Herri Arte Eskola jaio da, sormenez boteretzeko
Kultur aro berri bati ekin nahi diote Errenterian eta hor sartzen da, Lekuona Fabrikarekin batera, Herri Arte Eskola. Irekia da eta hezkuntza balioetan azpimarra jarri nahi du. Diziplinak demokratizatuz, hitza, gorputza, ahotsa landuz, herritarrak ahalduntzea du xede.
Arte diziplinak demokratizatu nahi dituzte; haurrei ahalik eta espektrorik zabalena helarazi. Musika, antzerki eta dantzatik harago, hitza, ahotsa, gorputza ere osagai artistikoak direla aitortu. Hezkuntza balioei garrantzia eman. Sorkuntza, ahots eta gorputz adierazpena indartu, musikaren eta dantzaren eremuan eta horietatik kanpo.
Horrekin batera, publikoa sortzen saiatuko dira, erakusketa eta emanaldien egarri izanen duten kulturazaleak. Herriko artistekin harremanak trinkotzeko asmoa ere badute. Ideia nagusi horiek eman dizkigu irailean martxan jarriko duten Errenteriako Herri Arte Eskolari buruz bertako koordinatzaile pedagogikoak, Beñat Ralla Yustak. Aizpea Otaegi Mitxelena alkateak erantsi du herritarrak txikitatik sormenarekin eta diziplina ezberdinekin, hain ohikoak eta nagusiak ez direnekin harremanetan jartzea eta heztea dela eskolaren helburua.
Duela urte batzuk, kulturak ildo estrategiko garrantzitsua izan behar zuela erabaki zuenean, EH Bildu eta Elkarrekin/Podemos-IUren Udal Gobernuak hainbat proiektu zehaztu zituen, besteak beste, Lekuona Fabrika, laster irekiko dutena eta kultur ehunaren bihotz gisa ikusten dutena, eta, horrekin lotuta, Herri Arte Eskola. Azken horrek 900 eta 1.000 ikasle artean dituen Errenteria Musikal du oinarri eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aitzindaria izanen da. «Aurreko agintaldian pauso bat eman zen, dantza eta musikari antzerkia gehituz, eta orain aldaketa sakonagoa egingo dugu, izena ere berrituz», erran du Otaegik.
Lehen eskaintzen ziren eremuetan ere, musikan, dantzan eta antzerkian, lanketa eginen dute. «Eskola handitzea nahiko genuke; jendeak irekia dela ikustea, hezkuntza balioetan azpimarra jarri nahi duena, gorputza landuko duena, ez bakarrik dantza eginez, ahaldunduz ere bai», adierazi du Rallak. «Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan librexeago gara, baina eskola arautuak gure oinarrizko gorputz adierazpena deuseztatzen du gehienetan. Agertokian oinez ibiltzeko eskatze hutsak sekulakoa dirudi. Baina oinarrizkoa da. Gorputz adierazpen eta kontzientzia hori handitu nahi dugu. Ildo berean, ahotsarekin harreman estu eta osasuntsuagoa izateko ere lan egingo dugu».
Diziplina anitzeko sarbidea
Bidea urratzen hasteko, 4 eta 7 urte bitarteko ikasleak artean jakintza-alor anitzetatik sartzea planteatu dute. «4-5 urteko haurrek gorputz adierazpenean eta musikan oinarritutako saio bana izango dute astean. 6-7 urterekin, bi ildo horiei ahotsaren lanketa eta arte plastiko eta ikusizkoena gehituko zaizkie», zehaztu du koordinatzaile pedagogikoak. Berrikuntza gehiago ere badira: 8 urtetik aitzinera bide bat irekiko dute hitzaren esparruan eta nerabezaroan espezializazio bat hasiko dute: prosa, ipuingintza, olerkia, bertsoa, rapa, podcastak, Wikipedia, blogak… 18 urtetik aurrera gehiago xehatzea da asmoa: gidoigintza, irakurketa literarioa, ipuingintzan sakontzea...
Dantzan, orain arte eman izan dituzten euskal dantza, klake eta balletari dantza garaikidea eta urbanoa batuko zaizkie. Musikan, alboka, dultzaina eta ahotsa izanen dira ikasi ahalko diren instrumentu berriak. Errenteria Musikal bezalaxe, adin eta jatorri guztietako ikasleei zabaldua egonen da eskola.
Egunotan matrikulazio fasean daude bete-betean. Asteon egun ikasle direnak beren matrikula berritzen edo aldaketak egiten ari dira eta aste honetatik aurrera irekiko dira ikasle berrientzako epeak. Erakutsiko dituzten jakintza berrietarako irakasle berriak kontratatzeko prozesuan ere badaude. Espazio berriak ere beharko dituzte. «Gaur egun daukagun espazioaren gehigarriak beharko ditugu, baita espazioen barruan berregokitzeak ere», agertu du Beñat Rallak.
Altzatarra da Ralla. Ingeniaritza ikasi zuen, baina txikitatik izan da kulturazalea eta, Musikenen goi mailako musika pedagogia egin ondotik, metodologia berezi batek erakarrita, Suitzan eman zituen hiru urte. Lehen Hezkuntzako Irakasletza egin zuen EHUn, Mondragon Unibertsitatean hasi zen irakasle, EHUn ere ibili zen, eta hezkuntza arautuan etapa guztietan du esperientzia. Genevatik bueltan sortu zuen dantza garaikide konpainian ere badabil. Errenteriako Herri Arte Eskolaren koordinatzaile pedagogikoa da duela urtebete ingurutik.
