko. Asteburua igaro eta Osakidetzak kolektibo horretako pertsonaren batekin harremanetan jartzea lortu ez badu eta pertsona horrek txertoa jarri nahi badu, astelehenetik aurrera dagokion osasun zentrora deitu ahalko du, eta txertaketaren 1. aukera sakatu; hitzordua emango diote bertan.

Gainera, Osakidetza beste bi kolektiboren txertaketarekin hasiko da. Alde batetik, larunbata eta igandea bitartean, peritoneo dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, adina gorabehera. Hemodialisian dauden pertsonei Osakidetzako hemodialisi unitatean jarriko zaie txertoa, datorren astetik aurrera.

70-79 urte bitartekoak

Beste alde batetik, lehentasuna 80 urtetik gorakoen txertaketarekin amaitzea izango da, baina, erabilgarri geratzen diren txertoen arabera, asteburuan 70 eta 79 urte bitartekoei ere hasiko zaie hitzordua ematen, nagusienekin hasita (1942an eta 1943an jaioak).

Osakidetzak SMS bat bidaliko die, eta hartan, web bidezko hitzorduaren zerbitzura sartzeko esteka izango dute. OTI txartelaren zenbakia, lehen abizena eta jaiotze data sartu beharko dituzte, eta txertoa jartzeko egun eta orduak eskainiko zaizkie, zuzenean.

Baliteke SMSa beste pertsona baten telefonora iristea, hori delako Osakidetzarekin beste kontu batzuetan erabiltzen duten ohiko kontaktua. Bada, errakuntzarik egon ez dadin, testuan mezuaren hartzaile den pertsonaren jaiotze data eta generoa zehaztuko dira. Halaber, pertsona batzuekin telefonoz ere harremanetan jarriko da, agendetan hutsuneak bete behar badira.

Web bidezko hitzordua zabalik egongo da, betiere txertoak badaude erabilgarri. Txertoak agortzen direnean, osasun zentrora edo Osasun Kontseilura ez deitzeko eskatu du Osakidetzak, komunikazio lineek osasunarekin zerikusia duten beste behar batzuetarako egon behar dutelako erabilgarri. Osakidetzak behar bezala jakinaraziko du noiz jarriko den txertaketa berriro martxan, dosiak erabilgarri dauden unean.

Prozedura horrekin ere peritoneo-dialisian dauden edo transplantea izan duten pertsona guztiei emango zaie txertoa, larunbata eta igandea bitartean. Gainera, hemodialisian dauden pertsonei Osakidetzako hemodialisi-unitatean jarriko zaie txertoa, hori bai, hauei datorren astetik aurrera

Reale Arenak txertatzeari ekin dio berriro

Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Reale Arenan txertaketa-kanpainari berrekin dio ostiral honetan, 918 Pfizer dosirekin, Lakuako Osasun Sailaren aginduz Astrazeneca dosien txertaketa eten ostean.

Guztira, 918 pertsonari jarriko zaie txertoa ostiral honetan, gizarteratzearen esparruko langile eta erabiltzaileei eta adingabeei arreta emateko egoitza-baliabideetan lan egiten duten langileei, hain zuzen. Inokulatuko dituzten pertsonetatik 400 ostegunerako deituta zeuden.

Martxoaren 30ean Reale Arenan Astrazenecaren txertaketa hasi zenetik, 1.600 dosi inokulatu zaizkie inklusio eta adingabeen zentroetako kolektiboei.

Gainera, otsailaren 26tik, Aldundiak, DYA eta Aita Mennirekin batera, 3.392 pertsonari jarri die txertoa, Pfizer txertoaren bi dosiekin (6.784 txerto), adinekoen eguneko zentroetako eta desgaitasun eta gaixotasun mentaleko zentroetako 55 urtetik gorako erabiltzaileei eta langileei.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ostiral honetan gizarteratze-talde, adingabe, zentro okupazional eta adineko pertsonentzako eguneko zentroetako kolektiboei lehen dosia jarriko die, eta bigarren dosia, aldiz, desgaitasunei eta gaixotasun mentalei lotutako kolektiboei. Guztira, 5.910 pertsona dira, eta 9.302 dosi inokulatuko zaizkie.