«Normalena nire bizitza 2018an itzaltzea izango zen; zorionekoa naiz»
Asteazkenean hiru urte bete ziren Jokin Lizeaga hil edo biziko egoeran egon zela. Hiltzeko ere prestatu zen, Europako Mendietako mendi lasterketa batean 15 metroko zulo ilun eta estu batean jausita. Zulo beltz hartatik ateratzeko borrokan ari da oraindik.
Min du bizkarrezurrean Jokin Lizeagak. Ikusten ez diren minak ere bai buruan. Albo kalte dezente. Memorian istripu hura gertatu zela gogorarazten dioten eguneroko egoera arruntak bizi ditu, igogailuak erabiltzen dituenean, adibidez. Argia ikusten hasi da pixkanaka, eta gaur zortzi jaioterri inguruko mendietan korrika saio bat egingo du, jendarteari osatu dela esateko. Zulora jausi zen korrikalaria bueltan dela esateko. Jomugan, lasterketa bat: Zegama-Aizkorri mendi maratoia. 2018ko apirilaren 7an hautu bat egin zuelako: hiltzen tematu zitekeen, baina bizitzen tematu zen.
Hiru urte pasatu dira zulo hartara jausi zinenetik, dagoeneko. Zer moduz zaude?
Azkar pasatu dira, baina luze ere bai. Une gogor asko pasatu ditut, eta kalteak ere ezin ahazturik ibili naiz, eta nabil. Azaroaz geroztik korrika egiteko gai naiz, lau bat hilabete bai jarraian dagoeneko, eta horrek konfiantza eman dit berriro dortsala jarri eta amets, erronka, obsesio hori bete ahal izateko. Izan dira uneak non ez nuen uste gai izango nintzenik berriro mendian korrika saio bat normaltasunez osatzeko, eta orain banaiz. Azken hiru urteetako fase, eperik onenean nagoela esango nuke.
Egin dezagun atzera, 2018ko apirilaren 7 hartara. Zer gertatu zen?
Pastores de la Portudera lasterketa korritzen ari nintzen, Cabrales inguruan, Asturias-en. Lider nindoan, errenta onarekin, sei edo zazpi minutu bai. Halako goi lautada batean, 1.300 bat metrora edo, elurrak dena estaltzen zuen. Bi susto izan nituen, zuloetan jausiz, baina oso behera joan gabe. Lehen erorikoan gerriraino hondoratu nintzen, eta bigarrenean bularreraino. Kontuz ibili beharra neukala jabetu nintzen, baina halako batean, pausoa galdu eta 15 bat metroko zuloan jausi nintzen. Erorketa hura itsasoan bukatuko zela pentsatu nuen une hartan, ez baitzuen etenik. Zauri arin batzuk egin nituen, orkatilan, bizkarrezurrean, sorbalda bat ere bere tokitik atera zitzaidan…
Erreskatatu zintuen suhiltzaileak erorketa bosgarren solairu batean behera erori izanaren parekoa izan zela esan zizun.
Hala da, bai. Zorte handia izan nuela ere esan zidan, halako zulo batetik norbait bizirik ateratzea lortzen zuten lehen aldia zela.
Han barruan bizi izan zenituenak gordin-gordin kontatu izan dituzu natural…
Kontatzeko beharra izango da, agian. Zuloan nintzela izandako pentsamendu batzuk aitortzea, publiko egiteak ere harrituko du norbait, ze korrikalari gehiago ni erori nintzen zulo berera erortzeko nahia sentitu nuen. Herio hartan beste norbait erori, eta haren arroparekin, berotasunarekin errazago iraungo nuela, genuela pentsatzera iritsi nintzen. Makabro samarra ere bada, jarrera berekoia nire partez, baina halakoak pasatu zitzaizkidan burutik. Pentsamendu horiekin, eta horien ondorioekin bizitzen ikasi beharko dut. Ikasten ari naiz, oroitzapen horiek ez direlako desagertuko.
Hil egingo zinela sinetsi zenuen, baina ez zinen hil. Nola kudeatzen da bizipen hori?
Esan liteke baietz. Zulo batean behera jausi, non geratuko nintzen jakin gabe… Eta behin geratuta, gora begiratu, eta kafea hartzeko platertxoaren tamainako zulo txiki bat baino ez oso goian. Izoztutako elur ura etengabe jausten zen nire gainera, hotza egiten zuen… Kontzientzia galdu ez nuenean, kolpeengatik, edo odol hustu ez, zauri sakon baten ondorioz, gaitz erdi. Denbora kontua zen han hiltzea, ez baitzen erraza norbait ni han jausi nintzela jabetzea. Onartzen hasi nintzen, bukatu zela, eta tristura une gogorrak bizi izan nituen. Umeekin gogoratu nintzen (Ainhoa Jauregi bikotekideak eta berak hiru seme-alaba dituzte: Lide, Negu eta Intza), aita nola hil zen ez zutelako jakingo, eta akaso egunen batean hilotza bilatuko zutelako.
