Covid-19aren erasanak, NBAren erasanak... alde guztietatik geziak eta puntadak jaso ditu TD Systems Baskoniak azken asteetan. Hala, astearte arratsaldeko 18.30etan Joventuten aurka Buesa Arenan ariko den Saski Baskonia 2020-2021 denboraldikoa baino gehiago, hurrengo denboraldi aurrean izango den Saski Baskonia berriaren aurreneko zantzua izango da. Txarrenera, «behin behineko» Baskonia bat.
Apirilaren 18an jokatu zuten gasteiztarrek orain arteko azkenengo neurketa. Egun hartan, Tadas Sedekerskis covid-19ak jota falta zela, Dusko Ivanovicenek 83-94 galdu zuten San Pablo Burgosen aurka. Ordutik aurrera, covid-19 kasuak noiznahi ate-joka azaldu dira Zurbaon –denboraldi guztian zehar ia kasurik gabe eutsi ondoren– eta hainbat partida atzeratu egin behar izan dira; birritan Joventuten aurkako hau edo eguenean Illunben Gipuzkoa Basketen aurka jokatu beharko duena –edo igandeko Unicajaren aurkakoa–.
Hori gutxi ez eta, New York Knicks taldea ere ingurutik pasa da eta Luca Vildoza eraman du, antolatzaile postuan lekua behar omen duela-eta playoffei begira. Operazio horrek pare bat milioi euro laga ditu, antza, Saski Baskoniaren kutxetan eta pandemiak jotako ACB Liga honetan, diru sarrera guztiak dira beharrezko, nahitaezko eta jaioberri bat bezain ongietorriak.
Bada, hauxe da Saski Baskoniaren panorama, baina Dusko Ivanovicen diskurtsoa ez da aldatu. «Denbora hau guztia entrenatu ezinik pasa arren, lan ona egin dugula esango nuke. Bigarren taldeko jokalari gazteek asko lagundu digute gure lana burutzen; erritmoa mantentzeko, bost bosten aurkako entrenamenduak egin ahal izateko... Sasoi onean egongo garela espero dut», adierazi du partida bezperan Montenegrokoak.
Hogeita bi garaipen eta bederatzi porrot ditu uneotan Baskoniak eta ACB Ligako bosgarren postuan dago, Lenovo Tenerifek eta Valentzia Basketek aurrea hartu ondoren. Alabaina, logikoa denez, gasteiztarrek partida gutxiago jokatu dituzte eta Lenovo Tenerife –hirugarren, 26-8 balantzearekin– eta Valentzia –23-11 balantzea aldean, Real Madrili irabazi berritan, laugarren– ez dira harrapaezinak. Ez Dusko Ivanovicen ikuspuntutik, bederen.
«Luca [Vildoza] joan da eta jokalari batzuk oraindik covid-19 ez dute pasa. Beraz, egia da helburua betetzea zailagoa dela, baina helbururik ez dugu aldatzen. Ahal bada, Fase Erregularra hirugarren postuan amaitzea. Ezingo bagenu, ba laugarren; edo azkenean dagokiguna, baina falta zaizkigun bost partidak playoffetara begira ahalik eta egokien jartzeko baliatu behar ditugu», adierazi du Bijelo Poljekoak.
Aurpegi berriak
Vildoza joan zen eta Quino Colom ekarri du bere ordez Saski Baskoniak, denboraldia amaitu arte. Andorrako antolatzailea ez da bere denboraldi onena betetzen ari, egia esan behar bada; Valentzian hasi zuen urte sasoia, baina Jaume Ponsarnau entrenatzaileak garbi utzi zion Van Rossom, Vives eta Hermannsson antolatzaileen atzetik zegoela. Hala, denboraldi erdian Belgradeko Izar Gorrira joan zen, baina han ere, minutu gutxi batzuek izanagatik, entrenatzaile aldaketarekin aukerak ere murriztu zitzaizkion 33 urteko antolatzaileari.
