Aroztegian konplexu turistiko bat eraikitzeko lanak gelditzeko kanpaldiak bosgarren eguna bete du Baztanen. Aurreko egunotan bezala, gazte talde bat Lekaroz inguruko eremu honetara joan da eta bertan jarri dira lanak oztopatzeko. Gaurkoan ere Guardia Zibila agertu da Aroztegian baina ez dute akanpadarekin amaitzerik lortu. Makinak arratsaldeko lehen orduetan bertatik joan dira, baina Guardia Zibilaren agenteak han gelditu dira.
Geroz eta jende gehiago dator babesa ematera.#AroztegiaGelditukoDugu pic.twitter.com/XZ4Nqzs43M
— Baztango Gazte Asanblada (@BaztangoGazteAs) April 20, 2021
«Ehundaka urteko haritzak botatzen ari dira (bi aldiz pentsatu gabe gainera); hondeamakinekin erreka birritan gurutzatzen eta suntsitzen ari dira metro gutxitan; zuhaitzak moztu eta hor berean uzten. Jaten ematen diguten nekazal lurrak zementuz bete nahi dituzte. Nafarroako Gobernuan aldaketa klimatikoaren aitzinean euren ‘konpromisoa’ adierazten duten edo ingurugiroaren defentsan ateratzen diren alderdi horiek berak ari dira proiektu hau ahalbidetzen. Onartezina da ingurugiroa babesten dutela erraten duten alderdi politikoek erakutsi duten jarrera. Batzuk proiektua zuzenki bultzatu eta babesten dute eta bertzeak konplize isilak dira. Horrela defendatzen dute lurra?», adierazi dute komunikabideei igorritako ohar batean.
«Landa-eremua sustatzeko planak, jasangarritasuna... gizartearen larritasunei erantzun nahian zenbait alderdik haien buruari ekologismoaren txapa berdea janzten diote. Haiek sustatutako politikek, ordea, kontrakoa adierazten dute. Hipokresia eta herritarroi gezurra errateko kupida falta. Alderdi horien artean Geroa Bai dago, duela gutxi Geroa Sozialberdea izenez haien burua ezagutzera eman duen alderdia. Geroa sozialberde hori lortzeko bidea al da nekazariei lurrak lapurtzea, nekazaritzarako erabili daitezkeen lurrak golf zelaiak eta urbanizazioak egitera bideratzea edo landa-eremu bizi eta osasuntsu bat bultzatu ordez, turistaz bete eta Nafarroan Bernidorm bat sortzea? Argi dago ezetz. Hemendik eskakizun bat dohakio Geroa Bai alderdiari: Sozialberde abizen hori kendu dezazue zuen izenetik, lotsaren izenean. Hobe duzue zuen buruari Geroa Inposatzailea edo Geroa Suntsitzailea abizenarekin aurkeztu», gaineratu dute.
Aroztak kolektiboak adierazi duenez, Poliziaren presentzia «geroz eta handiagoa da, baina bagoaz aitzin. Bertze behin herritarrak elkartu eta Aroztegiko proiektu urbanistikoa babesten duten horiei erran diegu ezetz: hau gure lurra dela, eta haiek zaintzen ez badute, guk egingo dugula».