NAIZ

Urietak Araskin jarraituko du eta jada seigarren denboraldia beteko du gorengo mailan

Madelen Urietak hitzarmena berritu du Araskirekin eta seigarren denboraldia beteko du talde arabarra gorengo mailan entrenatzen. Badirudi hurrengo denboraldian taldean zenbait aldaketa egongo direla eta beraz, taldea osatzeko lanetan ere giltzarria izango da kirol zuzendari moduan. 

Madelen Urieta, Lointek Gernikaren aurkako derbian. (Endika PORTILLO / FOKU)
Madelen Urieta, Lointek Gernikaren aurkako derbian. (Endika PORTILLO / FOKU)

Madelen Urietak eta Araskin beraien arteko harremana luzatzea erabaki dute, astearte honetan iragarri legez. Hala, Amurrioko entrenatzaileak seigarren denboraldia beteko du talde gasteiztarra gorengo mailan entrenatzen. 

Badirudi, kontuan hartuta nola amaitu duen denboraldia, aldaketa asko emango direla Araskin hurrengo denboraldiko taldea osatzerako garaian eta osaketa lan horretan ere, zeresana edukiko du Urietak, kirol zuzendaria den heinean. Izan ere, Anna Cruz eta Valeriya Berezhynskaren fitxaketek ez dute eman espero zen hainako emaitza, Tania Perezek saskibaloia utzi behar izan du lesioak direla-eta eta Laura Quevedok ere Araski utzi du, Estudiantes taldera bidean, Tamara Abalderk Lugoko Ensino taldean jokatuko duen bitartean, Maria Erauntzemarugil hegaleko donostiarrarekin batera, esaterako. 

Ezagutza handia dauka Urietak eta beraz, giltzarri izan daiteke hurrengo denboraldi begira. Gainera, Espainiako saskibaloi entrenatzaileen Elkarteak hiru aldiz izendatu du Amurriokoa ligako entrenatzaile onena bezala (2016, 2019 eta 2020) eta duela pare bat urtetatik Espainiako selekzio nagusiaren talde teknikoaren kide da. Aurreikuspenen arabera, Valentzian ekainaren 17tik 27ra jokatuko den Eurobasketean zein Tokioko Joko Olinpikoetan egotea espero da. 

Araskiri dagokionez, bosgarren denboraldia bete du saskibaloiko gorengo mailan. Hamaikagarren bukatu zuen sasoia (12 garaipen eta 18 porrot), oso irregularra izan dena. Bigarren itzuliaren hasieran sentsazioak hobetu zituen baina, lau garaipen segidan erdietsita, baina azken txanpa hiru porrotekin bukatu zuen. 

Talde gasteiztarrak nolabaiteko egonkortasuna lortu du gorengo mailan baina azken bi denboraldiak zailak ari dira izaten ekonomia alorrean –edozein taldek baieztatu dezake hau–. Hala, duela aste bat kanpaina berri bat abiatu zuen, baliabide ekonomikoak erakartzeko asmoz.