NAIZ

Bidarrain antolaturiko besta batekin lotu dute Senperen istripua eragin zuen pertsona

Joan zen asteburuan hiru bide istripu larri gertatu ziren Irisarrin, Aiziritzen eta Senperen. Hiruretan gidari gazteak ziren. Gidari batek txirrindulari bat harrapatu zuen, iduriz legez kanpoko besta batetik bueltan zetorrela.

Senpereko herriaren sarreran gertaturiko istripuan 69 urteko txirrindularia zauritu zen. (NAIZ)
Senpereko herriaren sarreran gertaturiko istripuan 69 urteko txirrindularia zauritu zen. (NAIZ)

Zaurituak eragin zituzten hiru trafiko ezbehar gertatu ziren joan zen asteburuan Ipar Euskal Herrian. Istripurik larriena Irisarrin gertatu zen. Suhiltzaileek parte hartu zuten bidetik atera eta zuhaitz baten kontra jo zuen autoan zihoazen hiru gazteak askatzeko lanetan. Istripua apirilaren 25ean, igandearekin, goizeko 6.50ean gertatu zen eta 22 urteko mutil bat helikopteroz eraman zuten, egoera larrian, Baionako erietxera.

Igandean bertan, goizeko 8.30ean, beste istripu bat gertatu zen, Aiziritzen. Argindar-zutabe baten kontra jo zuen 24 urteko gidari batek. Kasu horretan ere helikopteroz eraman zuten gidaria Lapurdiko hiriburuko erietxera.

Finean, goizeko 10.00etan, 24 urteko azkaindar batek Senpereko sarreran dagoen biribilgune batean txirrindula batean zihoan 69 urteko gizon bat harrapatu zuen.

Azkeneko pertsona hori larriki zaurituta eraman zuten Donibane Lohizuneko poliklinikara. Jendarmeek, ordea, «mozkortuta gidatzen zuen gaztea» atxilotu zuten. Gidabaimena kendu diote gazteari eta heldu den irailean auziari aurre egin beharko dio.

Asteburu guztietan badira besta klandestinoak

Gaur hainbat hedabidek jakitera eman dutenez, azken istripu horren harira ikerketa berria zabaldu du Jendarmeriak.

Gaztea osasun neurriak errespetatu gabe Bidarrai aldean antolaturiko besta batetik zetorren, eta lehen peskizen arabera ehun lagun inguru bildu omen ziren legez kanpoko besta horretan.

Ez da lehen aldia pandemiari aurre egiteko ezarritako arauak urratuz egiten dituzten bestetan parte hartu duten lagunek Poliziarekin topo egiten dutela.

Sei pertsona baino gehiagoko jende bilerak debekaturik badaude ere asteburu gehienetan horrelako besta klandestinoak antolatzen dira Ipar Euskal Herrian.

Aurrekari batzuk aipatzearren, soilik martxoaren azkeneko asteburuan Makean besta erraldoia egiteko bildu ziren 70 bat lagun identifikatu zituzten jendarmeek. Mendi etxola baten inguruan besta bat egin zuten ehun bat lagun atzeman zituzten, bestalde, jendarmeek Ozaze-Züharan.

Martxoaren 20an, berriz, Senpereko aintziraren inguruan antolaturiko ospakizun baten kontra jardun zuen Poliziak.

Jakin behar da joan zen urriaz geroztik ostatuak itxita direla Ipar Euskal Herrian non, gaur egun, 19.00etan ezarria dagoen etxeratze agindua. Atzo Emmanuel Macronek zagutzera eman zuenez, litekeena maiatza erditsuan etxeratze agindua «pixka bat gibelatzea».

Era berean, data horretatik aurrera neurri murriztaileak lausotzeko asmoa baieztatu zuen frantses presidenteak, hala nola ostatuen terrazak eta kultur aretoak, baldintza zorrotzak beteta ere, zabaltzeko baimena jasoko lukete.