Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Elkarrizketa
Ander Izagirre
‘Cómo ganar el Giro bebiendo sangre de buey’ liburuaren egilea

«Italiako Giroak baditu oraindik abentura basati baten aztarnak»

‘Nola irabazi Giroa idi odola edanez’ liburua argitaratu berri du Ander Izagirrek. «Niretzako abentura liburu bat da. Erakargarriena da denetik gertatzen dela. Giza portaeraren alde guztiak agertzen dira», azaltzen du idazle donostiarrak.

Ander Izagirre, Gran Sasson. Bertan Pantanik egan egin zuen eta naziak egan joan ziren Mussolini erreskatatzera.
Ander Izagirre, Gran Sasson. Bertan Pantanik egan egin zuen eta naziak egan joan ziren Mussolini erreskatatzera.

«Sekulako pertsonaien desfilea». Modu horretan definitzen du Ander Izagirre idazle donostiarrak Italiako Giroaren historiari errepaso zabal bat ematen dion ‘Nola irabazi Giroa idi odola edanez’ lana. Partisanoak, faxistak, Mussoliniren erreskatea Nazien kontu Pantanik egan egingo zuen eszenatoki berean, azken honen heriotzerainoko bidaia tragikoa, Bartali eta Coppiren istorio eta mitoak, Moser eta Saronniren alde Italiatik mendiak desagertu zirenekoa edo Nibaliren kontzientzia historikoa, garaian garaiko Italia ezagutzeko parada emanez. Guzti horien artean, matxismoari aurre egin eta eredu izan ziren Alfonsina Strada eta Florinda Parenti ere badatoz bi gurpilen gainean, nahiz eta txirrindulariak baziren ama ezin izango zirela izan entzun behar izan.

Ez UCIk ez AMAk ez dute idi odola debekatzen. Hala ere, liburuan kontatzen dituzun trikimailu guztien artean, hori hautatu duzu izenburutzat.

Deigarria egiten zait eta baliogarria erakusteko, lehia bat dagoenean, lehian daudenek beti aurkitzen dutela modu bat bestearen gainetik pasatzeko. Guretzat oso deigarria da duela 120 urte nolako metodoak erabiltzen zituzten horretarako. Dopajearen kontua etengabe dago liburuan eta uste dut badela isla bat gure gizartea nola aldatu den erakusten duena.

Sar gaitezen pixkat liburuan, baina lehenbizi, aurrekari garbi bat du. ‘Plomo en los bolsillos’, Tourraren inguruan eta orain Giroaren inguruan idatzi du.

Azken urteetan harremana izan dut Italiarekin, boladak eman ditut han eta afizio hutsez hasi nintzen dokumentazioa biltzen, liburuak irakurtzen. Eta konturatu nintzen Giroaren historia, literaturaren aldetik, oso indartsua dela. Italiako historia kontatzeko balio du, gizartearen bilakaera.

2020an ia urte osoa bizikletaz bidaiatzen pasa behar genuen Italian zehar, baina konfinamendua iritsi zen eta ikusi nuen materiala banuela, beste zereginik ez eta idazten hasi nintzen itxi egin gintuztenean.

Tourgizona edo Girogizona da Ander izagirre?

Orain Giroarekin oso maiteminduta nago urte guztia pasa dudalako bere historian sakontzen. Tourrak dimentsio global handi bat dauka, baina Giroak badauka abentura kutsu indartsu bat. Giroak badu oso gauza kurioso bat: XXI. mendean ere badauka bere historiaren kontzientzia bizia, lehen aldi edo iragan epikoaren kontzientzia eta horregatik sartzen ditu asfaltatu gabeko bideak, elur arteko kriston mendiak… Giroak baditu oraindik abentura basati baten aztarnak.

Nola idazten da horrelako liburu bat?

