Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Koaliziorik gabe eta «agindutakoa betetzeko prest» berritu du kargua Sturgeonek

Gaur berritu du Eskoziako lehen ministro kargua Nicola Sturgeonek. Kanpainan egindako promesak betetzeko «erabat konprometituta» aurkeztu du bere burua. Gobernua SNPk bakarrik osatuko du, Alderdi Berdearekin gehiengoa sortzeko koalizioa baztertuz.

Sturgeon, Holyroodeko Parlamentuan. (Russel CHEYNE / AFP)
Sturgeon, Holyroodeko Parlamentuan. (Russel CHEYNE / AFP)

SNPk gehiengorik gabeko Gobernua osatuko du Eskozian. Gaur berritu du premier kargua Nicola Sturgeonek eta, aurreratu dutenez, datozen egunetan emanen du jakitera bere gobernu berria, zeinetan oraingoan ere ez den Alderdi Berdeko kiderik egonen.

Gehiengo osotik eserleku batera geratu zen SNP, 64 hautetsi eskuratuta. Kontserbadoreek 31 lortu zituzten, laboristek 22, Berdeek zortzi eta liberal-demokratek lau. Hauteskunde kanpainan, Patrick Harvie eta Lorna Slater berdeen buruzagiek argi utzi zuten euren alderdia gobernu akordio batera irekita zegoela, baina ez da horrelakorik gauzatuko.

Izan ere, praktikan, ez dute behar. Aurreko astean Alison Johnstone parlamentari berdea aukeratu zuten Holyroodeko Parlamentuko lehendakari gisa eta honek balizko bozketetan, SNPrentzako eszenatokirik txarrenean, 64-64 berdinketa bermatzen du. 

Hala ere, berdeen babesa auzi askotan izango du SNPk. Ipar Itsasoko gas eta petrolioaren kudeaketa da zatiketa sortzen duen apurretako bat. Atzo bertan, Harviek, hamarkada baten buruan ekoizpen horren amaiera exijituko zuela berretsi zuen eta SNPk, aldiz, petrolioa eta gasa «gure konbinazio energetikoaren zati garrantzitsua izaten jarraitzen duela» dio, nahiz-eta erregai garbiagoetara pasatzeko konpromisoa hartu duen.

«SNPk oraindik ez du petrolioaren eta gasaren erauzketa geldiarazteko konpromisorik hartu, eta uste dut ez dela zentzuzkoa. Ez da segurua, eta ez dator bat nazioarteko akordioekin», gehitu zuen Harviek.

Erreferenduma, pausaz

Maiatzaren 6an egin zituzten hauteskundeak Eskozian eta aurreko egun eta asteak, zita horretaz baino, balizko bigarren independentzia erreferendum baten ingurukoak izan ziren. Eztabaida orok eramaten zuen puntu horretara. Ia bi aste igarota, pausaz hartu dute independentista eskoziarrek erronka.

Sturgeoek argi utzi du galdeketa hori antolatu nahi duela, baina beti koronabirusak sortutako krisia gainditzerakoan. Alex Salmonden Alba alderdi berria, ordea, lan horiek hauteskundeen biharamunean hasteko promesarekin aurkeztu zen lehiara. Eskoziarrek baina, babes argia eman diote Sturgeonen planteamenduari eta Salmond Ganbaratik kanpo utzi dute.

Eta apostu hori berretsi du eskoziar agintariak. «Laugarren agintaldia dugu jarraian, eta asko dago egiteko. SNPren gobernu eskoziarra erabat konprometituta dago hauteskunde kanpainan eskoziar herriari egindako promesak betetzera», azpimarratu du. Puntu horretan bai Berdeen babesa aurkituko dute. Izan ere hauek Londresekin akordio bat bilatzearen aldeko hautua egiten dute, nahiz eta «beste aukera batzuk», zeintzuk diren zehaztu gabe, ez baztertu.

«Demokrazia parlamentarioa edonola neurtuta ere, legealdi honetan erreferenduma egiteko agindu argia dago», adierazi du Sturgeonek behin kargua hartuta. Eta Londresi ere zuzendu zaio: «Demokraziaren intereserako garrantzitsua da hori aitortzea eta errespetatzea».

Herritarren agindu hori «arduraz eta umiltasunez» betetzeko konpromisoa hartu du, «Covidaren krisia behin igarota».