Dinosauroen iraungintzea azaltzeko, egun nekez pentsatu daiteke meteorito baten inpaktua ez den beste hipotesirik onartzen denik. Haatik, 1980an Luis eta Walter Alvarez aita-semeen taldeak ‘Science’ aldizkarian susmo hau plazaratu zuenean, honek ez zuen aldeko ahotsik aurkitu komunitate zientifikoaren artean.
Gairai hartan, Walter Alvarez arroken magnetismoaren inguruko ikerketa batean murgilduta zegoen, eta duela 65 milioi urteko Kretazeo eta Tertziario aro arteko geruzetatik hartutako laginak bere aitarengana eraman zituen, fisikari Nobel sariduna zen Luis Alvarezengana alegia. Geruza horiek iridioz beteta aurkitu zituzten, eta Lurrean ez dago ia iridiorik.
Hortaz, Alvareztarren hipotesiak parte bi ditu. Lehenengoaren arabera, asteroide erraldoi batek jo zuen lurraren kontra duela 65 milioi urte. Bigarrenak dioenez, inpaktu osteko ingurune-baldintza berriek eragin zuten suntsipena.
Kepa Altonaga (Loiou, 1958) biologoak ardatz horren inguruan idatzi du asteazken honetan Pamiela argitaletxearekin eta Jose Angel Irigiarayrekin batera Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu duen ‘Iridioaren mintzoa’ saiakeran.
Eztabaida zientifikoetan eta gizateriaren historian izurgarrizko garrantzia izan duen gaia, ordea, «gure ikuspegitik kontatzen du» Irigarayren esanetan, «gure parametroetara» ekarriz eta «gure kokatzeko moduari ekarpena» eginez.
Hala, «estilo propio» batekin, eta umore eta ironiaren bitartez «literatur kutsua» emanez, «erraz» azaltzen du Irigarayren iritziz dibulgazio-lana: «Ez dakit nondik joko duen, baina badakizu gure jakintza maila igoko duela».
«Hara eta hona» denboran eta espazioan
Ildo horretan, Altonagak berak azaldu du ‘Iridioaren mintzoa’-n ez dugula irakurketa lineala aurkituko, joan-etorriak baizik. Izan ere, Aixerrotako amilburuetatik abiatuta, «era kilikor» batean eramango du irakurlea hara eta hona denboran eta espazioan.
Dena den, Alvareztarren hipostesira iritsi baino lehen, Luis Alvarez Hiroshimako bonbaren gibelondoak aztertu zituen zientzialari «gaiztoaren» bizipenetan ere murgiltzen da bere lana, Manhattan proiektuan parte hartu eta gerora 1968an Fisikako Nobel saria irabaziko zuena.
Altonagak Euskal Herrian aritutako pertsona zientifikoen ekarpena plazaratzeko publikatutako saiakeretan ez bezala, Hiroshimako istorio honetan euskaldunik ez dagoela argi uzten du sinopsian, «Bitaño idazle izurtzarrak esandakoaren kontra».
Bestalde, saiakera gehienak hirugarren pertsonan diren arren, lan honetan Altonagak lehen pertsonan kontatutako kronologia pertsonal batera jo duela azaldu du idazleak. «1980an plazaratu zen hipotesia eta justu urte horretan soldadutzara joan nintzen. Paraleloan, nire begietatik… kontatzen dut».
Garapen pertsonala egon dela jakitun, «bizitasun bat» emango dio horrek saiakerari, «errealago, egiazkoago» egiteko irakurlearen aurrean eta gaur arte dirauen kontrobertsia zientifikoa bere ikuspuntutik azaltzeko.