Kontziente zara fisikoki, baina batez ere mentalki, oso jarrera tinkoa eduki zenuela zulotik irteten saiatzeko. Bizitzen tematu zinela, alegia.
Nik ere hausnartu dut zergatik ez nintzen hasi hormari kolpeka, zergatik egokitu zitzaidan halako istripu bat niri, nolatan ez nintzen lehertu, eseri, eta ordu pare batean hipotermiak jota hiltzeko etsipenean jausi. Zorionez borrokatzea erabaki nuen, indarrak gorde, berotu, oihu gutxi egin, esperantzari eutsi, eta ez itzaltzeko lasterketa batean murgildu buru-belarri. Erabaki onak hartu nituen berehala, jatea eta gorputza berotzen saiatzea, adibidez. Pixkanaka eskalatzeari ekin nion, nire oihuak ur burrunbak isilarazten zituelako. Atera nindutenean 31.8 graduko tenperatura zuen nire gorputzak, eta konbultsio antzekoak izan nituela gogoratzen naiz. Muga-mugan atera ninduten.
Helikopteroa, erietxea, senitartekoak berriz ikusi… Zer oroitzapen dituzu?
Hutsune handi bat daukat tarte horretan. Helikopteroaren soinuarekin amestu nuen, helikopteroa artean istripuaren gunera iritsi gabe zela. Suhiltzaileak ikusi bezain pronto mareatzen hasi nintzen, lotzeko esan nien, eta mina kentzeko botikaren bat sartu zidaten. Sorbalda bere lekuan sartzeko piolet bat erabili zutela gogoan dut, baina ondoren ordu batzuk desagertu egin dira oroitzapenetik. Erietxean Ainhoa emazteari gose nintzela esan niola gogoratzen naiz, sei-zortzi donut edo antzekoak jan nituela kolpetik, eta Euskadi Irratiko dei bat ere erantzun nuela. Akaso zer esaten nuen zehatz jakin gabe, groggy nengoelako oraindik… Gogoan dut Eneko Trinche, Javi Dominguez eta beste lagun askorekin sagardotegian tokia gordeta geneukala, afari oparoa egiteko, eta erietxera etorri ziren lagunei txuleta on bat gordetzeko esan nien, azalduko nintzela, ondo nengoela… Bistan da halako shock egoera batean nengoela, eta ez nintzela benetako errealitatearen jabe. Berehala oinazeak hasi ziren, eta orduan bai, orduan jabetu nintzen sagardotegi batera bueltatzeko hilabeteak pasatuko zirela.
Erorketaren ondoren, eta haren ondorioz, une txar asko pasatakoa zara.
Bai, asko egon baitira. Erori eta berehala, lesioak, beldurrak, heriotza gertu, amesgaizto bat. Sei hilabete pasatuta, azaroan edo, lo gutxi egiten nuela jabetu nintzen, ordu pare bat asko jota gauetan. Esna, ordu asko, eta halako batean, autoan gidatzen nindoala, ezkerreko begia itsu geratu zitzaidan, ez nuen ikusten. Garuneko erresonantzia bat egin bezperan gertatu zitzaidan, gainera. Orkatiletan, sorbaldan eta beste mila oinaze izan ditut, baina bistaren arazoarekin alderatuta, txikikeriak direla esango nuke. Degenerazio bat jasan nuen nerbio optikoan, %30ekoa edo. Burrunba, zurrunbilo horretan sartuta eman ditut azken bizpahiru urteak, probak han eta hemen, sei hilean behin neurologoarengana bisita, analisiak, antigorputzak, erresonantziak… Ez da samurra izan, beldurra sentitzen da. Pixkanaka kirolean eta naturan murgildu naiz, mina sentitu edo ez, motibazioak bilatzen, eta eramaten jakin dudala esango nuke.
Trauma neurologiko hori bizitza osorako izango dela uste duzu, gainera, ezta?
Bai. Korrika egiten dudanean eta bihotz taupaden erritmoa handitu, buruko tenperatura igo, eta ezkerreko bista galtzen dut, lainotu egiten zait. Kosta zait, baina ohitzen hasi naiz dagoeneko. Ez dirudi erremediorik duenik. Erorikoak halako estresa sortu zuen nerbio optikoan, eta bueltarik ez daukan egoera da.
