NAIZ

Luxuzko higiezinen salmentek zeresana eman duten astean, gazteen protesta Biarritzen

Biarritzeko eta Donibane Lohizuneko agentzia banatan protesta egin zuen joan zen astean Gazte Ekimena dinamikak. Luxuzko higiezinen salmentak zeresan handia eman duen astean -ia 19 milioi eurotan salgai da etxe bat Bidarten- Prestant agentzian sartu dira gaur hainbat gazte.

Prestant agentzian sartu dira gazte batzuk beste lagun batzuk kalean protesta babesten zuten bitartean. (NAIZ)
Prestant agentzian sartu dira gazte batzuk beste lagun batzuk kalean protesta babesten zuten bitartean. (NAIZ)

Etxebizitza eskubide aldarrikatzen zuten afixak eskutan Biarritzeko Prestant Singular Properties higiezinen agentziara bertaratu dira hainbat lagun, Gazte Ekintza dinamikaren baitan, Bidarteko etxe bat 18,9 milioi eurotan salgai jarri izana salatzeko. Anartean banderola zabaldu dute bulegoaren kanpoaldean bertze hainbat lagunek karrikatik igaro diren herritarrei esku orriak banatu dizkiete etxebizitza bat ukaiteko gazteek dituzten zailtasunen berri emateko.

Horren ondotik agiri baten bidez oroitarazi dutenez, gazteriak Ipar Euskal Herrian bizitzeko dituen zailtasunak lehen lerrora ekarriz, Biarritz eta Donibane Lohizuneko higiezin-bulego banatan aldibereko bi ekimen burutu zituzten joan zen astean.

«Ikuspegi sozial zein ekologikotik jasanezinak diren etxebizitza politikak salatu genituen orduan, azaldu dute.

Gazte Ekintza dinamikak ohar horretan gaineratu duenez «Bidarteko etxebizitza bat
18,9 milioi eurotan saldu nahi duen jabe eta higiezin agentzia baten berri izaterakoan, sumina sentitu dugu gazteok, iruditzen baitzaigu, gure etxetik kilometro guti batzuetara diren horiek ez direla gure bizilagunak, gutako nehork ez baitu Bidarte, Miarritze, Getaria edo Donibane Lohizuneko itsasbazterretan bizitzeko aukerarik».

Hainbat hedabidetan agertu den berriari erreparatuz, Bidarteko Itsas Gaina etxea metro karratuko 31.500 eurotan saltzeko asmoa dutela azpimarratu nahi izan dute gazteek luxuzko higiezinen merkatuan espezializatua den Prestant agentziara bertaratuz.

Bereziki asaldaturik agertu dira prentsan bere burua «Euskal Herriaren maitale gisa» azaldu den agentzia horren langile batek eginiko adierazpenengatik.

«Verdet jaunak, herri hau, orain baino are gehiago, etxebizitza eskubidea bermaturik ez dagoen eta merkatuaren legeak bakarrik agintzen duen lurraldea izatea nahi luke», salatu dute gazteek.

Finean, Gazte Ekintzaren lehen agirian aipatu bezala, bertze hain bat eragilerekin indarrak batuz, «denentzako etxebizitza eskubidearen alde lanean segitzeko» asmoa berretsi dute ekintzaileek gaurko protestaren harira.

«Gazteriaren haserre eta ezinegona antolatzea da gure xedea» baieztatu dute «dinamika berritzaile bezain anbiziotsuaren zerbitzura» bildu nahi dituztela indarrak nabarmenduz. Agerian jarri dutenez «gehiengoak ulertu behar du gure geroa gaur dagoela jokoan».