NAIZ

Bere heriotzaren lehen urtemugan, Jose Luis Zumeta gogora ekarri dute herritarrek

Gaur urtebete zendu zen Jose Luis Zumeta usurbildarra. Lehen urteurrenean, margolari gipuzkoarraren ondarea gogora ekarri nahi izan dute herritarrek.

Bizilagunek eta Udalak Jose Luis Zumetari Usurbilen egin zioten omenaldi xumea. (Gorka RUBIO / FOKU)
Bizilagunek eta Udalak Jose Luis Zumetari Usurbilen egin zioten omenaldi xumea. (Gorka RUBIO / FOKU)

Jose Luis Zumeta margolari usurbildarra gaur urtebete zendu zen. Pandemiak eragindako itxialdian, 81 urte zituela, bere alabak topatu zuen hilik, Donostiako Gros auzoan zuen etxean.

Osasun egoera berezi honetan, ezin izan zen agur ekitaldi berezirik antolatu, baina lehen urtemuga honetan asko izan dira gipuzkoarraren ondarea gogora ekarri eta bere irudia txalotu nahi izan dutenak, duela 365 egunetako «agur eta kolore» mezu olatuari jarraiki.

Soilik Usurbilen egin zioten herritarrek omenaldi xume bat eta gaur ere bere jaioterriko Udaletik hasita, zeinek argazki bat argitaratu duen sare sozialetan, edo herriko Sutegi liburutegitik jarraituta, non gogora ekarri duten apirilaren 23a «liburua eta Zumeta omentzeko» eguna dela zabaldu dituzte omenezko mezuak.

Zumetak informalismoa, espresionismo abstraktua eta arte figuratiboa ere landu zituen ibilbide luze eta oparo batean. Abstrakzioaren bidetik jarraitu zuen azken urteetan, betiere bere lanean ohikoak diren kolore deigarriak erabiliz eta formatu handiko lanei aparteko garrantzia emanez.

Gaur taldearen sortzaile, Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias eta Sistiagarekin batera, gero Ez Dok Amairun eta kultura asteetan, frankismoaren biktimeei egindako omenaldietan edo ‘Nueva Etiopía’ liburu-diskoan parte hartu izanak, bestalde, gizartetik zetozkion zantzuen adi egon zela adierazten du.

Zentzu horretan, GARAri bidegabez egotzitako zorrari aurre egiteko, artearen bitartez gauzatutako elkartasunezko ARTEAGARA ekimenean ere parte hartu zuen, espresuki serigrafia bat eginez. «Laguntzeko parte hartu dut ekimen honetan, gainontzeko kideek bezala. Horrelako gauzak egiten ditut normalean. Serigrafian bi figura, bi aurpegi, ikusten dira. Oso desberdinak bata eta bestea, kontraesana dutenak», nabarmendu zuen orduan. Urte gutxi batzuk lehenago, 500 euskal preso eta artistekin batera, ‘Ametsen liburua’ lanean ere egin zuen bere ekarpena.

Kaleko eta tailerreko artista

Usurbildarrak «tailerreko artistatzat» zuen bere burua. «Gaur egun ez dira ikusten artistak kalean margotzen. Argazkilaritzarekin, sortzeko modua asko aldatu da», adierazi zuen eta horren xarmaren falta sumatzen zuela aitortu zuen udan Donostian jarri zuen erakusketaren harira GARAn argitaratutako erreportajean.

Zumetatarren lantoki kuttuna Usurbilgo Txikierdi auzoan aurkitzen da, errepide nagusitik aldapan gora joanda. Hiru kubok osatzen dute Uxoa Zumetaren serigrafia tailerra, Jose Luis Zumeta margolariaren estudioa eta goialdean prestatu duten galeria. Aitaren aspaldiko proiektua zen hau eta Uxoa alabak gauzatu zuen.