Erorketaren egunaz, uneaz gogoratzen zara, hiru urte geroago?
Bai, bai. Bizitzen ari naizen egoeraren arabera, maiz. Adibidez igogailua erabiltzen dudanean, altura hartzen dudanean, edo etxebizitza bateko pisu garai batera igotzean. Edo zaintza lanean nagoenean ikastetxean (Beasainen ari da, maisu), hirugarren solairuko leiho ondoan, zorura begiratu eta beldurra… Erorketa, altura etortzen zaizkit burura, buru-jana. Zergatik nagoen bizirik, eta beste. Beldurrak geratu zaizkit iltzatuta. Hilkorra izatea zer zen ez nekien, eta orain badakit banaizela, gerta daitekeela. Igogailuan, ez ote den hautsiko, mendian behera korrika noanean ez ote naizen eroriko malkar batean… Gorputzak bere memoria izango du, eta behin gertatu bada, berriro zergatik ez den gertatuko pentsatzen du.
Jausi zinen zulora bueltatu zinen.
Bai, urte bereko urrian egon nintzen, jausi eta sei hilabetera, suhiltzaile baten laguntzarekin. Beharra neukan zuloa ikusteko, nolakoa zen, nire barruan murgildu eta hausnartzeko… Zuloa ikusita bizirik ateratzea miraria are handiagoa izan zela sentitu nuen. Zilindro bertikal batean erori nintzela uste nuen, baina ertzez jositako kareharri zuloa zen, eta nik tibian eta buruan zauri arinak bakarrik jasan nituen. Jausi baino lehenagoko argazki bat bidali zidaten, norbaitek lasterketa berean, bizpahiru kilometro lehenago ateratakoa, eta argazki horretan halako eskertza bat idatzi, eta zuloan bertan utzi nuen, bigarrenez bizitzeko aukera bat eman didalako. Txilibitua eta erlojua ere berreskuratu nituen, erorketan galdu egin nituelako, eta han utzitako zaborra ere bildu nuen. Hainbat animaliaren burezurrak ere ikusi nituen, eta horrek buru jan dezentekoa eragin zidan, baina psikologikoki mesede egin zidan hara jaisteak. Sokarekin eskalatu nuen zuloa, eta bosgarren graduko pasoak zituela jabetu ginen suhiltzailea eta biok. Zenbaitetan soka tenkatzeko eskatu behar izan niola gogoan dut, oso seguru sentitzen ez nintzelako. Pentsa ni egon nintzen egoeran, nola demontre igo nintzen zulorantz, sorbalda bat bere lekutik aterata… Kosta egiten zait ulertzea oraindik zergatik nagoen hemen, baina gauzak horrela dira.
Zure ondoren pasatu zen lehen korrikalariarekin halako pasadizo bitxi bat izan zenuen.
Bai, ikusi ninduen, zuloan nengoela, eta ez zen geratu, laguntzera. Emaitza lehenetsi zuen, laguntza eman baino lehen. Esan nion ezin dela halakorik egin, berak esan zidan antolakuntzak jarraitzeko esan ziola… Bakoitzak berea eraman dezala. Beste guztiak geratu egin ziren ni laguntzera, eta ziur nago ni zulo hartatik ateratzen laguntzea garaipenak baino gehiago asebete zituela. Horrelako jendea behar dugu mendian.
Bada bideo bat hor bueltaka, «La Voz de Asturias» kazetak argitaratutakoa, non zulotik ateratzen zaituzten unea ikusten den. Askotan ikusi duzu bideoa?
Tarteka. Une hori gainditua daukadala esango nuke, ez dit sufrimendurik eragiten, ez irudi horiek, ez hango bizipenak partekatzeak. Pozik bizi naizela zuenganatzea bezala.
Ainhoa bikotekidea izango zen, noski, zure ezkutua, babesa, hiru urte hauetan. Nola eraman duzue gaia?
Ondo esango nuke. Berak ni baino gehiago sufritu duela uste dut. Nik barrutik eraman dut, eta azaltzen ziren arazotxo horiek ondo barneratu ditut. Esango nuke berak okerrago eraman duela. Nahi dudana egiten utzi dit, nire martxan ibiltzen, eta eskerrak eman behar dizkiot horregatik. Bajan urte eta erdi eman nuen, lanera bueltatzeko komeriekin, gero konfinamendua etorri zen, eta oso elkarrekin egon gara familiako bost kideak.
