NAIZ

Bere emazteari tiro egin dion 68 urteko gizona atxilotu dute Bidarten

Bere emazteari tiro egin zion 68 urteko gizona atxilotu zuten Bidarten larunbatean. Zauriak dituen arren emakumea «arriskuz kanpo da». Igande gauean bere bikotekideari eraso egin zion 29 urteko gizon bat atxilotu zuten Biarritzen.

Baionako komisarian dago atxilotuta bikotekideari eraso egin dion gizona. (Guillaume FAUVEAU)
Baionako komisarian dago atxilotuta bikotekideari eraso egin dion gizona. (Guillaume FAUVEAU)

Apirilaren 24an, osasun neurriek agintzen duten etxeratze aginduarekin batera, arratsaldeko zazpietan egin zion tiro 68 urteko gizon batek bere emazteari ehizerako eskopeta batekin Bidarteko haien etxebizitzan. Emakumeak zauriak jasan zituen gorputzean kartutxoak jaurtikitako perdigoien ondorioz, baina Jerôme Bourrierek, Baionako epaitegiko prokuradoreak jakinarazi duenez, «bere bizia ez dago arriskuan».

Iturri ofizialen arabera «atxiloketaren unean alkoholaren eraginpean zen erasotzailea» eta berea buruaz beste egin nahi zuela adierazi zuen. Ordutik, Biarrizko Polizia etxean dago emazteari tiro egin zion gizona eta gaur arratsaldean eramango dute Baionako epailearen aurrera, «arma batekin hiltzen saiatzea» egotzita.

Bestalde, apirilaren 25eko gauean 29 urteko gizon bat atxilotu zuen Poliziak Biarrizko Campanille hoteleko gela batean berekin zegoen emakumeari eraso egiteagatik eta Baionako komisarian aurkitzen da.

Bigarren kasua denbora gutxian

Oso denbora tarte laburrean eta kilometro gutxiko distantziarekin senar batek bere emazteari tiro egiten dion bigarren aldia da.

Pasa den apirilaren 14an aurkitu zituzten suhiltzaileek Biarrizko etxebizitza batean adineko bikote bateko bi kideen gorpuak.

Ehizerako eskopeta batekin tiro eginda bere emaztea hil ostean, itxura gutzien arabera bere buruaz beste egin zuen gizonak.

Gorpuak apirilaren 14an aurkitu bazituzten ere, ikertzaileen arabera hilketa apiarilaren 11n jazo zen, igandetik astelehenera bitarteko gauean.