NAIZ

«Nork markatzen du Jaurlaritzaren norabide politikoa?», galdetu du EH Bilduk

«Nork markatzen du Jaurlaritzaren norabide politikoa?», galdetu du EH Bilduko parlamentari Josu Estarronak, Lakuaren Gobernuaren plan estrategikoak enpresa pribatuek egiten dituztela jakin eta gero. Larritzat jo du hau eta Parlamentuan azalpenak eskatuko dituztela nabarmendu du.

Josu Estarrona EH Bilduren parlamentaria. (Juanan RUIZ/FOKU)
Josu Estarrona EH Bilduren parlamentaria. (Juanan RUIZ/FOKU)

EH Bilduk azalpenak eskatuko ditu Gasteizko Parlamentuan «benetan kezkagarria delako jakitea Jaurlaritzaren lege eta plan estrategiko ugariren egileak ez direla bere departamentuetako langile eta teknikariak, enpresa eta kontsultora pribatuak baizik».

«Gobernu bati norabide politiko zehatz bat markatzea eta ikuspegi estrategikoa erakustea eskatu behar zaio beti, eta berari dagokio norabide estrategiko hori plan eta legeetan islatzea. Hori da bere lana, besteak beste», gaineratu du Josu Estarrona parlamentariak Lakuako Gobernuaren planak enpresa pribatuak egiten dituztela jakin ondoren.

«Larria eta kezkagarria da ikustea Urkullu, hein batean behintzat, enpresa pribatuen esku uzten ari dela bere gobernuaren norabide politikoaren definizioa. Bere plan estrategikoak edota lege proiektuak enpresa pribatuek egiten badituzte, nork markatzen du bere norabide politikoa? Gobernu Kontseiluak edo enpresa horietako administrazio kontseiluek?», galdetu du.

«Ezaguna zen EAJren gobernuek zerbitzu publikoak pribatizatzeko duten joera, baina izugarria da Funtzio Publikoa bera externalizatzea eta pribatizatzea. Batetik, teknikari publikoen gaitasuna ezbaian jartzea suposatzen duelako nolabait; bestetik, interes orokorra baztertzeko arriskua dakarrelako ezinbestean, interes pribatuen mesedetan», erantsi du Estarronak.

«Halaber, larria da, baita ere, Jaurlaritzak diru publikoa erabilita kontratatutako lan batzuk EAJ eta PSE talde parlamentarioek modu pribatuan baliatzea Legebiltzarrean egiten duten lana errazteko. Praktika horiek Gobernua eta alderdia nahastearen ondorio dira. Hala, onartezina da Gobernuak ordaintzea, adibidez, gero EAJk eta PSEk aurkeztu zuten Diru-Sarrerak Bermatzeko Legeari buruzko proposamenaren erredakzioa, edota Gobernuak kontratatzea Kirol arloko lanbideei buruzko lege proiektuaren tramitazioan oposizioak eginiko zuzenketen inguruko gestioa, hori talde parlamentarioen lana denean», adierazi du.