NAIZ
LONDRES

Boris Johnsonek barkamena eskatu du Ballymurphyko heriotzengatik

Erresuma Batuko lehen ministro Boris Johnsonek barkamena eskatu du 1971an armadak Belfasteko Ballymurphy auzoan hil zituen hamar lagunengatik. Barkamen hori Irlanda iparraldeko agintariei igorri die eta familiei ez zaie keinua gustatu, haiekin hitz egin nahi ez izatea leporatuz.

Ballymurphyko biktimetako baten senideak, epaia jakin aurretik. (Paul FAITH / AFP)
Ballymurphyko biktimetako baten senideak, epaia jakin aurretik. (Paul FAITH / AFP)

Boris Johnson lehen ministro britaniarrak barkamena eskatu du 1971n Ballymurphy auzoan 10 zibil hil zituen armadaren operazioagatik. Irlanda iparraldeann egindako ikerketa batek indarraren erabilera bidegabea izan zela eta hildakoak «guztiz errugabeak» ebatzi zuen atzo.

Johnsonek ohar bana igorri die Arlene Foster Irlanda iparraldeko lehen ministroari eta Michelle O 'Neill lehen ministrordeari. «Erresuma Batuko gobernuaren izenean, lehen ministroak barkamena eskatzen du Ballymurphyn izan ziren gertaerengatik eta egiaren bilaketa luzeak eraildakoen familiei eragin dien larritasunagatik», esan du.

Hala ere, mezua agintariei eta ez biktimen familiei igortzeak ez du harrera ona izan. «Barkamena hirugarren batzuentzat izan da, ez Ballymurphy familientzat», adierazi du John Teggartek, Ballymurphyn hil zuten Daniel Teggarten semeak. «Zer nolako iraina da familientzat gurekin hitz egiterik ez izatea? Hori ez da onargarria familientzat, eta ez da inoiz izango. Hau ez da barkamen bat guretzat».

Bide beretik mintzatu da bertan ama galdu zuen Briege Voyle. «Ez zait axola barkamena eskatzea, zergatia jakin nahi dut. Gure maiteak erabat errugabeak ziren, orduan, zergatik egin zieten tiro? Zure barkamenak ez du ezer esan nahi. Defentsa Ministeriora itzultzea eta egia esatea behar dugu, gure talde legalari gure senideak hil zituzten soldaduen izenak esatea eta zergatik hil zituzten galdetzea», adierazi du.

1971ko abuztuaren 9tik 11ra izan ziren hilketak. Ikerketen arabera, soldaduek Ballymurphyko bederatzi lagun hil zituzten. Keegan epaileak ezin izan zuen zehaztu nork hil zuen John McKerr hamargarren biktima. Hori bai, ikerketak nabarmendu egin zuen guztiak errugabeak zirela.