Ikusi egin behar, beraz, zernolako sasoia erakusten duen Quino Colomek. Inork ere ez dio esango saskibaloian nola jokatu, hori bikain egiten baitu Colom anaietan zaharrenak –gaztea Morabanc Andorran dago, Ibon Navarroren esanetara–, baina fisikoki nola dagoen, hor dago koxka.
Hala ere, Colom itxaropentsu azaldu da Saski Baskoniaren webgunean eginiko adierazpenetan. «Baskoniak zugana jotzea harro egoteko modukoa da, Europako talderik onenetakoa baita», adierazi du. Bere iritziz, Pierria Henryrekin ondo moldatuko da antolatzaile postuaren lan banaketan. «Oso ezberdinak gara, baina hargatik nik uste funtziona dezakeela bion arteko lanak», gaineratu du.
Ez da Quino Colom izango astearte arratsaldeko aurpegi berri bakarra Saski Baskoniaren aulkian. Izan ere, denboraldia Zilarreko LEB Ligan jokatu duten Ondrej Hanzlik txekiarra eta Pavel Savkov errusiarra ere jokatzeko prest izango ditu Dusko Ivanovicek. Lan ona egin dute biek ala biek Azpeitian eta hala, Iraurgi Urrezko LEB Ligara igotzeko laguntza handia eman dute, eta hori gutxi balitz, Savkov Errusiako selekzioan izan zen otsaileko «FIBA Lehioan».
«Nola moldatzen diren ikusi behar, gazteak batez ere. Entrenatu, entrenatu dute gurekin, baina entrenamendua gauza bat da eta partida ofiziala, beste bat. Kostako zaio, baina lor dezaketen itxaropena daukat», gaineratu du Ivanovicek.
Aurkaria Badalonako Joventut da, Ligako zazpigarrena 18-15 balantzearekin. Aspaldion Xabi Lopez-Arostegi bizkaitarra ez da jokatzen ari, min hartuta dagoelako, eta Nenad Dimitrijevicek ere Unicajaren aurka belaunean kolpe txarra hartu zuen, nahiz eta badirudien Ipar Mazedoniako antolatzailea jokatzeko moduan egongo ote den –ez, ordea, getxoztarra–. Bestalde, badute Badalonakoek zainekin lehiatua: Pau Ribas, Tomic, Bassas, Ventura eta enparauak ez dira kikiltzen diren horietakoak.
Leonardo Tote pibota, Bilbora
Bestalde, RETAbet Bilbao Basketek Leonardo Tote pibot italiarra fitxatu berri du. Covid-19ak jota daude Balvin, Miniotas eta Kulboka pibotak eta barruan jokatzeko norbait behar du talde bilbotarrak, datorren bi asteeetarako bada ere. Denboraldia amaitu arte fitxatu dute bizkaitarrek; hau da, falta zaizkien bost partidak amaitu arte.
2,11 metro eta 23 urteko jokalari honek Fortitudo Bolonian eman du denboraldia eta, esaterako, Bilbao Basketen aurka ere jokatu du FIBA BCL txapelketan. Italiako Legan 8,6 puntu eta 3,8 errebote lortu ditu batez beste 19 minutuan. Gazte mailako Italiako selekzioetan ere jokatu izan du eta otsaileko «FIBA Lehioetan» ere izan da bere herrialdeko selekzioarekin, nahiz eta minuturik jokatu ez.
Osteguna, GBCren azkena?
Esan gabe doa Gipuzkoa Basketen egoera oso larria dela, Bilbao Basketena baino are larriagoa ia. Hiru partida falta zaizkie donostiarrei Fase Erregularra amaitzeko eta hirurak irabazi ezean, Urrezko LEB Ligara jeitsiko dira. Marcelo Nicolarenen aurreneko partida ostegunean, hilaren 13an Illunben izango da Saski Baskoniaren aurka, 20.30etan hasita. Duela pare bat urte Bilbao Basketekin suertatu zen bezala, Baskoniaren aurka galdu lezake beste euskal talde batek maila.