NAIZ

Sorturen ekimena Granadan txertoen patenteen liberalizazioa aldarrikatzeko

Sortu, SAT sindikatuarekin elkarlanean, txertoen patenteen liberalizazioa aldarrikatzeko ekimen bat egin du Granadan dagoen enpresa batean. «Txertoak Herriarentzat. No Patents. Vacuna gratuita y universal» leloa duen pankarta erraldoia eskegi du.

Sortuk txertoen patenteen liberalizazioa aldarrikatu du Granadan covid-19aren txertoa ekoizten duen enpresa batean, GUE/NGLren "No Profit on Pandemic" kanpainarekin bat eginez. 

«Pandemiari aurre egin ahal izateko burujabetza ere aldarrikatu dugu», adierazi du koalizio abertzaleak, Moderna txertoa ekoizten duen Laboratorios F. ROVI enpresaren sabaitik "Txertoak Herriarentzat. No Patents. Vacuna gratuita y universal" leloa duen pankarta erraldoia eskegi duenak.

Ohar batean azaldu duenez, «izurria dela eta, emergentzia estatuen ezarpena herritarren osasuna lehenesteko baino, aukera ekonomiko itzel gisa hartu dute elite politiko eta ekonomikoek, funts publikoak enpresa pribatuetara transferituz».

Sorturen ustez, «onartezina da pandemia betean enpresa farmazeutikoek txertoen ekoizpen eta banaketarekin negozioa egitea, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak bereiziz, bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren eta posta kodearen arabera».

«Kapitalismoak arazoak konpontzen lagundu beharrean, larriagotu egiten ditu. Pandemia desberdintasun sozialak eta ekonomikoak areagotzen ari da, eta agintariek ez dute konprenitu nahi izan osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik. Edo beste era batera esanda, honetatik ez garela aterako ez bagara guztiok irteten, mundu-mailako inmunitatea lortu ezean birusak zirkulazioan jarraituko baitu», gaineratu du.

Bestetik, Euskal Herriak duen erabakiak hartzeko gaitasun mugatua agerian geratu dela adierazi du Sortuk. «Madrilen eta Parisen irizpideen menpeko gara. Are gehiago: burujabetza materialaz hitz egiten badugu, esanguratsua da Euskal Herrian ez dagoela covid-19ren aurkako txertoak ekoizten dituen enpresarik».

Sortuk  SAT sindikatuarekin elkarlanean egin du ekimena. Herritarrei, «elkar zaintzeko eta eskubide kolektiboen alde kalean borrokatzeko deia egin» diete.