Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos

Sarri, etxean

Joseba Sarrionandia Euskal Herrian da. 36 urte baino gehiago deserrian eman ostean, Iurretako idazlea sorterrira itzuli da. Bidean, literatura- eta pentsamendu-obra oparoa utzi du, iruditeria kolektiboaren zati dena. Fisikoki itzuli da, baina ez da sekula hemendik aldendu.

Joseba Sarrionandia, Iurretan. (Ainhoa Iraola | Anboto.org)
Joseba Sarrionandia, Iurretan. (Ainhoa Iraola | Anboto.org)

Historikotzat jo daiteke Joseba Sarrionandiaren (Iurreta, 1958) itzulera. 36 urte igaro eta gero, Euskal Herrian da, Iurretan, Durangon, sorlekuan. Denbora honetan guztian bere sorkuntza literarioa hauspotua eta loriatua izan da, erreferentzia euskal herritar askorentzat, baita atzerrian ere. Baina alde egin, ez du sekula alde egin gure artetik.

1985eko San Fermin eguna. Gaur egun Martuteneko kartzelako paretek beste arnasgune bat izan lezakete, espetxe politikan gauzatzen ari den aldaketaren lekuko baitira. Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren gainean jarritako Damoklesen ezpatak hor dirau, baina pixkanaka altxatzen doa. Gaur, arnasgune izan liteke Martutene Estatu espainoleko espetxeetatik lekualdatzen dituzten presoentzat. 1985eko uztailaren 7 hura ere poztasun eguntzat har daiteke. Joseba Sarrionandiak eta Iñaki Pikabeak ihesaldia burutzea lortu zuten. Kalean ziren.

Sarrionandiak munduranzko bidea hartu zuen, errealitatea eta literatura esku beretik hartuz. Egun hartan hartutako bidea 36 urtez luzatu bada ere. Bide orok du amaiera, edo segida distortsionatu bat, Sarriren joanak –literarioki betitik herriratua izan bada ere– geldialdi handi bat izan baitu bere bidean. Desiratua, oso. Euskal Herria. Bart “Anboto” komunikabideak zabaldu zuenez, eta NAIZek baieztatu zuenez, Joseba Sarrionandia etxera itzuli da.

Durangaldeko hedabidean eskaini zuen atzo herriratu ondorengo lehenengo elkarrizketa. Halaxe dio ikusitakoaz: «Herri diferentea, plano baten bila nabil (barrez). Jendea ere oso diferentea, ikusten denez, baina ezin dut esplikazio berezirik eman, gauza ezezagunak dira niretzat». Atzera egin du, nahigabeko erreakzio modura, eta urteetan itzulera nolakoa litzatekeen pentsatu ondoan: «Aita ez dut aurkitu, orain urte batzuk hil zen, hogeita hamapiku urtetan ikusi barik. Jende asko falta da, familiakoak, nire lagun batzuk heroinaren sasoian desagertu ziren, beste batzuk istriputan edo gaixorik. Denoi pasatzen zaigu. Denborak pertsona asko jaten du. Apur bat arraroa da sobrebibiente sentsazio hau». Baina ironiari ere eman dio ausardia. Sarrionandia, Madrilgo aireportutik Loiura: «Madriletik Bilbora alboko aulkian andra bat ‘Hola’ irakurtzen, denak nasobukoagaz».

Dena delakoa aho-sudurrean jarrita egin ditu bere lehenengo paseoak oroitzen zituen lurretan barna, nahiz eta harritu duten begien aurrean ikusi dituen hainbat gauzak: «Iurreta Durango zen sasoikoa naiz. Ez nuen Ertzaintza ezagutzen, ETB ere ez dut sekula zuzenean ikusi, harrituta nago hainbeste errotondagaz... Oso diferentea da dena. Antzina ehun urtean aldatzen ziren gauzak, gure belaunaldian hamar urtean. Eta ea ikusten dugun datorrena, munduko bizimodua abiadura handian doa».

Ezaguna zen idazle iurretarraren itzultzeko nahia, ezaguna baita azken denboran Kuban zuela bere ohiko bizilekua. Eta Euskal Herrira itzuli da hamarka deserriratuk orain arte egin duten moduan, Biarritzen 2013an hartutako konpromisoaren ondotik. Familia arrazoiak ere badira atzean, batez ere 2016an aitaren heriotza gertatu ondotik, 31 urte elkar ikusi gabe pasatuta –«31 urte eta egun batzuk, eta zor handi batekin utzi nau, denbora horrengatik»–. Amaren begiek bestelako dirudite egun.