Ezkondu egin zineten.
Bai, istripua eduki eta 15 egunera. Aztertua eta planifikatua geneukan horrela egitea, istripua gertatu aurretik, baina arrazoi bategatik edo besteagatik, ez genuen egin. Zuloan buelta batzuk eman nizkion, errudun sentitu, babes gabe utziko nituelako emaztea eta seme-alabak, hiltzen banintzen. Asturiasetik bueltan, segituan paperak egin genituen.
Noiz bueltatu zinen lehen aldiz mendira, istripuaren ondoren?
Egun zehatza ez dakit. Besoan oraindik igeltsuarekin nengoela izango zen, eta Onddi mendira, Urnieta eta Hernani banatzen dituen mendia. Orroren batzuk botatakoa naiz han. Egun onekin baino, errazago gogoratzen naiz txarrekin. Zenbatetan irten ote naizen korrika saio bat egiteko asmoz, 200 metro bakarrik egin eta herrenka, etxera bueltatzea lur jota. Pentsa, bizikletan ere hasi nintzen, horrela minik ez nuelako sentitzen.
Oinaze fisikorik baduzu, oraindik?
Bai, bizkarrezurrean batez ere, eta oin zoletan eta hezur kalkaneoan.
Apirilaren 17an, gaur zortzi, halako lasterketa berezi bat egingo duzu jaioterri inguruko mendietan. Zergatik?
Ba korrikalari sentitu naizelako berriz azaroaz geroztik. Obsesio puntu bat eduki dut, berriro dortsala jartzeko, berriro korrikalari sentitzeko, istripuak ezin zidala gogoa, desioa kendu. Herren edo itsu egon, dortsala jantzi nahi nuen, eta hori gertu ikusita, ba herrian zerbait egitea pentsatu dut. Herritarrek, Euskal Herriak Jokin Lizeaga oraindik mendian korrika ibiltzeko gai dela ikustea nahi dut, ze entzuten dituzu txutxu-mutxuak, Jokin gaizki dagoela, edo gaizki geratu zela, eta hau eta beste… Halakoak gezurtatzeko ere egiten dut. Zer hobe herrian egitea baino. Ez daukat denbora edo marka jakin bat egiteko presiorik. Bueltatxo bat eman, inguruko mendi guztietatik pasatu, jendeari bere babesa eskertu eta ‘bueltatu naiz’ esateko grina.
Ego puntu bat egon daiteke, bueltatze grina horretan? Eliteko kirolaria izan zara, Zegama-Aizkorrin punta-puntan ibili zara sarri, eta nazioartean ere probak irabazitakoa zara.
Baliteke. Arantzatxo bat geratu zait. 2018an, zulora jausi aurretik korritutako lasterketa guztiak irabazi nituen… Kirolari ezaguna izateak sona eman dio istripuari eta ondorengo bizipenei. Korrika emandako errendimenduarekin oso harro nago, eta egindakoak ez ditut hobetuko. Hiru urte pasatu dira, dagoeneko, eta 42 urte ditut egun. Onartua daukat. Istripua eta bere zehar kalteei bukaera bat emateko grina da gehien mugiarazi nauena. Herriari, lagunei, familiari eskerrak emateko gogoa.
Ez zara sare sozialetan ibili zalea, baina zure bizipen hark oihartzun mediatiko handia eduki zuen eta dauka, egun ere. Horretaz jabetzen zara?
Bai. Alpinismoan, mendian, istripu asko gertatzen dira, eta hildakoak ere bai, zoritxarrez. Mendi lasterketetan ez hainbeste, baina nire istripuak, eta bizirik atera izanak badu morbo apur bat.
Zegama-Aizkorri mendi maratoian bukatu nahi duzu zure bidea; Sancti Spiritun elkartzen den jaioterriko jendearekin, Aizkorriko ermitarako pasabide jendetsuan, Zegamako plazan…
Bai, Zegama berriz korrituko dudala garbi daukat. Mendian korrika ibili banaiz Zegama-Aizkorri maratoiari esker da. Euskal Herriaren nortasunaren ispilu da lasterketa hori: zale onak, denak berdin animatzen dituztenak, eta hori beste herrietan ez da gertatzen. Probako antolatzaileak ere lagunak ditut, eta ahalegina egin nahi nuke, ondo sentiarazten nau hainbeste jenderen artean korrika egiteak. Aurten zaila izango da pandemiarekin maratoia antolatzea, ea hurrengo urtean posible den. Bukatzeko helburu xumearekin egin nahi nuke, markarik egiteko presiorik gabe. Ea 2022an posible den.