NAIZ

Pello Lizarralderen ‘Argiantza’, 2020ko liburu gogokoena 111 Akademiarentzat

111 Akademiako kideek Pello Lizarralderen (Zumarraga, 1956) ‘Argiantza’ eleberria izendatu dute 2020ko libururik gogokoena. Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honen azken bueltan Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’ eleberria izan du lehiakide.

Pello Lizarralde. (Juan Carlos RUIZ /FOKU)
Pello Lizarralde. (Juan Carlos RUIZ /FOKU)

111 Akademiak Pello Lizarralderi emango dio 2020ko saria. 202 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 117k parte hartu dute 2020ko sariduna izendatzeko 2021eko urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Lizarralderen lanak Joxean Agirreren ‘Nobela errealista bat’ eleberria izan du lehiakide azken bueltan.

Iazko etenaren ostean, aurten jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa du 111 Akademiak ekainaren 10ean. Edonola ere, osasun egoeraren bilakaera ikusi ahala hartuko dituzte antolatzaileek ekitaldiaren inguruko erabakiak.

Liburua aurkeztu zuenean aipatu zuenez, ‘Argiantza’ (Erein) eleberrian neoliberalismoaren amildegiaren lehen adreiluaren bila abiatu da Pello Lizarralde. «Mundu bati, izate eta bizitzeko aldarte bati ematen zaion adioa. Atzean gelditzen den mundu horren arnasa eta denboraren sosegua sentiarazten dizkio egileak irakurleari. Literatura ale bikaina da Lizarraldek osatu duena», dio Akademiak. Saria ematean hauxe aipatu dute: «Obraren laburpena irakurri ondoren ez dirudi liburuak irakurlea inora eramango duenik, baina bere idazkeraz lantzen duen poetika bikaina da, deskribapen hutsak benetan gozatzeraino harrapatzen du irakurlea eta bertan egoteraino lekualdatzen. Idazkera maisutasun osoz erabiltzen du oso ariketa ausart batean eta emaitza, zinez, ederra da».

Mende laurdena bete du aurten Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz.

Joxean Agirrek irabazi zuen lehen edizio hura ‘Elgeta’ obrarekin, eta gutxi falta izan zaio idazle azpeitiarrari 25. urteurrenean berriz ere saridun izateko; esan bezala, ordea, Pello Lizarralderen aldeko hautua egin dute azkenean akademiakideek.

2019koan, Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ suertatu zen irabazle.