Sekulako albiste bikainak datozkigu Ivreatik (Italia). Bertan, Europako Txapelketa burutzen ari da asteburuan zehar eta azkenean euskaldun batek urrea lortu du. Miren Lazkano, 23 urterekin, C1eko finalean azkarrena izan da eta Europako txapeldun bihurtu da.
Oso azkarra izan da gipuzkoarra finalean eta, gainera, ate bakarra ukitu du bere jaitsieran. Hala ere, martxa bat gehiago ipini eta lehen postiuan amaitu du Basque Teameko piraguistak. Bere denbora 102.15 izan da. Tereza Fiserova txekiarra bigarren izan da (102.51, 2 puntuko penalizazioa) eta Elena Apel alemaniarra, hirugarren (104.01, penalizaziorik gabe).
️ | Guillermo Diez-Canedo, seleccionador español de Eslalon: "Miren ha mostrado mucha garra porque ha tenido un fallo en la 3 en el se que ha volcado pero ha sido capaz de resolverlo rápido y eso le ha servido para empujar el resto de la bajada" pic.twitter.com/ZEDy3wZU5D
— PiragüismoEspaña (@RFEPiraguismo) May 9, 2021
Proba amaitzean, Euskadi Irratian bere sentsazioak utzi ditu. «Hasieran arazo bat izan dut. Hirugarren atean bolkatu naiz, ez guztiz, baina bai burua eta dena sartu dudala uretan, eta orduan pensatu dut: ‘o ahora o nunca´. Martxa bat gehiago sartu dut eta ahal dudan hoberen egitera joan naiz. Helmugara iritsi naizenean, harrituta nengoen, goian horrelako ezustea izanda… Baina oso pozik nago. Asko eskertu behar dut lagundu didaten guztiei», azpimarratu du Lazkanok.
«Orain lasaitasun pixkat sentitzen dut, egindako lan guzti horrek zerbaitetarako balio duela ikusten delako», gaineratu du Europako txapeldun berriak. 2014an Vienan egindako Europako Txapelketetan zilarra eskuratu zuen taldekako C1ean, eta brontzea lortu zuen 2018an Pragan, diziplina berean.
Lehenago, finalerdietan, donostiarrak laugarren markarik onena egin du, eta Klara Olazabal bosgarren gelditu da. Finalean, azken honek hamargarren postuan amaitu du finala. Bestalde, zoritxarrez, Ander Elosegi irundarra ez da finalerako sailkatu.
Larunbatean, Maialen Chourrautek zortzigarren postua eskuratu zuen K1eko finalean, bi ate ikutzegatik lau segundoko penalizazioa izanda. Gainera, Joan Crespo ezin izan zen finalerditik pasa.