Gaur egun informazioa eskuratzea askoz errazagoa da. Sekulako murgilketak egin ditut orain dela 60 urteko hemerotekatan. Orain irakurri ditzakezu Coppi eta Bartaliren garaiko periodikotan argitaratzen ziren kronikak edo elkarrizketak eta hori sekulako altxorra da. Italian gainera literatura handia dago. Eta nik elkarrizketekin osatu nahi nuen. Marino Lejarreta eta Miguel Mari Lasa adibidez, Italian ibilitako euskaldunak, Giroa asko maite izan dutenak.

Gero bizikleta bidaia hori egin genuen, hiru hilabetez, eta aprobetxatu nuen Florinda Parenti elkarrizketatzeko. Italian, 1960ko hamarkadan emakumeek nolako zailtasunak zituzten lehiatzeko.

Giroa oso egoera edo oso Italia berezi batean sortu zen.

Giroa beti da Italiaren isla. Kazetariek publikoa istorio handi batekin erakarri nahi dutelako sortzen da, baina hor atzean badago ideia nazional bat, nolabait esateko, frantsesek Tourrarekin egiten zuten bezalakoa. Eta hasieratik ikusten da nolakoa den Italia. Badauzka min batzuk. Adibidez badaude hiri batzuk garaian Italiatik kanpo daudenak, Niza, Trento edo Trieste eta bertara joan nahi dute, baina ez dira Italiaren parte. Hegoaldera ezin dira iritsi ez dagoelako errepiderik eta horrek erakusten du iparraldearen eta hegoaldearen arteko zulo hori. Gerrek izan zuten eragina ere etengabe ikusten da.

Giroa, niretzako, sekulako pertsonaia batzuen desfilea da. Partisanoak daude, faxistak, lehen mundu gerrako soldaduak. Etengabe jasotzen du Italian gertatzen ari dena. Politikoki, sozialki. Mussolinirekin faximoak nola erabili nahi izan zuen txirrindularitza, adibidez. Etengabe dago lotuta Italiaren historia.

Tranpak edo amarruak, penak, miseriak, amodio istorioren bat, lasterketa historikoak, heriotz tragikoak… Ia fikzioa dirudi.

Niretzako abentura liburu bat da. Erakargarriena da denetik gertatzen dela. Giza portaeraren alde guztiak agertzen dira. Heroiak, argi berezi bat duten pertsonaiak, gerra sufritu dutenak, traidoreak, iruzur egiten dutenak. Gizakiaren eskaparate bat da. Nahiz eta txirrindularitza gustatu ez, hau abentura liburu bat da. Politika dago, amodioa dago, dopajea dago etengabe. Txirrindularitzak asko ematen du literarioki. balio du gizakia nolakoa den erakusteko bere argi eta ilunekin.

Medikuek ez zioten baimena eman nahi, esanez emakumeek ezin zutela txirrindularitza kirol bezala egin, bestela ezingo zituztela etorkizunean seme-alabak izan

Dopajea etengabe. Heroiak eta antiheroiak?

Garai batean ez zen dopajerik existitzen ez zegoelako dopajearen kontrako legerik. Ez zen ilegala. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen eta sozialki ere ez zegoen gaizki ikusia. Bigarren mundu gerran zabaltzen dira anfetaminak, armadek erabiltzen dituztelako eta beti esan izan da ikasleek edo kamioi gidariek ere erabiltzen zituztela. Ba txirrindulariek nola ez? Ez zegoen araurik. Ezin dugu epaitu orain gure egungo legeekin.

Orain dela 100 urte arrautza gordinak eta kafea azukrearekin hartzen zuten, gero anfetaminak eta legeekin bai hasten da dopajea. Termino legal bat da, ez morala. Hala ere mota guztietako iruzurrak egiten saiatzen dira. 80. hamarkadan hasten da odol dopajea Moserrekin eta gero EPOaren garai ilunena iristen da, oso ondorio latzak dauzka. Niretzako istorio... uf! hunkigarrienetako bat Marco Pantanirena da. Marco Pantani, denok dakigu iruzur egin zuela, ez zuen inoiz onartu, pertsonaia ilun bat da alde horretatik. Baina fenomeno oso berezi bat da nola eraman zuten aldaretara Italian eta mundu osoan eta gero nola ondoratu zen putzu beltz horretan. Suntsitutako gizaki bat zen. Eta bere azken urteak ezagutzea oso istorio tristea da. Dopajeak nola eraman zuen suntsipen pertsonalera eta heriotzera.

