Atsedenaldiaren hondarrean 7-2ko partzialaren ondotik, markagailu erosoa finkatu du Bidasoa Irunek Puente Genilen aurkako norgehiagokan. Hasieratik aurretik joan dira irundarrak eta konfiantza osoz egin diote aurre 32. jardunaldiko norgehiagokari. Gainera, bi jardunaldiren faltan, bigarren postua ziurtatzea lortu du talde gipuzkoarrak –alegia, beste urte batez Europan jokatuko du–, hirugarren sailkatua den Bada Huescari sei puntuko aldea ateratzen baitio.
AMAAAAIERAAAAAAA ETA EUROPARAAAAAAA!!! GOAZEEEEEEEN!!!!
— CD Bidasoa Irun (@CDBidasoaIrun) May 15, 2021
#LigaSacyrASOBAL. 32. jardunaldia.
Artaleku.
Bidasoa Irun 31-28 @AngelXimenezBM.
@txingudiradio.
Zuzenean: https://t.co/ugD94KMAOw#BIDPGE #liveASOBAL #AupaBidasoa https://t.co/pY8YRuI7oC pic.twitter.com/DmvL5VNqKb
Hori horrela, ezin emaitza bikainagoa eskuratu dute Cuetararen gizonek. Bigarren zatiaren hasieran golarekin topatzea zertxobait gehiago kosta bazaie ere –hamargarren minutuan gol bakarra egin dute– atsedenaldian markatu duen zazpi goleko aldea gehiegi izan da Puente Genilentzat.
Hala, 45. minuturako berriro sei goleko aldea inposatu dute etxekoek. Gehienez ere, lau golera hurbildu dira kanpokoak –azken txanpan hirukoa izan da errenta– baina ezin izan dute etxekoen nagusitasuna zalantzan jarri.
Rodrigo Salinas izan da neurketako golegile nagusia zazpi golekin –horietariko bost lehen zatian egin ditu–.
Gauzak estuago Huescan (26-26)
Huescan, aldiz, gauzak estuago egon dira. Anaitasunak ondo estutu du Aragoiko taldea, Asobal ligako hirugarren sailkatua, eta azkenean berdinketa on bat ekarriko du Iruñeara. Markagailua oso parekatua egon da neurketa osoan –hala azaltzen dute bost minutuko partzialek, zeinetan lau berdinketa egon diren–.
Talde iruindarrak lortu du markagailuan aurretik jartzea, solik gol bategatik izan bada ere. Aldea murritza izanda, kosta zaie errenta mantentzea eta atsedenaldiaren hondarrean, etxeko taldeak markagailua irauli du.
Ordutik, atsedenalditik bueltan, nafarrek ezin izan dute aurrea hartu baina neurketan bizirik jarraitu dute. Hamar minuturen faltan, hobeitabana golera berdindu dute eta bizi-bizi egon da lehia azken unera arte. Nolascok hirugarren hutsartea eskatu behar izan du 30 segundoren faltan, azken baloi jabetza ez galdu eta hala 26-25eko markagailuarekin garaipena eskuratu ahal izateko.
Etxeko jokalariek ez dute behar bezala egin entrenatzaileak eskatutakoa eta beraz, Anaitasunari berdintzeko aukera eman dio eta ederki probestu du Xabier Etxeberriak.
Berdinketa honekin, hamargarren postuan jarraituko du Anaitasunak, 33 punturekin.