M.G.-k 34 urte ditu eta 2018. urteaz geroztik frantziar Estatuan bizi da. Iaz frantses nortasuna duen emazte batekin ezkontzea erabaki zuen. Bere emaztea osasun langile izanik, pandemiaren garaian oso lan ordutegi aldakorrak ditu.
Egoera horretan M.G. bere emazteak aurreko bikote batekin izan zuen Lila alabaren zaintzaz arduratu zen, bere kanporaketari begira atzeman zuten arte.
Abantzu bi hilabete igaro dira geroztik eta gizona Hendaian kokatzen den Migranteak Atxikitzeko Zentroan (CRA, frantsesez) dago.
Alta, tunisiarrak ez zion legea betetzeari muzin egin. Ezkondu eta berehala frantziar Estatuan bere egoera erregularitzeko desmartxa abian eman zuen. Izan ere, eskaera hori errefusatu ondoren bere aurkako kanporaketa agindua eman zuen frantziar administrazioak.
Erabakiaren kontrako errekurtso bat aurkeztu zuen. Tulleko komisaldegian konbokatua izan zen. Eta bertan atxilotu ondoren, otsailaren 18an, Hendaiako erretentzio zentroan sartu zuten.
Apirilaren 19an, Baionan bere auzia iragan zen eta bertan jakin zuen hegazkin bat prest zegoela handik egun batzutara, apirilaren 25ean, kanporatua izateko.
Apirilaren 22an, La Cimade elkarteak ezagutzera eman zuenez Hendaiako erretentzio zentroan M.G.-k bizi duen egoerarengatik sentitzen duen «etsipena» adierazteko, ezpainak jostea erabaki zuen. Denbora berean, jateari eta edateari utzi zion.
«Ez du kanporatua izan nahi, bere emaztea hemen dago eta Lila bere alaba bezala kontsideratzen du. Ez du maite dituenengandik urrundu nahi», azpimarratu zuen elkarteak, administrazioak pertsona migranteen oinarrizko eskubideak urratzen dituela deitoratuz.
Kanporaketa gauzatu ahal izateko, Tunisiak koronabirus test bat egina edukitzea eskatzen du. M.G.-k test hori egiteari uko egin dio.
Osasun neurriak migratzaileen aurka
Bere erabaki horrek Baionako auzitegira eraman du gaur arratsaldean eta bertan, PCR proba egiteari uko egiteagatik bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, Mediabaskek jaso duenez.
Hedabide honek azaldu du gizona oso ahul iritsi dela auzitegira eta ondoezak jota medikuek artatu behar izan dute.
M.G.-ren abokatuak zigorra kritikatu du eta azpimarratu du legeak ez duela PCR probari uko egiteagatik halako zigorrik ezartzeko aukerarik ematen, proba egiteko ezinbestekoa baita pertsonaren baimena.
Era berean, adierazi du europar legeriak ez duela zigor prozedura bat abiatzea baimentzen lehenik bide administratiboak amaitzen ez diren bitartean.
La Cimadek oroitarazi duenez ez da lehen aldia azkeneko hilabeteetan administrazioak osasun neurriak migratzaileen egoera oraindik ere gordinagoa bilakatzeko baliatzen dituela. Horrendako, elkarte horrek frantes Gobernuari eskatu dio «atzerritarren aurkako neurrigabeko errepresioarekin bukatzeko».
Gaur arratsaldean tunisiar herritar horrek bizi duen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute Baionako auzitegiaren aurrean.