NAIZ

Hizkuntz gutxituak babestea xede duen Molac Legearen kontra helegitea ezarri dute

Frantziar Asanblea Nazionalak Paul Molac diputatuak aurkezturiko ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ lege historikoa onartu zuen joan zen apirilaren 8an. 60 bat diputatuk horren kontra jo dute Kontseilu Konstituzionalean helegitea ezarriz.

Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren egoitza, Parisen. (NAIZ)
Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren egoitza, Parisen. (NAIZ)

247 diputatu izan ziren alde eta 76 kontra. Hori izan zen joan zen apirlaren 8an frantziar Asanblea Nazionalan eman zen bozketak utzi zuen emaitza.

Paul Molac diputatu bretoiak aurkezturiko ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legea onartu zuen Legebiltzarrak historikotzat jo zen bozketa horren bidez.

Izan ere, apirilaren 22an 60 bat diputatuk helegitea ezarri zuten Kontseilu Konstituzionalean. Erakundeak bere webgunean eman du errekurso horren berri.

Oraingoan bi hilabete dauzka Kontseilu Konstituzionalak aferari buruz bere erabakia hartzeko.

Jakin behar da Molac legeak dagoeneko joan zen abenduan lortu zuela Senatuaren onespena.

Gauzak horrela, Asanblea Nazionalak testua baieztatu ondoren legea promulgatu eta, ondorioz, aplikatu egin behar zen.

Hain zuzen promulgazioa egiteko epea bihar amaitzen zen eta bezperan ezarria izan da helegitea.

«Zeri dioten beldurra?» galdetu du legearen sustatzaile berak. Paul Molacek oharra argitaratu du bere twitter kontuaren bidez helegitearen harira.

Legeak lorturiko babesa nabamendu eta «lasai dagoela» arauak eginen duen bideari buruz nabarmendu du diputatu bretainiarrak. Edonola ere Macronen alderdiko diputatuak emandako urratsa harriduraz hartu duela aitortu du Molacek.

«Demokrazioaren ukazioa eta eskualde hizkuntzekiko mespretxua». Hitz horiekin baloratu du, bestalde, Euskal Elkargoko lehendakariak, Jean-Rene Etchegarayk Kontseilu Konstituzionalaren aitzinean Asanblea Nazionalak onarturiko legea deuseztatzeko 60 diputatuk abiatu duten prozedura.

Peio Jurajuria Seaskako lehendakariak legeak eginen duen bideari buruz bere konfidantza berretsi du.

«Murgiltzea onartu zuen legebitzarrak apirilaren 8an Molac legea bozkatuz. Baina diputatu batzuek helegite bat ezarri dute. Egun batzuk beha egon beharko dugu oraindik Frantzia hizkuntza gutxituen babesteko prest den ala ez jakiteko» adierazi du Twitter sarearen bidez.

Hezkuntza ministroa, kontra

Michel Blanquer Hezkuntza ministroa bera legearen aurka mintzatu zen Asanblea Nazionalean.

Izan ere ganbera horretan, legearen lehen irakurraldian, Gobernua kontra agertu zen eta hezkuntzari buruzko artikuluak kentzen saiatu zen.

Senatuan ere ahalegindu zen Molac legearen ibilbidea mozten, baina gehiengorik ez zuenez, eskuinak gehiengoa baitu bigarren ganberan, aurrera jarraitu zuen lege egitasmoak.

Bigarren pasaian Asanblea Nazionalean kontra agertu zen Martxan alderdia. Alta, bere diputatu batzuek artikuluak bozkatzean ez zutenez disziplina bete, azkenean onartu egin zen legea.

Behin bozketa galduta, orain Kontseilu Konstituzionalaren aurrean helegitea ezarri dute 60 diputatuk, gehienak Martxan eta Modem alderdikoak.

Murgiltze eredua

Legearen tramitazio prozesuan ikusmin gehien sortu zuen artikulua murgiltze ereduari buruzkoa izan zen.

Atal hori litzateke hain zuzen frantsesa Errepublikaren hizkuntz bakartzat hartzen duen Konstituzioa eskutan eztabaida gehiago piztu dezakeen atala, 60 diputatuk erregistraturiko helegitearen harira.

Murgiltze eredua arautzen duen artikuluak suposatzen du hezkuntza publikoan ere ikasleek %100ean eskualdeetako hizkuntzan ikasi ahal izanen dutela.

Parlamentuan ziren 315 diputatuetatik 299k eman dute botoa: kontra 111k eta 150ek alde bozkatu dute.