NAIZ
Donostia

Donostian etxebizitzarekin bizi den larrialdi egoera salatzeko manifestazioa deitu dute

Donostian etxebizitzarekin herritarrek bizi dituzten arazoak gero eta okerragoak direla eta larrialdi egoeran daudela salatzeko manifestazioa deitu dute hilaren 22rako auzo elkarte eta mugimenduek.

Donostian etxebizitzaren egoera salatzeko aurretik egindako mobilizazio bat. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Donostian etxebizitzaren egoera salatzeko aurretik egindako mobilizazio bat. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

«Donostian arazo larria daukagu etxebizitzarekin. Etxebizitza larrialdia bizi dugu. Ez da arazo berria, urteetan luzatzen den egoera zaila eta gogorra da. Baina denbora pasa ahala, konpontzera bideratu ordez okerrera egiten ari dela ikusten ari gara donostiarrok», salatzen dute hilaren 22rako Groseko Kataluniako plazatik abiatuko den manifestazioa deitzen duten auzo elkarte eta mugimenduek.

«Ez da errespetatzen herritarren etxebizitza eskubidea. Espekulazioaren atzaparrak pertsonen eskubideen eta duintasunaren gainetik pasatzen dira eguna joan eta eguna etorri. Hiriko arazo sozial nagusietakoa dena, diru gehien mugitzen duen negozioetako bat da, aldi berean. Eta hori ez da zilegi, izan ere etxeak bizitzeko dira, ez negozio egiteko», gaineratu dute.

Talde hauek dira manifestazioa deitzen dutenak: Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa, Amara Bai Auzo Elkartea, BiziLagunEkin Plataforma, Bidebietako BLP Red Vecinal, Donostiako Okupazio Bulegoa, Donostialdeko Maizterren Sindikatua, Egia 22 Asanblada, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Groseko Hondarpe Auzo Elkartea, Heriz Plataforma, Infernua Bizirik, Azoraren maizterrak, IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea, Kaleratzeak Stop Desahucios Donostialdea, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea eta Saretxe.

«Nazkatuta gaude»

«Donostiarrak nazkatuta gaude. Ez da onargarria eta ez gaude onartzeko prest. Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko bestelako politikak lehentasunez eta urgentziaz ezarri behar dira. Eta horretarako ardura izan behar luketen agintari publikoek espekulazioarekin eta bizilagunen oinarrizko beharrekin negozio egiten dutenen alde gobernatzeari utzi behar diote. Etxebizitzaren prezioak eta, bereziki, alokairuarenak gora eta gora egiten du, funts putreak heldu dira eraikin osoen jabe egin eta bizilagunak kanporatzera, behar gorrian dauden pertsonak babesgabe daude, belaunaldi oso batek bere burua hiritik joatera behartua ikusi du, turistifikazioak hotel eta pisu turistiko bihurtu ditu bizitzeko behar ditugun etxeak…», azaldu dute.

«Aipatutakoak ez dira arazo indibidualak edo pertsonalak. Hiri osoaren, gizarte osoaren, arazoak dira. Hiriaren elitizazioa, gazteriaren kanporatzea, espekulatzaileen botere pilaketa eta auzo-komunitateen desegitea arrisku errealak baina gehiago dira, martxan dauden prozesuak dira», erantsi dute.