NAIZ

Aldekoak «euskal Netflix bat» sortzeko EITBren apustua iragarri du

EiTBko zuzendari den Andoni Aldekoak Gasteizko Legebiltzarrean egin du iragarpena. OTT (Over-The-Top) plataforma bat izango da, «euskal Netflix bat». «Ez da euskara hutsezko plataforma bat izango, baina bere egitekoen artean euskarazko edukiak zabaltzea egongo da», adierazi du.

Andoni Aldekoa, Legebiltzarrean egin zuen aurreko agerraldi batean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Andoni Aldekoa, Legebiltzarrean egin zuen aurreko agerraldi batean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Andoni Aldekoa EiTBko zuzendari nagusiak «euskal Netflix bat» martxan jartzeko apustua iragarri du. EiTBren ikus-entzunezko ekoizpena eta EAEn sortzen diren beste film, telesail, dokumental, ikuskizun eta edukiak kontsumitzeko «nazioarteko leiho» gisa aurkeztu du. «Funtsezkoa da EiTB euskarazko edukiekin egotea, gazteek euskaraz kontsumitzea nahi badugu», defendatu du.

Gasteizko Legebiltzarreko EITBren Kontrolerako Batzordeak Aldekoaren agerraldia hartu du asteazken honetan, EH Bilduk eskatuta, datozen lau urteetarako euskal irrati-telebista publikoaren proiektua azaltzeko.

Aldekoak jakinarazi duenez, dagoeneko lanean ari diren hamar talde jarri ditu martxan, enpresako ehun pertsona baino gehiagoren inplikazioarekin, «EITB 2030 ikuspegiarekin eta EiTB 2025 proiektuekin».

Azaldu duenez, OTT (Over-The-Top) plataforma bat izango da, «euskal Netflix bat». «Ez da euskara hutsezko plataforma bat izango, baina bere egitekoen artean euskarazko edukiak zabaltzea egongo da», adierazi du. «Gaur egungo ikus-entzunezko agertokian plataformak funtsezkoak eta erreferente geldiezina» direla azaldu du Aldekoak, eta, beraz, «Euskadik eta euskarak gero eta handiagoa den kontsumo digitalaren espazio hori irabazi behar dute».

Zentzu horretan «euskara plataformen munduan sartzen ez bada, ikus-entzunezko kontsumoan geldituta geratuko dela», azpimarratu du Aldekoak. Hori dela eta, EiTBk «aurrerapauso bat eman behar du eta erronka hori espiritu ireki eta partekatuarekin onartu behar du, ez EiTBren plataforma izateko, baizik eta euskal plataforma izateko», gaineratu du.