Gero itzuliko gara Pantanirengana, baina lehen aipatu duzu Florinda Parenti. Kasu honetan emakumeak ere ekartzen dituzu liburura bi istorio berezirekin.

Konturatu nintzen hori hutsune bat zela aurreko liburuan eta bete egin behar nuela. Alfonsina Stradaren irudia hor dago (1924ko Giroan parte hartu zuen emakumea), tranpolin bezala, baina ez da ezaguna bere kontestua. Emakume txirrindulariak belodromoan aritzen ziren erakustaldiak egiten. Gehiago ziren zirko atrakzio bat, izterrak erakusten. Stradak tranpolin batetik egiten zuen salto bizikletan, akrobaziak. Emakume txirrindulariak gauza exotiko bat ziren.

Hortik aurrera, 1960tik aurrera, pixkat egonkortzen hasten da emakumeen txirrindularitza. Aitzindari horien arteko bat ezagutzeko aukera izan nuen, Florinda Parenti. Eta sekulako pertsonaia da. Berak erakusten du oso ondo zenbat oztopo gainditu behar zituzten. Bere familia, italiar emigrante asko bezala, Belgikara joan zen, meatzetara lanera. Eta bera 16 urterekin, guztien kontra, hasi zen bizikletan. Medikuek ez zioten baimena eman nahi, esanez emakumeek ezin zutela txirrindularitza kirol bezala egin, bestela ezingo zituztela etorkizunean seme-alabak izan. Horren kontra, familiaren kontra batzuetan. 17 urterekin motxila hartu eta asteburuetan Belgikan gora eta behera trenez ibiltzen zen lasterketetara joateko. Eta sekulako bazterketa jasotzen zuten Italiako federazioaren aldetik. Prentsak ere oso modu itsusian tratatzen zituen, ikuspegi oso matxista batetik. Beti txantxetan, adarra jotzen, politak edo itsusiak ziren. Berak mespretxu horien kontra sekulako ibilbidea egin zuen. Istorio ezagunenen itzalak bilatzea gustoko dut eta hau itzaletan itzalena da. 

Bide horretan txirrindulari asko errepasatzen dituzu: Bottechia, Bartali, Coppi, Moser, Gimondi, Pantani… Baina nor da Vincenzo Torriani?

Giroa den bezalakoa da Torrianiri esker. Oso pertsonaia polemikoa izan zen, baina sekulako ekimena zeukana Giroa berritzeko, orijinala izateko, eszenatoki berrietara eramateko. Berak deskubritu zituen Gavia edo Stelvio. Leku oso berezietan sartzen zuen Giroa. Venezian erlojupeko bat egin zuten San Marco plazara iristen zena eta pasarelak jarri zituen txirrindulariak pasatzeko. Miguel Mari Lasak kontatzen du.

Torriani oso polemikoa zen. Batzutan egiten zuen italiarrei laguntzeko, Moser edo Saronniren Giroetan kasu, baina kanpoko figurak, Hinault edo Anquetil, ere ekarri nahi zituen. Natura, paisaia oso garrantzitsua bilakatu zuen. Giroak daukan izaera abenturero edo basati hori Torrianik eman zion eta liburuaren pertsonaia nagusietako bat da.

Liburua XXI. mendean amaitzen da, Nibali, Quintana eta Froomen garaipenekin, baina ez da hainbeste sakontzen txirrindulari horien barne istorioetan (Nibalirekin zerbait bai).

