Euskal Herriko Itzuli zoragarian izan ez diren sprintak eman dira Binakako Txapelketaren play off hauetan eta bezperan Labriten gertatu bezala, azken zuzengunean atzetik etorrita jotako erasoan nagusituta, finalerdietako ligaxkan dira Ezkurdia-Ladis Galarza, Aimar Olaizola-Rezustari 19-22 gailenduta. Iruñean bezalatsu, garaipenak oso kolore gorria hartua zuen Baikoko bikotea 19-14 aurreratu denean, baina bere atzelaria ezinean ikusita, bikotearen zama bere gainean hartu du Ezkurdiak, partidari bere erritmoa ipini eta Goizuetakoa ez da jarraitzeko gai izan, ziurrenik txapelketa batean jokatu duen bere azken partidan.
Binakakoaren aurkezpenean enpresen arteko indarrak orekatzeko asmoa azaldu zuten hauen ordezkariek, baina aurten ere Aspek nagusitasuna izango du bigarren fasean, hiru bikote sailkatu dituelako eta Baikok bakarra. Emozioa egon bada ere, lehen ligaxka hau ere oso desorekatua izan da eta esan genezake bikote orekatuenek baino, bi aurrelari (Altuna eta Ezkurdia) eta bi atzelari (Zabaleta eta Albisu) onenek egin dutela aurrera, hauen bikotekideen lana inolaz gutxietsi gabe.
Gorabehera handiak
Logroñokoa ere ez da, inolaz, partida ona izan, batez ere bi atzelariak tarteka oso deseroso aritu direlako. Partidari ondo ekin badio ere, Ladis Galarzak egin du huts hasieran, pilotaria botea ondo neurtu ezin eta dozena erdi bat tanto galduta. Bote askoko pilotak atera dituzte gorriek eta hauekin Rezusta nahiko eroso aritu da partidaren lehen erdian, baina amaierarako nabarmena zen bergararraren ezkerra, eta baita konfiantza ere, ez direla egunik onenetakoak.
Bakoitza bere estiloan, askoz hobea izan da bi aurrelarien jarduna. Urteak bete arren, lehiakortasuna da Aimar Olaizolaren biltegia betetzen duen elikagaia eta gaur ere erakutsi du halako partidak gustuko dituela. Defentsan bizkor eta ezker gantxoa eraginkor, partida hasiera bikaina jokatu du beteranoak, bere atzelaria eroso egon den bitartean. Hala, eta aurkarien opariei muzin egin gabe, partida euren aldera eramana zutela zirudien lehenengo 12-5 eta askoz aurrerago 19-14 aurreratu direnean.
Partida amaitzeko haizea falta eta amaiera luze egin zaie, ordea, gorriei eta Joseba Ezkurdiak aurretik eraman ditu. Bere gustukoagoa zen pilota bat topatuta, saketik hasita, bere erritmoa jartzeko gai izan denean errotik aldatu du partidaren norabidea, aurkarien gabeziak azalaraziz. Atzean Ladisi eroso jokatzeko aukera eman eta azkenerako behera egin duen Rezustari nagusitu zaio Baraibarkoa eta aurrean Aimarrek ere ezin izan dio aurre egin Arbizuko sprinterrari.
Finalerdietako ligaxka
Honenbestez, dagoeneko badakizkigu hurrengo aste-bukaeran jokatuko diren partiden datak eta frontoiak zeintzuk izango diren. Larunbatean Labriten Elezkano-Zabaletak Altuna III.a-Mariezkurrenaren aurka jokatuko dute eta Ezkurdia-Galarzak Logroñon igandez errepikatuko dute, kasu honetan Peña eta Albisuren aurka.
FITXA TEKNIKOA:
Olaizola II.a-Rezusta:19
Ezkurdia-Ladis Galarza: 22
Pilotakadak: 497. Iraupena: 61,38 minutu. Markagailua: 0-2, 1-2, 1-4, 6-4, 6-5, 12-5, 12-6, 12-10, 14-10, 14-12, 15-12, 15-13, 16-13, 16-14, 19-14, 19-22. Sakeak: 2 Olaizoal II.ak eta 4 Ezkurdiak. Tantoak: 5 Olaizoal II.ak, 1 Rezustak, 8 Ezkurdiak eta 3 Galarzak. Hutsak: 2 Olaizoal II.ak, 5 Rezustak, 4 Ezkurdiak eta 7 Galarzak. Gorabeherak: Playoffetako bigarren jardunaldia Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatu da.