Lagun anitzek bat egin dute gaur goizean BAM (Biarritz-Angelu-Miarritze) inizialak baliaturik antolaturiko ekimenean.
«Ez da salgai» leloa idatzita zuen banderola zabaldu dute itsaslabarrean, Biarritzen bizitoki bat lortzeko herritar gehienek duten arazoa lau haizetara zabalduz.
Itsasargiaren eremuan gauzatu duten ekimenak izan duen «erantzun baikorra» nabarmendu du Eñaut Etxeparebordek.
Biarritzeko Mizanbu gaztetxean biltzen den jendeak jarri zuen martxan aste hasieran ondotik sare sozialen bidez aise zabaldu zen deialdia.
Herri mailan landutako ekimen honek izan duen erantzunak etxebizitzaren gaineko arazoa jendartearengan sortzen duen kezkaren adierazgarri dela uste du Etxeparebordek.
Ehun bat lagunek hartu dute parte protesta ekimenean. (BAM)
«Gazteak soilik ez, adin ezberdinetako jendea hurbildu da gaurko ekimenera etxebizitzaren arazoak oso bestelako jendea hunkitzen duelako», azaldu dio NAIZi.
BAM taldeak agiri baten bidez azaldu duenez «Euskal Herrian eta batez ere euskal kostaldean bizi diren biztanleak gero eta gehiago kexatzen ari dira prezioen emendaketagatik, pixkanaka pixkanaka haien herritik uxatuak direlako eta dakigun gauza bakarra, gauzak ez badira aldatzen, zenbait urteren buruan Iparralde osoa hunkitua izanen dela da».
Arazoa aspalditik badator ere, pandemia garaian etxebizitzen prezioak izan duen gorakadak areagotu du krisia. Higiezin-agentziek beraiek lehenagotik ere «tentsiopean ziren eskualdetan» prezioek %20-30ean emendatu direla aitortzen dute. Biarritz, bistan da, kategoria horretan bete-betean sartzen da.
Bertan, luxuzko apartamentu bat metro koadroa 40.000 euroan saldu zen iaz, gaurko ekimena egin duten lekutik oso urrun ez dagoen Villa Beltza famatuan.
«Ez gira hemen errudunak atzemateko, gu arribatzen gira gure motibaziorik handienarekin erokeria hori lehen bai lehen geldi dadin» nabarmendu du bere oharrean gaur BAM taldeak.
Taldeak gaineratu duenez, «arazoa globala bada ere muina dirua da». Egungo egoerak ondorioak dituela oharraraziz kanpotik gero eta jende gehiago heltzen bada eta euskal herritarrak ezin badira beraien herritan bizi «galdera hau da: nori uzten diogu Euskal Herria? Maite eta errespetatzen dutenei ala bigarren St-Tropez bat egin nahi dutenei, hizkuntza, historia, eta kultura gogotik bazterrean utziz?».
Bestalde, klase arazoari heldu dio taldeak, «postaletan ikusten ez den arren, Baiona, Angelu eta Miarritzeri bizia emandako pertsonak hainbat eta hainbat urtez arrantzaleak, laborariak edota langileak, besteak beste» izan zirela gogoratuz. Horren harira «ez dugu onartzen maite ditugun herriak burgesten ikustea, ez eta handitu giren herrietatik baztertuak izatea», gaineratu dute.
«Euskal Herrian, bigarren etxebizitzek eta higiezinen inbertsioek, eraikuntzen eta prezioen emendaketan baizik ez dute eragina; Ez dugu gure lurrak desitxuratzen eta betoitzen utziko», adierazi dute oharrean.
Sensibilizazio kanpaina Hendaian
Lapurdiko kostan dagoen bigarren etxebizitza kopuru handiak bizitokiak antzematea oraindik ere zailago bilakatzen du. Etxebizitza hoiek gehienak hutsik dauden ia urte guzian.
2017ko datuen arabera, 5.638 bigarren etxe daude Hendaian, eta 673 etxe hutsik daude.
Hendaiako hirian prezioek azken urtean izan duten gorakada agrian uzten dituzten afixak itsatsi dituzte Enbata gaztetxeko lagunek hirian barna problematika salatzen duten afixak itsatsi dituzte.
«Ipar Euskal Herrian, 60m2-ko apartamendu baten batez besteko alokairua 720 eurokoa da, jakinik diru-zama horrek gazteon batez besteko soldataren %54a errepresentatzen duela», nabarmendu du Hendaitz asanbladak.
Hiru lurraldetan eraikitzen diren etxebizitzen %70 bertakoak ez diren pertsonei saltzen dizkietela oroitaraziz «gaur egun, beraz, ezinezkoa zaigu handitu garen herrian bizitzea», salatu du.
«Etxebizitzaren inguruko arazo honek ondorio anitz ditu: prezioen igotzea, aberatsak gehiago aberastea, Euskal Herria frantsestea, kulturaren folklorizazioa, gure lurraldea ‘karta postal’ bat bilakatzea…», gehitu du asanbleak kanpainaren berri emateko banatu duen ohar batean.
Hain zuzen, afixen bidez garatutako infomazio kanpainaren osagarriz mintzaldiak eta hainbat ekimen antolatuko dituztela iragarri dute gazte hendaiarrek.
Hendaian bezala, tokiko dinamikari hauspoa emanez urratsa eman dute gaur Biarritzen.
Lehen ekimena izan da, baina aitzina begira herritar anitzen kezka bilakatu den problematika lantzeko lanean segitzeko nahikri osoa dutela adierazi du Eñaut Etxeparebordek.