NAIZ

Presoak «etxera lehenbailehen etor daitezen», Sare eta Etxeraten mezua azken ostiralean

Etxeratek eta Sarek euskal presoei legedi arrunta aplikatzeko eskatu dute, «etxera lehenbailehen etor daitezen». «Salbuespenari eusten dioten gainerako neurriei amaiera emateko lanari ekitea» planteatu dute azken ostiraleko irakurketan.

Elkarretaratzea Iruñean, apirileko azken ostiral honetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Elkarretaratzea Iruñean, apirileko azken ostiral honetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

«Euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzea da eskatzen duguna, etxera lehenbailehen etor daitezen». Hala adierazi dute Etxeratek eta Sarek gaur, apirileko azken ostiral honetan eginiko elkarretaratzeetan.

Gogoratu dutenez, presoak Euskal Herri ondoko espetxeetara eta, kasu batzuetan, euskal espetxeetara lekualdatzeko «erritmo motel eta sumingarriak» jarraitzen du; eta horrek «amaiera eman beharko lieke 30 urtetik gorako sufrimenduari, urruntzeari eta sakabanatzeari».

«Beraz, eszenatoki berri baterantz goaz, presoentzat eta guretzat egoera hobea ezagutzen ari gara, eta hemendik aurrera, euskal gizartearen eta eragile politiko eta sozialen bultzadak fruituak eman eta Espainiako Estatuaren blokeoa apurtzen denean, salbuespenari eusten dioten gainerako neurriei amaiera emateko lanari ekitea planteatzen dugu», gaineratu dute.

Hala, «kondena luzeak eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 19 presoen eta haien familien sufrimenduarekin» amaitu behar dela ohartarazi dute Etxeratek eta Sarek, eta Mikel Arrieta errenteriarraren kasua aipatu dute adibide bezala.

«21 urte daramatza espetxean eta iaz bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak iragarri berri du Soriatik Martutenera hurbilduko duela, baina aske utzi beharko luke bere gaitz kroniko larria baldintza egokietan tratatzeko bere ingurukoen ondoan», azaldu dute.

Joseba Arregiren kasua ere ekarri dute gogora. Oñatiarrak 75 urte ditu eta 29 urte daramatza espetxean, «onartezina da oraindik kalea zapaldu gabe jarraitzea, ezta baimen batekin ere, zigorraren horu laurdenak beteta dituenean».

«Arregik pairatzen duen egoera ondorio konponezinak izaten ari da berarentzat eta bere familiarentzat. 2021ean zehar, zigorren hiru laurdenak beteta izango duten euskal presoen kopurua 63 izango da. Espetxea uzteko ordua da. Etxera itzultzeko garaia da», esan dute.

Deportazioarekin amaitzeko beharra

Bestetik, gogoratute du hilabete honetan bost eta urtebete bete direla, hurrenez hurren, Angel Aldana eta Jesus Ricardo Urteaga euskal deportatuak hil zirenetik. «Koldo Zurimendi beste deportatu ohi batek azaldu duenez, bihar berandu izango da deportazioarekin amaitzeko». Deportatuak eta erbesteratuak itzultzeko garaia da», ohartarazi dute.

Eta Agustin Azkarate eta Joseba Sarrionandia itzuli ondoren 33 erbesteratu eta 8 deportatu geratzen direla salatu dute elkarretaratze hauetan, «preskripzio-epeak luzatzeko joko zitalak eta abokatuei informazio juridikoa ukatzeak markatutako linbo batean harrapatuta».

Euskaldunako Akordioa

Amaitzeko 80 udalerritan baino gehiagotan Euskaldunako Akordioa berretsi izana «begi onez» ikusten duela adierazi du. Akordioa EAEko sindikatu guztiek eta gehiengo politikoak abenduan lortu zuten, urruntzeari amaiera emateko eta espetxe politika normalizatua ezartzeko.

«Era berean, aintzat hartzen ditugu sakabanaketaren testuinguruan onartzen ari diren senideen sufrimendua aitortzeko mozioak. Berriz diogu desberdinen arteko akordioak eta mobilizazioa, maiatzaren 8an Sarek proposatzen duena bezalakoak –Euskal Herriko 650 menditara igotzea–, eskubideen urraketei amaiera emateko eta konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko tresnak direla», esan du elkarteak.