Apirilaren 8an Asanblea Nazionalean onartu zen ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legearen kontra 61 diputatuk Kontseilu Konstituzionalean ezarri zuten helegitea salatu du Estatu frantseseko eskualdeetako hizkuntzen alde ari den Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak. Heldu den egunetan Jean Castex lehen ministroari horri buruz galdetzeko gutuna helaraziko diola jakinarazi du.
Kontseilu Konstituzionalean helegitea ezartzeko eskubidea Gobernuaren izenean presidenteak edo lehen ministroak badute, baina horrela ez egitea erabaki dute; aldiz 61 diputaturen izenean hizkuntza gutxituen kontra ezarritako errekurtsoa Gobernuko beste adar batetik bideratua izan da, Hezkuntza Ministeriotik heldu baita helegitearen testua.
Kontseilu Konstituzionalaren aitzinean legea defenditu behar duena Gobernuko Idazkaritza orokorra da, lehen ministroaren agintepean dena, hori dela eta Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak egoera «groteskoa» dela salatu du.
«Anomalia demokratiko honen aitzinean gure kolektiboak bere haserrea eta sumina ahalik eta zabalen ezagutarazi» nahi duela jakinarazi du. Bide horretan, heldu den egunetan Jean Castexi eskutitza igorriko diote, «momentu honetan Estatu afera gisara» definitu daiteken gai honen gaineko egoera hau argitzeko.
Macron eta Blanquer
Paul Molac diputatu bretoiak aurkeztu zuen lege proposamena Asanblea Nazionalean apirilaren 8an onartua izan eta gero Gobernuak 15 egun zituen promulgatzeko. Epe hori bukatu baino oren batzuk lehenago gehiengoaren 61 diputatuk helegitea egitea deliberatu zuten. «Emmanuel Macronek erabakia atzeratuz helegiteari atea irekita utzi dio, 14. egunean jarria izan zena, legearen promulgazioa etenez horrela» salatu du kolektiboak.
Aldi berean, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren kontseilari batek helegitearen testua idatzi izanak «harrituta» utzi dituela jakinarazi dute, eta Gobernuko bi buruek bere helegite ahala erabili ez dutela ikusirik, ondoko galdera egin dute: «Hezkuntza ministroak, lehen ministroak eta presidenteak aukeratu posizioaren gainetik, esan gabe, bere aldetik egin du?».
Bestalde, errekurtsoa ezarri duten diputatuen izenak eta bertako testua ezagutzera eman ez izana ere agerian eman dute. «Beraien helegitearen arrazoia zein den publikoki agertzeari, eta herritarren aitzinean beraien gain hartzeari uko egin al diezaiokete bi ganberetan onartua izan den lege proposamena izanik?» galdera pausatzearekin batera, hori publikoki agertzea eskatu dute.
Babesak eta errefusak
Legeak babes anitz jaso ditu, diputatuen errekurtsoaren aitzinean. Euskararen, Bretoiaren, Katalanaren eta Okzitanieraren Erakunde Publikoek aho batez «kontsentsu zabala lortzeko asmoz idatzi eta bideratua izan zen legearen aurka jo izana» deitoratu zuten. Hizkuntza gutxituak dituzten eskualdeetako parlamentariak beste hautetsi anitzekin batera helegitea salatu dute.
Euskal Herrian, EEPaz gain erakundeetako ordezkariek eta hautetsiek haien errefusa agertu zuten helegitearen berri izan zutelarik. Antton Curutcharry EEPko presidente eta Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako presidente ordeak helegitearen kontra bat eginik agertu zirena nabarmendu zuen.
Euskal Elkargoaren egoitzan, legearen alde bozkatu zuten Vincent Bru eta Florence Lasserre David diputatuak eta Max Brisson eta Frederique Espagnac senatariak, beste hautetsi batzuekin batera legea babesteko agertu ziren.
Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboko eragile sozial anitzek ere helegitea salatu eta legeari babesa emateko publikoki agertu dira.