Denbora behar da. Tentazioa liburua Pantanirekin amaitzea zen. Istorioak erakargarriak egiten zaizkigu denbora pasa denean eta gizartea pixka bat aldatu denean. Honela distantzia pixka bat daukagu ikusteko zer gauza ziren desberdinak. Baina orain dela bi urteko kontu batean zaila egiten zait. Baina gure egunetaraino ekarri nahi nuen, batez ere, Nibali bezalako pertsonaia bat dagoelako. Nire ustez, kontzientzia bizia dauka Giroaren historiarekin. Etxean Moser miresten zuten, Gimondiren figura erreferentzia bezala, bazekien berak ikuskizuna eman behar zuela elurretan, lokatzetan… Giroak behar duen epika horretan, Nibali izan da lekukoa hartu duena.

Pantanik ziklismoa maite zuen txikitatik, ziklista izan nahi zuen eta berak onartzen du sistema horretan sartu zela bere ametsa betetzeko

Eta Froomekin amaitu.

Hor itzal batzuk daude ere, amaieraraino, dopajearekin. Baina ekarri nahi nuen. Froomek gozatu zuen Giroarekin Tourrean sekula gozatu ez zuena. Abentura bat bizi izan zuen. Irabazi zuen 80 kilometroko erasoaldi zoro batean, lurrezko zoru batean sekulako mendatean gora, elur hormen artean. Berak esaten du: “Hau umeetan bezala izan zen. Hartu bizikleta eta segi nire atzetik ahal baldin baduzu”. Gustatzen zait erakustea Froomek, txirrindularitza neurtuaren ereduak, bizikletaren haurtzaroko plazer hori berreskuratu zuela Giroan. Giroaren aldeko aldarri bat da Froomen ume baten poz hori.

Pantanirekin amaitzeko tentazioa zenuela diozu. Azken historikoa da?

Bai, izan daiteke. Baina aldi berean oso istorio gogorra da. Ertz asko ditu. Erraza da Pantani epaitzea. Tranpak egin zituen, harrapatu zuten, ez zuen onartu eta esan dezakegu, batzuetan nahiko argi, modu zikinean jokatu zuela. Baina azkeneko egunak idatziz utzi zituen. Oso pertsonaia melankolikoa da. Ziklismoa maite zuen txikitatik, ziklista izan nahi zuen eta berak onartzen du sistema horretan sartu zela bere ametsa betetzeko. Berak sistema elikatu zuen, baina biktima ere izan zen. Oso biktima larri bat. Hil egin zen eta azken urteetan, bere drogadikzioarekin, oso zulo beltzetan sartu zen. Pertsonaia bezala alde miresgarriak ditu, errukia ematen dutenak, amorrua ematen dutenak, haserrea eta azkenean oso istorio tristea da. Izan ere 34 urterekin hil zen. Azken pertsonaia historikoa da baina badauka inoiz joango ez zaion itzal luze bat.

Italiara egin genuen bidaian Gran Sasso igo genuen, Apeninoetan eta han markarik onena Pantanik dauka. Kilometro bakoitzean zenbat denbora zeraman markatzen du. Hori modu kritikoan kontatzea ez zait batere ondo iruditzen. Bai, marka horiek lortu zituen gero heriotzera eraman zuen kontu batengatik.

Egin dezagun fikzioa. Giroa hastera doa. Zeinek ekarri dezake liburu honen reedizio batean kapitulo berri bat?

Oso zaila egiten zait, baina hemendik abiatuta Mikel Landa oso pertsonaia berezia egiten zait. Kirol mailan eman duenetik baino askoz ere oihartzun gehiago izan du. Urteak pasatzen direnean seguru aski berak horren inguruko gogoeta egingo du. Nik hori jasoko nuke gustora. Imajinatu Giroa irabazi ez baina oso gertu geratzen dela aurten, oso gutxigatik galtzen duela, zerbait gertatzen zaiola, literarioagoa iruditzen zait. Eta berak frustazio hori nola gestionatuko lukeen. Fikzioa egiten hasita, hori irudituko litzaidake kasu interesgarri bat. Giroa irabaziko balu 10 minutu aterata agian ez litzateke hain interesgarria. Pertsonaia horiek egiten zaizkit erakargarriak. Beti behar da gatazka txiki bat pertsonaietan eta Landak badauka.