NAIZ

Berdintasunezko jaiak bultzatzeko udalerrietako «laborategiak» sortzea proposatu du Emakundek

Herrietako jaiak berdintasunezkoak eta bereizkeriarik gabekoak izan daitezen bultzatzeko «hausnarketarako eta lanerako» gune gisa ulertutako udal-laborategiak sortzea da Emakundek EAEko bederatzi udalerrien artean bultzatutako azterlan baten gomendioetako bat.

Margaret Bullen, Izaskun Landaida eta Lidia Montesinos, azterlanaren aurkezpenean. (EMAKUNDE)
Margaret Bullen, Izaskun Landaida eta Lidia Montesinos, azterlanaren aurkezpenean. (EMAKUNDE)

Emakundek ‘Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak’ txostena ondu du, eta bertan, EAEko bederatzi herrietako jaietan garatutako aldaketak aztertu dira, jaietako eredu parte-hartzaileagoa eta berdinzaleagoa ekar dezaketen erronkak identifikatzeko.

Aurkezpenean, Izaskun Lanlaida Emakundeko zuzendariaz gain gain, Margaret Bullen eta Lidia Montesinos izan dira, azterlanaren egileak biak.

Lan honek Gasteizko, Amurrioko eta Laudioko jaietan (Araban); Bilbon, Berrizen eta Gernikan (Bizkaian); eta Donostian, Tolosan eta Antzuolan (Gipuzkoan) egin diren aldaketak aztertzen ditu, eta ondorio gisa ondokoa aletu du: «Jaietako balio, tradizio eta ohituren transmisioak ez du aitzakia izan behar bereizkeriazko praktikei eusteko». Deigarria da, ondorioa hau izanik, urtero berdintasuna auzitan jartzen duten Hondarribia eta Irungo alardeak ez direla azterlanerako aukeratu.

Aipatu udalerrietan gertatutakoak hartzen ditu adibide gisa, eta mugimendu feministen esku-hartzea nabarmentzen du, emakumeek gertaera horietan «erabateko parte-hartzea» eragozten duten argudio «misoginoen» erabilera ikusarazi eta deuseztatzeko lanetan.

Feminismoa jaietako batzordeen bidez instituzioetan sartu dela kontatzen du, eta aldarrikapenak udaletxeetako berdintasun-politiketan islatu direla. Horri esker, «genero-arazoak» agerian geratu dira kultura-esparruetan ere.

Formula magikorik ez

Ikerketaren arabera, aztertutako udalerrietan ez dago berdintasunezko jaiak lortu dituen «formula edo errezeta magikorik», baina «jai-mota bakoitzerako, herri bakoitzaren ezaugarrietarako eta gizarte-osaerarako oso egokiak diren prozesu bereziak» garatu dira.

Prozesu horiek, batzuetan, gatazka bidez sortzen dira, eta beste batzuetan, «modu diskretuan eta barrutik, jendea konbentzituz». Alde horretatik, txostenak azpimarratzen du Hondarribiko eta Irungo alardeetan sortzen den gatazka dela adibide bat: «Ez da erreplikatu edo errepikatu behar».

Emakundek txostenean jasotzen diren gomendio batzuk aurreratu ditu, eta horien artean nabarmendu du herri bakoitzean «laborategi» bat sortu daitekeela jaien inguruan, «hausnarketarako eta lanerako gune» gisa funtzionatuko duena eta, era berean, tokiko laborategi guztiek bat egingo duten «eskualdeko, tokiko edo autonomia-erkidegoko» beste gune batzuetara zabalduko dena.

Halaber, aholkatzen du udal teknikariak berdintasunean eta parte-hartzearen eta prozesuen bitartekaritzaren arloan prestatzea, eta horiek gainerako erakundeetan funtzio bera duten langileekin harremanetan egotea. Era berean, udalerrien, foru aldundien eta erakunde autonomikoen arteko koordinazioa proposatzen du.

Era berean, azterketan azaltzen da herritarrak jaietako sinboloen eta tradizioen historiari buruz formatu behar direla, haien logikak ulertzeko eta berdintasunezkoagoak diren parte hartzeko moduak bilatzeko.