NAIZ

Metaleko berdintasun batzordearen blokeoari aurre egingo dio LABek

Bizkaiko metaleko patronala berdintasun batzordearen funtzionamendua oztopatzen tematuta dagoela salatu zuten, atzo, LABek eta CCOOk. Lehenak «beharrezko pausoak» emango dituela iragarri zuen; blokeoari amaiera emateko eskatu zion patronalari bigarrenak.

Metalgintza sektorean emakume kopurua eskasa da. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Metalgintza sektorean emakume kopurua eskasa da. (Monika DEL VALLE/FOKU)

«Diskriminazioarekin bukatzeko eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean urratsak egiteko, hitzarmen honen alde berriro ere borroka egin behar dugu», adierazi zuen atzo LAB sindikatuak metalgintzako berdintasun batzordean patronalak duen blokeo jarrera salatzean. Eta horixe egingo duela iragarri zuen.

CCOO sindikatuak ere metalgintzako enpresen federazioak jarritako oztopoak salatu zituen plazaratutako beste prentsa ohar batean.

Biek gogora ekarri zuten Bizkaiko metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zela batere erraza izan. Lan eta bizi baldintzak aldatuko zituen hitzarmen horrek ikuspegi feminista jaso behar zuela argi zuten langileek. «Bizkaiko metalean emakumeek bizi duten egoera ez da ezezaguna inorentzat. Emakumeen presentzia oso txikia da; izan ere, metaleko enpresa gehienetan debekatuta dute lanean sartzea jendartea osatzen dugunon erdiok, hau da, emakumeok. Eta metaleko enpresa batean sartzea lortzen dutenean lanpostu zehatzetan da, eta gehienetan behin-behineko kontratuekin. Hori dela eta, soldata arrakala betikoentzat da», azaldu zuen LABek.

Hitzarmenarekin asko kostatako aurrerapenak lortu zirela nabarmendu zuen eta patronala berdintasun batzordean esertzea lortu zela, baina «sortu zenetik, bilera guztietan ikusi dugu patronalak ez duela akordio batera iristeko borondaterik».

«Sindikatuok egindako protokolo proposamenak –zehaztu zuen– Emakunderen bermea du, baina patronalak ez dio zilegitasunik aitortzen erakunde horri aholkularitza emateko, eta ez ditu kontuan hartu nahi berdintasun arloan eman dituen irizpideak». Patronalak negoziazioa blokeatu duela salatu zuten, jazarpen protokoloa itxi ezinik. Horren aurrean, batzordean dauden sindikatuek bitartekaritza-eskaera erregistratu zuten ostiralean Lan Harremanetarako Kontseiluan, eta, esan zutenez, patronalak ez dakiela parte hartuko duen erantzun du.