«Berariaz sortutako funtzioa da, eskola hau izango denaren proposamena gauzatzeko». Gurasoekin harremanetan dago, komunitatea aktibatzen saiatzen ari da, ikasleak zipriztindu daitezen, eta hori ahalik eta erarik sortzaileenean egiten du. Ikasturtea antolatzen ari da irakasleekin batera eta herriko zenbait eragilerekin kontaktuan. Aniztasun sailarekin proiektu batean dabil, ijitoak eskolara bertaratu daitezen. «Azterketa bat egiten ari gara herriko jatorri eta kultur aniztasuna zenbateraino islatzen den ikusteko. Desorekarik baldin bada, indarra egin beharko dugu. Zehar lerroak dira».
Irailetik aitzinera, paperaren gainean egindako diseinua errealitatera eramatean, jarraipena egitea tokatuko zaio: nola egokitzen den ikustea, sakontzea eta doitzea.
Herria eraldatzeko aukera
Lekuona Fabrikaren gisara, udal baliabidea da Herri Arte Eskola. Aizpea Otaegi Mitxelena Errenteriako EH Bilduko alkateak halaxe azaldu du kudeaketa eredua: «Eskola udal patronatu bat edukitzetik dator eta ibilbide bat egin behar du kudeaketan, baina udal irakasleek eskaintzen dituzten eskolak eta eragileek eskaintzen dituztenak osagarriak izatea planteatzen dugu. Saretzea da asmoa, sortzaileek ekarpena egin dezaten. Beti egongo da komunitateari begira, harremanak egiteko eta osagarritasuna bilatzeko asmoz».
Jakina da Errenteria hagitz herri bizia dela, kultur ehun zabalekoa. Eta oinarri hori baliatuta apustu garbia egin du Udalak kulturaren eta sorkuntzaren garapenerako baliabideak eta aukerak ugaritzeko, «kulturak pertsonak garatzeko eta sozioekonomikoki herria bera eraldatzeko» aukera eman dezakeela ulertuta. Bide horretan, udal ekipamenduek herriko ehunarekin eraiki dezaketen harremanari garrantzi handia ematen diote. «Herri Arte Eskolak eta Lekuona Fabrikak gai izan behar dute gure kultur ehuna artikulatzeko eta sarean lan egiteko, elkar eraginez», nabarmendu du alkateak.
Lekuona fabrikari herritarrek emanen diote izaera
«Lekuona Fabrikak topagune bat izan nahi du herritarrentzat, baita kulturarako sarbidea eta pertsona orok bere sormena bilatzeko espazio ezin hobea ere», azaldu du Aizpea Otaegi Errenteriako EH Bilduko alkateak. Herrian dituzten bertze kultur ekipamendu batzuk ditu osagarri, besteren artean Herri Arte Eskola. «Lekuona Fabrikak baliabide batzuk eskaintzen ditu eta herritarrek baliatzea nahi dugu, beraien sormenaren bidez proiektuak fabrikatzeko. Interes amankomunak dituztenei elkarrekin lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkiegu». Azpiegitura eta ekipamendua jarriko dituzte, hortaz, baina «nortasuna herritarrek berek emango diote».
Lekuonak Errenteriako kultur ehunaren erdigunea izan behar duela uste du EH Bilduk eta Elkarrekin/Podemos-IUk koalizioan gobernatzen duten Udalak. «Jauzi kualitatibo handia ematea ekarriko du. Dentsitate eta abiadura handiagoa».
Maiatzaren 27an zabalduko dute, eta hortik aurrera herritarrek “okupatzeko” aukera izango dute. Jada hasita daude egunero bisita gidatuak egiten, eraikina eta ekipamendua erakusteko eta proiektua partekatzeko. Oiartzun ibaiaren bazterrean dago eraikina, Lekuona okindegia zegoen tokian. “Fabrika” izenarekin keinu bat egin nahi diote Errenteria izan den herri industrializatuari. «Ez dakit iragan industrial hori ahaztuta dugun, baina ezabatuta dago gure hiriko paisaiatik. Lekuonak ondare industrialari balioa emateko asmoa du eta, aldi berean, kulturaren aldeko apustua irudikatu nahi du: kultura fabrikatzera pasatu nahi dugu. Gure etorkizuneko heldulekua da».
Ikusgarria da, ekipamendu garrantzitsua, «mimo handiz» hornitua. Liburutegi nagusia bertan egonen da, baita auditorium bat ere, hagitz moldagarria eta jende aunitz hartzeko modukoa. «Erakustokiaren ideiatik urrundu nahian, ‘sorlekua’ deitu diogu. Baina bere programazioa ere edukiko du». Errenterian egin izan diren erresidentzia eta mediazio programei bultzada handi bat ematea da asmoa.
Gidaritza partekatu batera salto egin dute: Udalak eramanen du bertako konpainia egoiliarrekin, Dejabu eta Kukairekin. «Horrek jendartean ainguratzen du fabrika. Publikoaren eta komunitarioaren zentzua hartzen dute proiektuek», agertu du Otaegik.