Datorren urteko Emakumeen Endesa Ligari begira, Kutxabank Araskik Laura Pardo kapitainari kontratua berriztu dio. Bere 31 urteekin, hegal-pibot gasteiztarrak Araskik elitean egingo duen seigarren denboraldian taldeko kapitain izaten jarraituko du, Araskin beteko duen hamaikagarren urtean.
Araski «Laurarik» gabe ez da ulertzen, ezta Laura Pardo Araski gabe ere. Dagoeneko hamar denboraldi bete ditu etxeko taldean, eta ez dago besterik berak baino partida gehiago jokatu duenik Araskiren kamisetarekin, 200 partida jokatu baititu Emakumeen Ligako aurreneko eta bigarren mailan.
Laura Pardo etxeko jokalariaren eredua da, eta etxeko izateaz gain, eskarmentua eta uztaipean beti erakusten duen talentua eta jakituria baliatuko ditu Madelen Urietak zuzentzen jarraituko duen taldearen alde. Beste izar batzuek egingo dute dizdira, baina izen berriak iristen diren bitartean, klubaren oinarria sendotzera dator Laura Pardoren kontratu berritzea.
Pasa den urte sasoia ez da nahi bezala irten Araskiren interesei begira. Anna Cruz, izar izateko egin zuen fitxaketak, Zaragozara alde egin zuen abuztuan; Valeriya Berezhynska ukrainiarra, denboraldi erdian fitxatu ondoren, uste baino eskasago aritu da, eta lesioek jota, Tania Perezek erretiroa hartu behar izan du. Kopatik eta playoffetatik at geratu da Araski, eta sasoia amaitzeaz bat, Laura Quevedo eta Tamara Abalde joan egin dira.