“Oroitzen zaitudanean,
ama,
sukaldean egoten zara
mahaia bostentzat atondu,
aulkian eseri
eta leihotik,
kristala lausotzen duen lurrina ezabatu gabe,
neguari begira
eta ni
—badakit—
zeure begien hondoan nagoela.
Patioan solasean eta lagun batek:
‘Itolarria sentitzen diat...’
Zer den amaren begian egotea!”.

Gertu baina urrun

Joseba Sarrionandia mundu bat da. Eta munduak bizidun oro bere baitako egiten duen moduan, Sarriren literaturan ere bizileku propioa izan du bere obrak irakurri dituen orok. Nahiz iurretarrak aipatu ez garela gure baitakoak.

Errepasatzearren, hor doaz lanik esanguratsuenak. Aurkezpenik behar ez duten sorkuntzak utzi ditu orain arte. Hortxe dira ihes egin aurreko “Izuen gordelekuetan barrena” eta “Ni ez naiz hemengoa”. Baina ondorengoen zerrenda luzea da. “Gartzelako poemak”, “Lagun izoztua”, “Kolosala izango da”, “Hitzen ondoeza”, “Hau da ene ondasun guztia” edo “Moroak gara behelaino artean?”. Azken honekin Euskadi Literatura saria lortu zuen, nahiz polemikaz blaitu zen bere saritzea.

Azken denboran entseguari lotuta ibili da idazlea. “Lapur banden etika ala politika”, “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?”, “Airea ez da debalde” edo “Gauzak direna balira” dira bere azken izenburuak, Pamiela argitaletxearekin kaleratuak. Dietario formakoak. Gaukariak. Habanako hiriburutik idatziak. Politika. Literatura. Pentsamendua. Distantziatik, gertu solastatu den ahotsa izan da Joseba Sarrionandiarena.

Nekeza da bere lehenengo kolaborazioak gogoratzea. Urrun dira garai haiek. “Zeruko Argia”, “Jakin”…. baina gogoangarria, Bernardo Atxaga, Jon Juaristi, Manu Erzilla, Joxemari Iturralde eta Ruper Ordorikarekin batera sortutako Pott Banda. Gaztea zen, idazlea, baita garaia astintzen zuen egoera politikoarekin konprometitua ere.

ETAren baitako militantziak hainbat espetxeren baitara eraman zuen Sarrionandia –noren baitakoa ote da bera?–. Carabanchel, Puerto de Santa Maria, Herrera de la Mancha… eta Martutene. Handik lortu zuen askatasuna, edo sasi-askatasuna, kalea zapaldu ahal izate horren abizena 36 urteko deserria izan baita, azken urte horiek, Kuban pasatuta.

2016an egin zuen publiko iurretarrak bere bizilekua. Etxepare Institutuak irakurletza baten deialdia sortu zuen Habanan eta, postua eskuratu ostean, argitara atera zen obra horien guztien atzean ezkutuan baina ageri bizi izan zen idazlea. Sarrik noraezari utzi zion. Bere baitakoa zena besteon baitako izatera pasatu zen. Edo norberak uste duen horren baitakora.

GARAn eta beste komunikabide batzuetan argitaratutako elkarrizketa baten bidez jakinarazi zuen non bizi zen Joseba Sarrionandiak. Mitoaren hesiak erortzen hasi ziren orduan. Martuteneko espetxean ateratako argazkiek lekukoa izan zuten. Sarri helduagoa. Sarri habanartua. Sarri. Sarri.

Eta halaxe zioen kantak. Etengabe. Izan ere, bere ibilbide literario, filosofiko eta poetiko oparoaz gain, Sarri bada ere euskal kantagintzaren baitatik eratorritako imajinario kolektibo bat. Kortatuk Historiaren (eta larriz jartzeko modukoa da) orrietan lerroratu zuen bere izena. Antologikoa. Gogoangarria. Baina ez ziren bakarrak izan. Mikel Laboa, Ruper Ordorika, edo geroago etorri ziren kolaborazioak, Gose taldearekin osatutako “Gosariak” diskoa, esaterako.

Mito izan da, eta izaten jarraituko du seguru asko, belaunaldi desberdinen lotune baita; batzuek ihes egiten ikusi, eta besteek itzultzen ikusten dute idazle gogoangarria. Beti herriari lotua, amaren begien hondoan zain dagoen lagunaren antzera. Azkenean, haririk gabeko norbanakoa ere badela ikusi dugun arte, bere poemetan idatzi izan duen bezala. Eta paradoxari jarraituz, eta pandemiari eutsiz, ironiari tarte bat egitearren... Gaur, hemen, kriston martxa dabil!

“Ez dakit zer pasatzen den azken aldi hontan
Jendea hasi dela dantzatzen sarritan
Zerbait ikustekoa du bi falta direlakoz
Recuento generalean.
Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarri...”