NAIZ

Pellistrik eta Duartek Alavesen lanerako buelta poztu dute, lan saioaren zati bat osatu baitute

Facundo Pellistrik eta Ruben Duartek lan saioaren zati bat osatu dute astearte honetan taldearekin, Eibarren kontra galdu ostean Alaves lanera bueltatu den egun berean.

Ruben Duarte, Alavesekin gaurko lan saioan Ibaian. (DEPORTIVO ALAVES)
Ruben Duarte, Alavesekin gaurko lan saioan Ibaian. (DEPORTIVO ALAVES)

Kolpe gogorra jaso zuen larunbatean Alavesek, Eibarren kontra galdu ostean (3-0). Babazorroek bolada bikaina zeramatzaten eta jaitsiera postuetatik aldentzea lortu zuten, baina Ipuruan jasotako porrotak eskalada moteldu du.

Javier Callejak atsedena eman zien astelehenean jokalariei eta astearte honetan bueltatu dira lanera Ibaiara. Bertan albiste ona jaso dute gasteiztarrek; izan ere, Facundo Pellistrik eta Ruben Duartek lan saioaren zati bat osatu baitute. Ely, Cordoba, Burgui eta Javi Lopez zaurituak, aldiz, ez dira egon Ibaian.

Bi jokalariak berreskurapen prozesua jarraitzen ari dira eta gaur entrenamenduaren hasiera tarte bat osatu dute. Erdilari uruguaiarrak ezin izan du minutu bat jokatu Calleja babazorroen aulkira iritsi zenetik, gihar-mina izan baitu ezkerreko izterran.

Hala, Pellistrik ezin izan zuen Athleticen aurka jokatu. Huesca eta Vila-realen kontrako partidetan bueltatu zen, baina berriro nabaritu zuen mina eta ezin izan zen Valentzia eta Eibarren kontra aritu.

Bestalde, Ruben Duarte Huescaren aurkako partidan, atsedenaldian hain zuzen ere, aldatu behar izan zuen Callejak, oinean zuen minagatik. Almeriarra hiru partida egon da jokatu ezinik, eta orain Levanteren aurka berragertu daiteke.

Atzoko atseden egunaren ostean, harrobiko Eneko Ortiz, Hugo Perez eta Robert Vallribera aritu dira lehen taldearekin.