Oihane Irazu
Elkarrizketa
Iñaki Lekerika Bidaurrazaga
Basalbeiti txakolindegia (Lezama)

«Pandemiak azoketan eta ostalaritzan eragin duen egoera asko nabaritu da salmentetan»

Basalbeiti txakolina Lezamako Goitioltza auzoko familia-upategian egiten dute. Bertan ekoizten den txakolina berezia da erabiltzen diren mahats motengatik: mune mahatsa eta hondarrabi zuri. Beste ezaugarrietako bat da lurra ez dela kaltetzen, ez baitute kutsatzen duen metodorik erabiltzen.

Iñaki Lekerika, Goitioltza auzoko mahastian. Marisol RAMIREZ | FOKU
Iñaki Lekerika, Goitioltza auzoko mahastian. Marisol RAMIREZ | FOKU


Nola hasi zineten txakolinaren mundu honetan?

Ez dakit oso ondo nola hasi ginen, baina hogei urte baino gehiago daramagu txakolinaren munduan. Goitioltza auzoan kokaturiko familia bodega gara, eta Bizkaiko txakolinaren elkartean gaude. Orain, bi hektarea edo bi eta erdi dauzkagu, eta mune eta hondarrabi zuri mahats barietateak ekoizten ditugu.

Zure ustez, zeintzuk dira Basalbeiti Upategiak ekoizten duen txakolinaren berezitasunak?

Gure mahatsak betiko arima mantentzen du, gure betiko mahatsa da. Nik esango nuke hori dela berezitasun nagusia. Gehienek kendu egin dute, baina guk oraindik mantentzen dugu. Gure txakolina bere  ekoizpenerako jatorrizkoak diren mune eta hondarrabi zuri mahatsekin egiten da. Hemengo lurretan jasotako uzta hainbat belaunaldik baserrian egindako lanaren emaitza da. Eta nekazaritzan izandako ibilbidea luzea eta emankorra izanik, txakolina egiteko ez dugu lurra kaltetzen duen metodorik erabiltzen.

Pandemiaren eraginez, aurtengoa urte zaila izan da. Zer moduzkoak izan dira salmentak?

Ba zer esango dizut... atzeratuta doaz. Oso atzeratuta. Buruz esango nizuke, gutxi gorabehera %40 gutxiago saldu dugula. Oraindik ez ditut kontuak atera, baina hortik gertu egongo da. Tabernen egoera asko nabaritzen dugu, itxita dauden ala ez. Irekita egonda ere, taberna batzuentzat murrizketen ondorioak beste batzuentzat baino okerragoak dira (terrazak, barrualdeko itxiera…). Gure salmentarik handiena tabernetan dago, baina azokak ahaztu gabe. Gehienbat taberna eta azoketan mugitzen dugu gure txakolina, eta aurten nabaritu da pandemiaren eragina.