NAIZ

Mendigorriko guraso batzuek diote D ereduak «arriskuan» jarriko duela bertako eskola bera

Mendigorriko eskola publikoan D eredua lortu ondotik, bertako zenbait guraso haren aurka azaldu dira Nafarroako Parlamentuan, euskaraz ikasteak eskola bera «arriskuan» jarriko duela argudiatuz. NA+ ez bertze alderdi guztiek jarrera hori kritikatu dute eta Geroa Baik «gorroto delitua» ere aipatu du.

Mendigorriko familia batzuen eta Behatokiaren agerraldia, D ereduaren alde, joan den uztailean Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Mendigorriko familia batzuen eta Behatokiaren agerraldia, D ereduaren alde, joan den uztailean Iruñean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Mendigorriko eskola publikoan D eredua lortu eta gero, bertako guraso talde bat haren aurka agertu da Nafarroako Parlamentuan. Ohartarazi dutenez, euskaraz ikasteak «ikasleak pilatzea» bakarrik ez, «eskolaren proiektua bera kolokan jartzea» ere ekarriko du. Navarra Sumak «Bilduren irizpidea gailendu» dela salatu du, eta horren aurrean PSNk «legea betetzea baino» ez dutela egin argitu du. Nafarroa Baik «eldarniotzat» hartu ditu adierazpen batzuk, eta EH Bilduk gai honi «modu eraikitzailean» heltzeko nahia azaldu du.

Marta Soto eta Edurne Echarri izan dira asteazken honetan Juan Maria Espinal Olcoz Mendigorriko eskola publikoko guraso talde baten izenean legebiltzarrean hitza hartu dutenak. Ez dute «besoak gurutzatuta» gelditu nahi izan, «heldu den ikasturtean D eredua errealitate bat» izanen baita jada.

Argudiatu dutenez, ikastetxeak ez du baliabiderik D eredua emateko eta honen alde egiteko erabakia «politikoa» da. Onartu dute badirela euskaraz ikastea nahi duten familiak Mendigorrian, baina erantsi du badirela «eskolan beren seme-alaben ongizatea eta hezkuntza proiektua arriskuan» ikusten dituztenak ere.

«Zergatik halako ekina?»

«Eskola hau ez dago ikasgelak sistematikoki bikoizteko egina, hutsune garrantzitsuak dituelako», azaldu dute. Horregatik, D eredua ezartzeak «gaurko eta biharko ikasleak pilatzea» ekarriko du.

Sotok jakin nahi izan du «zergatik dagoen halako ekina herrian hain eskaera txikia duen hezkuntza-ildo berri bat martxan jartzeko». Gaineratu du «diru inbertsio handia» behar dela eta «dauden baliabide mugatuak denen onerako erabiltzeko lehentasunak ezartzeko» deia egin du, «epe luzeko bideragarritasunari begiratuz».

Echarrik erantsi du bi ereduek ez dutela tokirik Mendigorrian. «Ez gaude D ereduaren aurka, ezta euskararen aurka ere, baina proiektu honek kontu politiko hutsei erantzuten diela uste dugu».

«Eskola ez da familia batzuentzat bakarrik»

Pedro Gonzalez Nafarroa Sumako eledunak «D eredua behin eta berriz eskatu duten guraso gutxi horien» ekinari egin die erreferentzia. «Badirudi eskaera gauzatu eginen dela», aitortu du. «Nazionalismoaren interes politikoak» gaitzetsi ditu, «herritarren gainetik pasatzen direlako», eta kasu honetan «Bilduren irizpidea gailendu» dela salatu du.

Horren aitzinean, PSNko Jorge Aguirrek argitu du «legea betetzea baino ez» dela D eredua ezartzea. Maria Solana Geroa Baiko parlamentaria harago joan da eta argitu nahi izan du parlamentuan mintzatu diren guraso horiek ez dutela zentroko guraso taldearen gehiengoa ordezkatzen, «ezta herriaren gehiengoa ere». Gehitu du ezin dela «inolaz ere argudiatu ikasleen eta eskolaren ongizatea arriskuan daudenik».

«Eldarniozkoak iruditzen zaizkit egin diren baieztapen batzuk», azpimarratu du. Eta Navarra Sumaren planteamendu batzuk «gorroto delitutik hurbil» daudela azaldu du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek nahiagoko luke gai hau «era eraikitzailean» landu, baina D ereduaren kontrako «diskurtso eta jarrera sektario eta murriztailea» azaleratu da, «interes politiko oso argi batekin». Ruizek hitza hartu duten guraso horiei galdetu die «zer eskubide zapaldu dizkieten» eta oroitarazi du «eskola ez dela familia batzuentzat bakarrik».