NAIZ

Pandemiarekiko gogoetak bildu ditu Iñaki Segurolak ‘Koiteretzia’ eleberrian

‘Koiteretzia’ eleberrian, 2020ko martxoaz geroztik bizimoduak izan duen aldaeraz dihardu Iñaki Segurolak, pandemiarekiko jarrera ezberdinak dituzten hiru pertsonairen ahotsetatik. Horien pentsamenduaren bilakaera biltzen du eleberriak.

Iñaki Segurola, ‘Koiteretzia’ eleberria eskuartean duela. (Jon URBE | FOKU)
Iñaki Segurola, ‘Koiteretzia’ eleberria eskuartean duela. (Jon URBE | FOKU)

«Eleberri dialogikoa» da Iñaki Segurolaren ‘Koiteretzia’ (Alberdania): «Platonen elkarrizketen tankeran osatu dut nobela, baina 350etik gora orrialdetan. Xelebrea, ezta? Platonez esan ohi dena zera da: zerbait ikaspen atera, zerbait irakatsi. Nirean, ordea, ez da ondorio garbirik ateratzen. Hasieran jarrera garbi-antzekoak ageri dira elkarrizketan ari diren hiru pertsonaien arteko jardunean, bai pandemiari buruz, bai honetaz eta hartaz, bai bitartean gertatzen direnei eta zaizkienei buruz, baina, bizitza eta mundu errealean ohi den moduan, iritziak eta jarrerak lausotu besterik ez dira egingo denborak eta gertaerek aurrera egin ahala», azaldu du egileak.

Ez dago, beraz, narratzailerik, kontatzailerik, ez orojakile ez bestelakorik. Idazleak argitu duenez, «elkarrizketan ari dira neska gazte, gizon heldu eta mutil gazte bat, euren bizitza propioetan gertatzen direnei buruz solasean, eta 2020ko martxoko bizi-etenaz geroztikako munduaren berri ematen dute, sasoi xelebre eta ustekabekoena gertatu den honetan». Haietako bi, kritikoak dira pandemiarekiko, «negazionista» edo «konspiranoikoak», Segurolaren hitzetan, eta bestea «ofizialista» da. «Hortik aurrera, gauzak gertatzen dira, eta, orrialde eta gertaeren joanean, lausotu egingo dira hasierako jarrera gotor horiek», azaldu du.

Jorge Jimenez-Bech Alberdaniako editoreak azaldu du eleberrian badela heriotzarik, badela sexurik, «baita euskal gatazka deitzen den horren nolabaiteko presentzia ere». «Baina, batez ere –gaineratu du idazleak–, pentsamenduaren bilakaera dago, eboluzioa, elkar eraginez pertsonaia bakoitzarengan sortzen diren zalantzak eta horiei ematen zaizkien irtenbideak».

«Argudioak ematea –erantsi du editoreak– eta norberaren ideiak oinarri sendo baten gainean eraikitzea demodé dagoen honetan, ‘Koiteretzia’-ko hiru pertsonaiek argudioak elkarri emanez eraikitzen dute arrazoibide partekatua. Ziurgabetasunaren aro honetan, ziurtasun askotan merkearen arriskuez ere ohartarazten gaituen eleberria da».

Egileak ahozkotasuna, ahozko hizkera ere lantzen du, «ez, inola ere, eredu bat proposatzeko; bai, ordea, kontakizuna naturaltasunez eta euskal belarriarentzako modu akaso gozagarriagoan ontzen saiatzearren. Hortik dator, baita ere, izenburua. Horra, adibidez, pertsonaietako batek ‘koiteretzia’ hitzari buruz dioena: «Covid-19 izen ofiziala hartzen duk, eta esan kobitemeretzi axkar-axkar bi edo hiru aldiz, eta aterako zaik, edo neri behintzat ateratzen zaidak koiteretzi, eta horixe pentsatu diat erabiltzea gaitz hau izendatzeko».