NAIZ

Rosa Martinez-Alcocer aktore eibartarra hil da

Eibarko ...eta kitto! euskara taldeak eman du albiste txarra: Rosa Martinez-Alcocer antzezle, hezitzaile eta ekoizlea zendu da. 54 urte zituen, Durangoko Geroa taldearekin hasi zen antzerki profesionalean eta Frida Kahloren azalean sartuta monologo ederra egin zuen orain lau urte.

Rosa Martinez-Alcocer, Fran Lasuenekin batera, ‘Frida’ antzezlanarekin Donostiako dFerian parte hartu zuenean, orain lau urte. (Gorka RUBIO/FOKU)
Rosa Martinez-Alcocer, Fran Lasuenekin batera, ‘Frida’ antzezlanarekin Donostiako dFerian parte hartu zuenean, orain lau urte. (Gorka RUBIO/FOKU)

Rosa Martinez-Alcocer aktore eibartarra zendu da gaixotasun azkar eta suntsitzaile baten eraginez. Emakume kementsua, antzerkigintza eta kulturaren militantea, agertoki gainean soilik ez, aktoreak hezitzen eta ekoizle lanetan ere ibiltzen zen. Geroa konpainiarekin eman zituen lehen pausoak antzerki profesionalean, 80ko eta 90eko hamarkadetan, ‘Doña Elvira, imagínate Euskadi’ eta ‘Muerte accidental de un anarquista’ obra arrakastatsuekin.

Azken agurra ostegunean Eibarko San Andres elizan emango zaio arratsaldeko 19:00etan.

Urte luzeetan Estatuko zenbait konpainiatan lan egin ondoren, Iris Teatro sortu zuen ondoren, eta honekin ibili da azkenaldian. Besteak beste, Frida Kahlori bizia emanez ikuskizun hunkagarria eman zuen duela lau urte, lagunez inguratuta, Fran Lasuen biolina jotzen eta gaztetxoa zela irakasle izan zuen Paco Obregon zuzendari zirela. Ikusleen artean, lagun ugari eta bere ama, Mila, handik gutxira joan zitzaiena.

Durangoko San Agustin kulturunean estreinatu zuen Martinez-Alcocerrek ‘Frida: Viva la vida’, 2016ko irailean. Antzezlan honekin eman zion hasiera ere Iris Teatrori. Eibarko Coliseo antzokian ere eskaini zuen, herrikideen aurrean, 2017an. Frida Kahlo pertsonaiak liluratzen zuela eta bera interpretatzea «demasa» izan zela aitortu zion orduan ...eta kitto! euskara elkarteari. «Orain dela denbora asko maitemindu ninduen, bai emakume moduan bai bere bizitzak, baina antzerkira eramatea fantasia zen errealitatea baino. Ez nekien nola egin eta zein forma eman. Ez nekien, adibidez, monologoan antzeztuko nuela, azkenean izan den moduan. Humberto Robles mexikarraren testua jaso eta zoragarria iruditu zitzaidan».

Kontatu zuenez, ‘Frida’ egitea oparia izan zen berarentzat, maila guztietan. «Pertsonaia guztien bitartez ikasten duzu beti eta honekin, zehazki, asko ikasi dut. Bizitzari aurre egiteko zuen modua, berak zituen zailtasun guztien aurreko erresilientzia, umorea, adimena, norberaren gainean barre egiteko zuen gaitasuna. Bufoi kutsua ere bazuen, eta baita tragikoa ere», azaldu zuen.

«Egiten dudanean sinetsi behar dut»

Mugalari.infon, hala adierazi zion aktoreak elkarrizketa egin zion Andoni Ruiz Larringan kideari: «Niretzat ezinbestekoa da egiazkoagoak diren beste adierazpide batzuk deskubritzen joatea, pertsonaiak aberasteko eta hobeto komunikatzeko. Hori da interesatzen zaidan bilaketa eta hortik egiten dut lan».

Onartu zuen Fridaren esaldi batzuei ahotsa jartzeko gogoa sentitu zuela haiekin identifikatzen zelako, baina ez zuen esan zein esaldi ziren horiek. «Nire denbora hartzea gustatzen zait eta egiaz egin nahi dudana aukeratzeko baimena ematen diot nire buruari. Egiten dudanean sinetsi behar dut».

Antzerkia, Eibarrekin oso erlazionatua

Jaioterriari buruz, honakoa esan zion Rosa Martinez-Alcocerrek etakitto.eus-i ‘Frida’ bertan antzeztu zuenean: «Eibartarra naiz, eta nahiz eta aspaldi bizi naizen hemendik kanpo, Eibarren aritzea oso berezia da. Beste egunean nire buruari galdetzen nion ea zergatik zen horrela. Institutuan Poxpolo eta Jesus Cimarrok antolatzen zuten antzerki taldean eman nituen lehen pausuak antzerki munduan, gero Eibar-Ermua antzerki tailerrean jarraitu nuen, Geroarekin egin nuen lehen antzezpen profesionala Antzerki jardunaldietan aurkeztu genuen eta Geroaren azken saioa ere bertan eskaini genuen. Beraz, antzerkia Eibarrekin oso erlazionatua dago niretzat. Eibarren aritzea gozagarria da eta beste egunean etxean bezala sentitu nintzen».

Pedagogoa ere bazen Martinez-Alcocer eta makina bat antzerki tailer eman zituen, Durangoko Alondegi zaharrean eta Berrizen, besteren artean. Txintxaun antzerki kolektiboko partaide ere bazen.