Baztango nekazari talde batek eta Erdiz Bizirik ekimenak gogor jo dute meatzea zabaldu nahi duen Magna enpresak bailaran egingo dituen bileren kontra. ‘Erdizko bazkalekuan nekazaritza estentsiboa sustatzeko proiektua’ lelopean nekazarien iritzia bildu eta gero meatzearen proiektuan txertatzea omen da helburua, baina ez daude ados. Duela urte ugari prest du Magna enpresak Erdizen meatzea zabaltzeko proiektua.
«Baztango nekazariak ez gara ergelak eta badakigu Erdizen nekazaritza estentsiboa sustatzeko zer egin behar den: ehun hektareako zuloa larre hoberenetan ez egin, lur azpiko iturriak eta errekak ez hil eta inguruak errautsez, pistaz eta makinaz ez bete. Gainera zuek kontratatutako langileek erran behar al digute gure azienda noiz, non eta nola ibili daitekeen? Zuek agindu behar al duzue Saioako mendiari puska bat kendu eta hau bazkalekuan sartzea?», nabarmendu dute.
«Baztango Batzar Nagusiak, berriki, batzorde bat osatua du herri galdeketa egin ahal izateko gai honen inguruan. Hor adostu beharko litzateke parte-hartze eta erabakitze prozesua. Gauzak horrela, ondokoa galde egin nahi diogu Magnari: Baztandarron hitza errespetatuko duzue? Zuen konpromisoa dugu ez duzuela ondotik UGEP edo espropiazio prozedurarik abiatuko?», galdetu dute.
«Aitzineko galde moduak erantzuten ez dituzuen bitartean ez dizuegu zilegitasunik onartzen inolako parte-hartze prozesurik egiteko, zeren badakigu zertarako erabili nahi dituzuen solasaldi ireki hauek: zuen proiektua nekazarion eta baztandarron hitza errespetatu gabe inposatzeko!», salatu dute.
«Erdizko bazkalekuan bi aukera daude: nekazaritza edo meategia, bizitza edo heriotza, tokiko ekonomia edo multinazionalak. Guk garbi dugu zer nahi dugun, zeren behin Erdizen sartzen uzten bazaizue betiko hondatuko duzue», laburbildu dute.
«Badakigu Magnak bilera hauek parte-hartzea justifikatzeko, nekazariak proiektuarekin ados gaudela eta herri galdeketa ez dela beharrezkoa errateko erabiliko dituela. Hortaz eskaera hau egin nahi dizuegu nekazari eta Baztandar guztiei: ez parte hartu jardunaldi hauetan!», gaineratu dute.