Maitane Aldanondo

Aintzatespenaz harago doan ekintzaile arteko norgehiagoka

Ekintzailetzaren ekosistema ehuntzea eta indartzea xede duten «CITA Emprende» jardunaldiak egin ziren joan den astean. Egitarauko hitzordu nagusia den startup lehiaketako irabazlea Bilboko Nantek izan da. Harekin lehiatu direnen artean, Hego Euskal Herriko lau egitasmo zeuden.

Hondakin plastikoak bigarren bizitzako produktu petrokimiko bilakatzen dituen Nantek enpresa bilbotarra izan da aurtengo startup lehiaketako irabazlea. (NANTEK)
Hondakin plastikoak bigarren bizitzako produktu petrokimiko bilakatzen dituen Nantek enpresa bilbotarra izan da aurtengo startup lehiaketako irabazlea. (NANTEK)

Enpresa berrien eta inbertsoreen topagune dira “CITA Emprende” jardunaldiak. Hitzaldiak, mahai-inguruak, bakarkako bilerak... Jardueren artean, leku berezia du abiatu berri diren enpresen lehiaketak. Zortzi proiektuk izan dute euren asmoa ezagutarazteko aukera, sariez harago, lagungarri izan dakizkiekeen eragileen interesa pizteko abagunea baliatuz. Bilboko Nantek enpresak lortu zuen sari nagusia.

Pandemiak behartuta, egitura aldatu eta hiru eguneko jardunaldiak online egin dituzte asteartetik ostegunera bitartean. Bigarren egunaren ardatza izan zen aipatu norgehiagoka. Aurrez aurrekotik digitalera jauziak, ordea, gutxi aldatu du lehiaketaren dinamika. Enpresa bakoitzak 10 minutuko tartea izan zuen bere proiektua defendatzeko. Lehenik, hiru minutuko bideoan grabatutako pitching batean laburtu zuten euren jarduna, negozio eredua, merkaturatze estrategia... Ondoren, epaileetako bik egindako galdera bana erantzun behar izan zuten. Betiere, zazpi minutuko muga gainditu gabe.

Proiektuak epaitzeko ardura startupen inguruan lan egiten duten enpresa edo erakundeetako sei profesionalek izan zuten: Geroa EPSV pentsio funtseko zuzendari Virginia Oregui, ADEGIko prestakuntza eta talentu zuzendari Mikel Sarriegi, Bilboko Lawesome Legal Services abokatu bulegoko zuzendari Xabier Alvarez, Norgestioneko zuzendari Jose Antonio Barrena, Caixabanken DayOne programako EAEko zuzendari Fernando Rodriguez eta Telefonicako berrikuntza arduradun Ana Florez.

Aurrekoetan baino bi partaide gutxiago izan dira aurten azken lehian, baina euskal proiektuek nagusi izaten jarraitu dute. Bizkaiko Berba, Nantek eta Appsamblea, Gipuzkoako Nuavis eta Nafarroako Cocuus. Gainerako hirurak, berriz, Madrilgoak: Box2Box, Learnifit eta Hoop Carpool. Jatorriaz harago, negozio eredu, sektore eta balio proposamenak oso bestelakoak dituzte denek.

Heziketatik bozketetara

Heziketa prozesuak digitalizatu eta erronka nahiz lehiaketa bidezko ikasketa etengabea bultzatzen duen Learnifitek abiatu zuen aurkezpenen atala. Ondoren, Box2Box egitasmoaren arduradunak hartu zuen hitza. Ondasunak gordetzeko trastelekuak alokatzen dituzte, jasotzea eta bidalketa barne, denbora eta dirua aurreztuz. Hirugarren izatea, berriz, Nanteki egokitu zitzaion. Carlos Uraga bazkideak azaldu zuen hondakin plastikoak bigarren bizitzako produktu petrokimiko bilakatzen dituztela, eurek garatutako nanoelementu eta erreaktore batzuk baliatuta. Hala, gasa, hidrogenoa, kerosenoa, erregaia edo plastiko berria lortzen dute.

Lehiakideei eta finantziazio bideei buruz Barredak nahiz Rodriguezek egindako galderak erantzunda, lekukoa eman zion Nafarroako ordezkariari. Patxi Larumbe buru duen Cocuusek bost urte daramatza 3D teknologia baliatuta elikagaiak modu industrialean sortzeko proiektua garatzen. Zientzia fikzioa dirudiela onartu arren, argitu zuen in vitro hazitako arrain nahiz okela zelula lerroekin eta pureekin biotintak egiten dituztela eta haiek erabilita, orduan mila txuleta inprimatzeko gai direla. Hala saioaren lehen erdia osatu zen.

Hoop Carpoolek ekarritako proposamena ez da hain berritzailea, baina zenbait berezitasun baditu, hiri barruan autoa partekatzeko zerbitzuak enpresei begira duen eskaintza, kasu. Nuavis gipuzkoarrak plataforma bat sortu du ikusmen artifiziala eta ikasketa automatikoaren bidez, aktiboak eta prozesu industrialak monitorizatzeko. Berbak, berriz, itzulpen zerbitzu aurreratuak eskaintzen ditu itzultzaileen lana adimen artifizialarekin lagunduz. Munduan barrena, ordu eremu ezberdinetan dauden profesionalen artean partekatzen dituzte lanak eta teknologiak testuaren bateratasuna bermatzen du. Azken hitz hartzea Appsamblearen ordezkariarena izan zen. Plataforma honen bidez erakunde, elkarte nahiz enpresek barne bozketak online egin ditzakete modu ikuskagarri eta egiaztagarrian.

Ordu erdiz deliberatu zuten epaileek zein zen bost sarietako bakoitzaren irabazlea eta proposamenen maila altua nabarmendu zuten, «orain arteko onena». Nantek izendatu zuten garaile enpresa eta gizarte «inpaktu handia» duelako eta «teknologia disruptiboarekin arazo global bati aurre egiten diolako». 15.000 euroko balioa duten publizitate agerpenak irabazi zituen. Ez zen aintzatetsitako euskal ordezkari bakarra izan, hirugarrena Berbak jaso baitzuen; eta Geroak emandako 5. sariko 2.000 euroak, berriz, Nuavisek eskuratu baitzituen.
“CITA Emprende” ADEGI eta “El Diario Vasco” egunkariak sortutako egitasmoa da, eta babesle ditu Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Telefonica eta Laboral Kutxa.