Ramon Sola

Arretxek Zabalzarekin batera Intxaurrondon jasandakoa, azkenik euskaraz irakurgai

Euskarazko toponimoa da Intxaurrondo. Euskaldunak dira bertan torturatu dituzten lagun asko eta asko. Baina oraindik ez zen euskaraz argitaratua bere barrutik ateratako lekukotasun gordinetako bat, Ion Arretxek utzitakoa. Ereinek argitaratu du.

Arretxe, Zabalza gogoan eginiko ekitaldi batean Altzan, 2015ean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Arretxe, Zabalza gogoan eginiko ekitaldi batean Altzan, 2015ean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

2017. urtean hil aurretik Intxaurrondon Mikel Zabalza eta beste zenbait lagunekin batera jasandakoa idatzita uzteko denbora eta ausardia izan zituen Ion Arretxek. Baina otsailean zabaldutako audioa eta kasu horri buruzko pelikula zabaltzen hasi direnean, hutsune nabaria agerrarazi da: lekukotasun hori gazteleraz baino ez zegoen, Garaje Negro argitaletxeak argitaratutako ‘La sombra del nogal’en.

Orain euskaraz ere irakurgai izango da Arretxeren kalbario hura, Erein argitaletxeak ‘Intxaurrondo, intxaurraren hostopeko itzala’ argitaratu baitu. «Berandu ibili gara», aitortu du Inazio Mujika Iraola editoreak aurkezpenean, baina garrantzitsuena da lekukotasuna jada hemen dela, torturatuen hizkuntzan idatzia.

Guardia Zibilaren eskuetan pairatutakoa kanporatzeko hiru hamarkada behar izan zituen Arretxek baina azkenean maisuki azaldu zuen dena; ez soilik liburu honetan, ‘Non dago Mikel’ filmerako ere bai. Mujikaren hitzetan, elkarrizketen bizitasuna, gertatutakoaren zehaztapena edota erabilitako umorea («gorroto alerik ez dago») nabarmentzeko moduko balioak dira.

Zeharka, baina aldi berean oso era zuzenean, Mikel Zabalzaren heriotzaren berri dakar liburuak. Izan ere, bi atxilotuek ez zuten Intxaurrondon elkar ikusi (Arretxek ez zuen Zabalza ezagutu, beraz) baina bistan da batek eta besteak jasandako torturak berdin-berdinak izan zirela. Itota hiltzeko zorian izan zen Arretxe ere, bai ibai bazter galdu batean bai eta Intxaurrondoko makrokuartelaren pisu bateko bainuontzian ere. Idazleak hausnartu zuen bezala, 1985ko azaro hartan hil zen Mikel Zabalza baina bera ere geroztik hilda egon zitekeen.

Itzultzailearen zailtasunak eta editore-lagunaren harrotasuna

Josu Zabaletak itzuli du lekukotasuna. Lan zaila izan dela aipatu du, ez delako Txinan gertatu den zerbait, «hemen baizik», eta zenbait erreferentzia nabarmen erdaldunak direlako: «Guardia Zibilak euskaraz egin behar al du?», galdetu behar izan dio bere buruari prozesu honetan. Euskaraz eginez gero, agintea adierazteko guardia zibil horiek hika hitz egin behar zutela iruditu zitzaion. «Gure memoriaren errelatoa euskaraz egin behar dugu», ondorioztatu du azkenik.

Madrildik etorri da Manuel Blanco Chivite aurkezpenean parte hartzeko. Erdarazko edizioaren arduraduna izatez gain, Arretxeren laguna izan zen. Bereziki zinemagintzan aritu zen arren, idazle gisa izan duen maila goraipatu du Blanco Chivitek, Errenterian girotutako ‘Parole, parole’ bere lehen eleberria adibide delarik.

Gero etorriko zen ‘La sombra del nogal’, atxiloketa gertatu zenetik 30 urte pasata idatzia, «handik oso ikututa atera zelako, arnasa hartzeko beharraz». Blanco Chiviteren ustez, «maila moral handia» erakusten du Ion Arretxeren idazteko moduak, guardia zibilak iraindu gabe, gorroto izpirik adierazi gabe, gizatasun aldetik torturatua eta torturatzailearen artean dagoen aldea nabarmentzen jakin zuelako, «gizaki baten eta piztia multzo baten artekoa alegia».

«Ni oso harro nago Ion Arretxe ezagutu izanaz, bai pertsona gisa bai eta idazle gisa ere», amaitu du Garaje Negroren editoreak.