NAIZ

Espetxe politikaren biktimei aitortza nola egin eztabaidatzeko deia egin dute

Etxeratek eta Egiari Zor Fundazioak bat egin dute «Euskal Herriak bizi duen eraikuntza une honetan, salbuespenezko espetxe politikaren ondoriozko indarkeria jasan duten pertsonen eskubideak bermatzeko beharra» azpimarratzean. Aitortza nola egin eztabaidatzen hasteko deia egin dute.

Egiari Zor Fundazioak eta Etxeratek elkarrekin eman dute prentsaurrekoa asteartean Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Egiari Zor Fundazioak eta Etxeratek elkarrekin eman dute prentsaurrekoa asteartean Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskal Herriak bizi duen «eraikuntza garai berri» honetan, salbuespenezko kartzela politikaren biktimei «errekonozimendu ofiziala eta erreparazioa nola eskaini» eztabaidatzen hasteko unea dela nabarmendu dute Egiari Zor Fundazioak eta Etxerat elkarteak, «ekimen sinbolikoetatik harago». Gaur egun, horretarako prest dagoen gehiengo politiko eta soziala dagoela esan dute.

Gehiengo horrek lehen pausoa eman duela azaldu dute bi erakundeek Bilbon elkarrekin emandako prentsaurrekoan. «Berriki, Lasarte-Oria, Soraluze, Tolosa, Getxo, Laudio, Zierbena, Otxandi eta Ugaoko Osoko Bilkurek (lehenago Iruñean eta Berriozarren gertatu moduan) aitorpen sinbolikoa egin diote presoen senideek urruntzea eta sakabanaketa direla-eta jasandako sufrimenduari».

Ildo horretan, Egiari Zor Fundazioak eta Etxeratek jakinarazi dute Lakuaren Estatuak egindako giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Legearen esparruan, sakabanaketaren ondorioz hildako pertsonen eskaerak aurkeztu dituztela, deialdia zabalik dagoen urteei dagozkienak (1979-1999), jakinik Legea ez dagoela berariaz bideratuta kasu horiek aitortzera eta erreparatzera.

35 preso eta 16 senide eta lagun

Bi erakundeek agertu dutenez, salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz 35 euskal preso politiko (2011tik, 13) eta horien 16 senide eta lagun hil dira. Gainera, beste bi pertsonak bere buruaz beste egin zuten espetxeratzea saihesteko.

«Guztietan, salbuespenezko neurri politikoen aplikazioa erabakigarria izan da», azpimarratu dute: «Presoak sakabanatzea eta urruntzea; behar den osasun-arreta ukatzea; tratamenduak jasotzeko zailtasunak; atzerapen bidegabeak ospitaleratzeetan edo ebakuntzetan; gaixotasun sendaezinen aurrean protokoloak berandu eta modu arbitrarioan aplikatzea; bizi-baldintza gogorrak erregimen itxietan, isolamendu luzeak, eta abar».

Mugimenduak

Etxeratek eta Egiari Zorrek azaldu dutenez, lehen aldiz aitortza legeak daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, «eta baita, espero dezagun, Nafarroan ere». «Txostenak ditugu, nazioarteko protokoloen bidez, azken 60 urteetan torturatutako pertsonen kopurua zein izan den aditzera ematen dutenak; pixkanaka-pixkanaka, salbuespenezko espetxe politika aplikatzeko baliatu diren neurrietako batzuk amaitzeko bidean aurrera egiten ari gara, astero lekualdaketa eta aberriratze berriak gertatzen baitira».

Baina, era berean, ikusten dute oraindik denbora luzea beharko dela euskal presoei legeria arrunta aplikatzeko eta baimenak eta baldintzapeko askatasunak lortzeko. «Oraindik ere badira gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak, kondena luzeak betetzen; 7/2003 Legea blokeoa da espetxe politika humanizatzeko bidean, euskal gehiengo politikoak eskatzen duen bezala; Estatuaren biktimak bide judizialetik bidezko tratua borrokatzera behartuta daude oraindik ere, eta horrek beren berbiktimazioa ekartzen du; edota, Gasteiz eta Iruñeko exekutiboek onartutako legeek ez diote justiziarako eskubiderik eta diskriminaziorik gabeko tratua bermatuko biktima askori», agertu dute.